Atxilotu zutenean kendu eta zigilaturiko materiala itzuli diote Txetx Etxeberriri
ETAren armagabetzearekin lotuta atxilotu zutenean kendutako materiala itzuli dio Parisek Txetx Etxeberri bakegileari. Armak neutralizatzeko makinak, giltzarrapoak eta hainbat dokumentu, besteak beste. Materiala «euskal gatazkaren memoria arloan lan egiten duen egitura baten esku» utziko da.
2016an atxilotu zutenean kendutako eta zigilaturiko materiala itzuli diote Jean-Noël ‘Txetx’ Etxeberriri Pariseko Epaitegiak eta Prefekturak. Guztira 77 zigilatu, Poliziak eraman zuen guztia «arriskutsutzat edo kaltegarritzat jotzen diren armak, munizioak, arma-elementuak, aparailuak eta substantzia leherkorrak salbu».
Pariseko Auzitegi Korrekzionalak Beatrice Molle-Haran eta Etxeberri aurtengo apirilean epaitu zituen «Luhuso auziarekin» lotuta eta hilabete beranduago eman zuen epaiaren berri. ETAren armagabetzearen alde jardun zuten bi artisauak kondenatu zituen, baina zigorrik ezarri gabe.
Irailaren 10ean, bi bakegile hauen defentsak epaiaren idatzizko erabakia jaso zuen eta bertan agintzen zen material hori itzultzea. Bake Bideak jakitera eman duenez, hau da Etxeberriri itzuli diotenaren zerrenda: disko-makina eta fresatzaile bana, arma laburrak eta luzeak neutralizatzeko baliatuko zirenak, eta beste hainbat objektu, arma berak neutralizatzeko eta munizioa, detonagailuak eta lehergaiak manipulatzeko erabiliko zirenak; hiru telefono mugikor, 2016ko abenduaren 16ko operazioan bakegileek haien artean eta prentsari txioak igortzeko erabili zituztenak; armak, munizioak, detonagailuak eta lehergailuak maletategietan biltzeko ETAk eta CIV Nazioarteko Begiztatzaile Taldeak erabilitako giltzarrapoak eta giltzak; ETAk CIV Nazioarteko Begiztatzaile Taldearen kontrolpean eginiko armen, munizioen, detonagailuen eta lehergailuen inbentarioak; ETAk Bakearen Artisauei emandako armak, munizioak, detonagailuak eta lehergailuak bildu eta etiketatzeko hainbat olana, poltsa eta pegatina; eta Bake Artisauen hainbat dokumentu, Luhusoko operazioa nola aurreikusten zuten zehazten zutena.
Bake Bideak jakinarazi duenez, material guztia «euskal gatazkaren memoria eta historiaren arloan lan egiten duen egitura baten esku» utziko da.
Epaiketan Molle-Haranek eta Etxeberrik «armagabetzeari egindako ekarpena» defendatu zuten eta onartu zuten arma eta lehergailuak atxiki eta garraiatu izana. Horrekin batera, ordura arte ezaguna ez zen armagabetzearen bideo bat ere argitaratu zuen Bake Bideak.
Ekintza horiek frantziar eta espainiar Estatuen «paralisiaren» aurrean egin zituztela nabarmendu zuen Etxeberrik. «Berriro egin beharko bagenu, egingo genuke. Are gehiago, gerra logika nagusi den mundu honetan. Asko gustatuko litzaiguke parte hartu genuen ekimenak, gizarte zibilak ‘nahikoa da! bakea nahi dugu orain!’ esateko esku hartu zuenak, beste lurralde batzuk inspiratu ahal izatea».