INFO

Bardoetako finalerako lehen pausua eman dute Mutilatuak, Baztanzopak eta Hor gu! taldeek

Irurtzunen, Tafallan eta Iruñean jokatu dira Bardoak Txapelketaren lehen hiru finalaurrekoen joaneko saioak, eta Mutilatuak, Baztanzopak eta Hor gu! taldeek lortu dute garaipena, hurrenez hurren. Nafarroako Taldekako Bertsolari Txapelketa «giro ederrean» joaten ari dela azaldu dute antolatzaileek.

Tafallako saioko irudia. (Nafarroako Bertsozale Elkartea)

Badoa aurrera Bardoak Txapelketa. Ostiralean jokatu ziren 2024ko Nafarroako Taldekako Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoetako lehen hiru saioak. Irurtzunen, Barañain-Atarrabiako Argako Bixiguak eta Bortziriak-Baztango Mutilatuak taldea izan ziren parez pare, 60 lagun ingururen aurrean, Pikuxar Elkartean. Mutilatuek lortu zuten puntua, eta beraz, pausu bat eman dute Garesko finalean sartzeko. Dena dela, joan-itzulikoak dira finalaurrekoetako kanporaketak, eta beraz, itzuliko saioan, urriaren 12an Etxaurin, izanen dira berriz kantuan bi talde horiek, eta orduan erabakiko da nor den finalista.

Tafallako Aguazon Peñan 20 pertsona baino gehiago bildu ziren, Leitza-Altsasu-Barañaingo Manteleko Sobrak eta Baztango Baztanzopak taldeen arteko saioa entzuteko. Baztango taldeak irabazi zuen saioa, baina kasu honetan ere, itzulerako saioan erabakiko da finalerako nor sailkatzen den. Larunbatean, urriak 12, ariko dira berriz kantuan, Irunberrin.

Iruñeko Aldapa Peñan izan zen hirugarren finalaurrekoa. Honetan 70 persona inguru izan ziren ikusle Bortzirietako Hor gu! Eta Iruñerriko EzKrashak taldeen arteko saioan. Honetan Bortzirietako taldeak eraman zuen puntua, eta aurrekoetan bezala itzulerako saioan argituko da nor izango den finalilsta. Saio hori larunbatean izango da, urriak 12, Tuteran.

Hurrengo finalaurrekoak, heldu den asteburuan

Larunbatean jokatuko dira finalaurrekoei dagozkien azken hiru saioak. Urriak 12, 19.00etan Etxauriko Udaletxean ariko dira Bortziriak-Baztango eta Barañain-Atarrabiako taldeak, Irurtzungo saioaren itzuleran. Irunberrikoa, 19.00etan Larrainenea Elkartean, Tafallako saioaren itzulerakoa izango da Baztango Baztanzopak eta Leitza- Altsasu-Barañaingo Manteleko sobrak taldeentzat. Asteburuko azkena, 19.00etan ere, Tuterako Beterrin izango da, hau Iruñekoaren itzulerako saioa izango da Bortzirietako Hor gu! eta Iruñerriko EzKrashak taldeentzat.

Finalaurrekoetatik hiru talde sailkatuko dira finalera. Urriaren 26an jokatuko da finala, Zamariain Pilotalekuan, 17.30ean. Honezkero salgai daude sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian.