INFO

Ainhoa Jauregi hernaniarra da Hamaika Telebistako zuzendari berria, Uriari lekukoa hartuta

Zarautzen aurkeztu dute asteazken honetan Hamaika Telebistako zuzendaritza berria. Buruan Ainhoa Jauregi egongo da aurrerantzean, Iñaki Uriak bete duen kargua hartuz. Honek pasa dio lekukoa agerraldian.

Iñaki Uria eta Ainhoa Jauregi, Zarautzen eginiko aurkezpen agerraldian. (Jon Urbe | Foku)

Hamazortzi urte bete berri dituen honetan, aldaketa garaia da Hamaika Telebistan. Orain arte zuzendari izan den Iñaki Uriaren ordez Ainhoa Jauregi hernaniarra ibiliko da aurrerantzean. Zarautzen eman dute honen berri asteazken honetan. Zuzendaritza taldea, oro har, nabarmen gaztetzen da eta asmo eraldatzaileak dakartza besapean.

 

2006ko irailaren 19an aurkeztu zen jendartean Hamaika Telebista. Euskal Herriko sei enpresa (CMN, EKHE, EKT, Euskaltel, Elkar eta Bainet) batu ziren euskarazko telebista bultzatzeko helburuarekin. Geroztik Iñaki Uria izan du zuzendari, euskal hedabideen esparruan aurretik eginiko lan eskergari segida emanez (‘Argia’, ‘Euskaldunon Egunkaria’...) Ekarpen zabal hau agurtu eta txalotu du Ainhoa Jauregik gaurkoan.

1981. urtean jaio zen zuzendari berria, Hernanin. Gaur arte Hamaika Telebistako Ekoizpen arduraduna izan da. Orain arteko ildoari jarraipena emango dio Hamaika Telebistak baina aldi berean «eduki berritzaile eta erakargarriak eskainiz. Betiko ikusleak ahaztu gabe, belaunaldi berriekin bat egiteko», aurreratu du.

«Eduki azkarrak, dinamikoak eta bisualak eskatzen dituzte gazteek, erraz partekatzen direnak –aipatu du Jauregik aurkezpen ekitaldian–. Youtube, Tiktok, Instagram eta plataforma horien bidez iritsi nahi dugu haiengana. Arlo horretan egin ditugun ahaleginek harrera ona izan dute orain arte: gazteen parte hartzea errazten duten edukiak eta haien errealitatearekin bat egiten dutenak iristen zaizkie gehien».

Aldaketa gehiago ere bada, zuzendaritzari dagokionez. Maddi Mochales Digitalizazio arloko arduraduna bilakatu da eta Onintza Alustizak hartu du Finantza esparruaren gidaritza.