INFO

Erabakiorra inoiz ez, baina lan sendoak abantaila ona eman dio Bera Berari Lisboan (28-30)

Partida nola joan den ikusita, nahi baino gol abantaila gutxiagorekin –bi golekoa, zortzi aldekoa izan duenean– bueltatuko dira donostiarrak datorren larunbatean, etxean, Benficaren aurka EHF European Leagueko itzulekoa jokatzeko eta hirugarren kanporaketarako txartela eskuratzeko.

Carmen Arroyok oso partida serioa egin du Lisboan eta zazpi golekin amaitu du. (SUPER AMARA BERA BERA)

Super Amara Bera Beraren aurtengo helburu nagusia Europako multzoen fasean egotea da, eta igande honetan pauso bat eman du aurrera –nahi baino txikiagoa partida nola joan den ikusita–, bigarren kanporaketa honetako joaneko neurketan Benficaren etxean 28-30 irabazita. Itzulekoa datorren larunbatean izango da, Donostian (12.00etan), eta gaur lorturiko aldea ona dirudi, nahiz eta inoiz ezin esan erabakiorra dela.

Partida gogorra eta orekatua jokatu behar izan dute donostiarrek Lisboan. Portugaldarrek ez dizkiete gauzak erraz jarri eta gogoz lan egin behar izan dute. Eskerrak hortxe agertu diren Lucia Prades. bere geldiketekin, eta Maitane Etxeberria eta Carmen Arroyo bere golekin. Azken hau ez da urduri jarri bi penalti jarraian sartu dituenean –eta hori bere taldean lehen hiruretan huts egin duela–. Ez du tiro egiteko keinua egin eta bietan sartu dio gola atezainari.

Lezoko hegalekoa, aldiz, bikain aritu da kontraerasoan eta gol eder bat sartzeko aukera ere izan du, baselinaz. Hori bai, lehen zatia errusiar mendi baten antzera ibili dira bi taldeak.

Imanol Alvarezen jokalariak 0-2 aurreratu dira eta etxekoen hiruna berdintzea lortu dutenean, aurretik aritu dira 6-6koa arte. Hortik aurrera, Bera Berak beste martxa bat ezarri nahi izan dio partidari, baina portugaldarrek ez diete utzi markagailuan alde egiten eta 13-14 joan dira atsedenaldira, Benficako Rodriguesek, denbora agortuta zegoenean, penaltiz sarturiko gol bati esker.

Bigarren zatian apurtu... eta sufritu

Bigarren zatian, 3 minutu pasatxo behar izan dute lehen gola egiteko. Benficak egin du, markagailuan berdinketa ezartzeko. Justu segituan Carmen Arroyok bere erakustaldiarekin jarraitu du 14-15ekoa jartzeko, baina penalti batek berriro utzi du berdinketa markagailuan (15-15).

Ondoren, 17-18ra arte nahiko berdinduta joan da lehia, baina momentu horretan Benficako jokalari bat lesionatu da bera bakarrik jaurtitzera zihoala, eta baloia Bera Berarentzat izan da. Hortik 17-23ra joan dira Imanol Alvarezen jokalariak, ordurako partidako alderik handiena. Are gehiago, bi kontraerasotan beste bi gol gehiago egiteko aukera izan dute, baina Alba Menendez eta Marie Luisek ez dute asmatu.

Zortzi gol aldeko abantaila ere lortu dute gipuzkoarrek (20-28), baina etxekoek asmatu dute ere, eta Imanol Alvarezen hutsartea ekarri dute zenbait golen ostean (23-28, 52:40 minutuan). Lau golera ipintzea lortu dute portugaldarrek (24-28), Bera Beraren gol falta aprobetxatuz. Baina Carmen Arroyo agertu da beste penalti bat sartzeko (24-29).

Gipuzkoarrek ez zuten asmatzen kontrako atean, eta etxekoen kontraerasoa baliatu dute aldeak murrizteko (26-29). Une kritikoa zirudien Bera Berarentzat. Eskerrak Carmen Arroyok bereak egiten jarraitu duen 26-30koa ipintzeko.

Hala ere, azken unean Arroyok berak ezin izan du bere zortzigarren gola egin eta Benficak azken segundoan 28-30eakoa sartu du portugaldarrei esperantza pizteko. Dena joan behar duen moduan badoa, Bera Berak ez luke arazorik behar kanporaketa gainditzeko.

PARTIDAKO FITXA:

28 - Sport Lisboa e Benfica: Rosa; Campos (3), Unjanque (2), N. Rodrigues (2), Bolzan (3), P. Rodrigues (8), Sequeira (3), Santos (2), Semedo, Ferreira (4) eta Lutunu (1).

30 - Super Amara Bera Bera: Prades, Kostic; Elba Alvarez (2), Arrojeria, Ogonovszky (5), Marie Louise (2), Alba Menendez, Laura Hernandez 81), Maitane Etxeberria (3), Karsten (1), Tchaptchet (2), Gavilan (4), Arroyo (9) eta Joao (1).

Epaileak: Miklos Andorka eta Robert Hucker. Bi minutu kaleratu dituzte Semedo eta Lutunu; eta Karsten, Gavilan eta Arroyo.

Partzialak bost minuturo: 1-2, 4-3, 6-4, 6-7, 9-11, 13-14 (atsedenaldia), 15-15, 17-19, 18-23, 20-28, 24-28 eta 28-30 (amaiera).