Abian dira Arantzazulabek antolatutako «Demokraziaren Berrikuntza» jardunaldiak
Asteazken honetan hasita eta ostiralera bitarte, munduko txoko ezberdinetatik iritsitako 24 hizlarik hartuko dute parte Bilboko Euskalduna Jauregian eta Arantzazun egiten ari diren ‘Demokraziaren Berrikuntza’ jardunaldietan.
‘Demokraziaren Berrikuntza’ jardunaldien lehen edizioa antolatu du Arantzazulabek, ‘Berrikuntza eta diseinua demokrazia indartzeko erronka konplexuen egungo testuinguruan’ lemapean. Atzo arratsaldean abiatu ziren, Bilboko Euskalduna Jauregian.
Azaldu dutenez, «askotariko adituen eskutik, helburu ezberdinak» ditu jardunaldien zikloak: «gaia eztabaida publikora eramatea; demokraziaren berrikuntzaren esparruko joerak ezagutzea eta eraldaketarako inspirazioa jasotzea; gogoeta partekaturako espazio bat sortzea; eta eztabaida hauek Arantzazulaben lanarekin lotzea».
Ion Muñoa Lakuako Komunikazio eta gizarte berrikuntzako idazkari nagusiak egin zuen irekiera-instituzionala eta, jarraian, Naiara Goia Arantzazulaben zuzendari nagusiak eman zien ongietorria bertaratuei. Bi orduko saioan, Nicole Curato (Canberrako Unibertsitatea) eta Lucy Kimbell (Londreseko Arte Unibertsitatea) nazioarteko adituen aurkezpenak nabarmendu ziren, eta elkarrizketa panelean hartu zuten parte Jayne Engle (Dark Matter Labs), Xabier Barandiaran (Deustuko Unibertsitatea) eta Miren Larrea (Orkestra) hizlariek, Ione Ardaiz Arantzazulabeko Demokraziaren Berrikuntzarako proiektu-arduradunak gidatuta.
Jardunaldien lehen edizio honetan 24 hizlari izango dira guztira. Australiatik, Kanadatik, Erresuma Batutik, Taiwanetik, frantziar Estatutik, espainiar Estatutik eta Euskal Herritik. Gainera, tokiko eta nazioarteko erakundeek ere parte hartuko dute. Besteak beste, Dark Matter Labs, Londreseko Arte Unibertsitatea, Australiako Berrikuntza Sistemikorako Griffith Zentroa, Canberrako Unibertsitatea, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea, Reos Partners, La 27e Region eta DemocracyNext.
Hainbat gai jorratuko dira Bilbon eta Arantzazun gauzatuko diren hiru eguneko jardunaldietan: demokraziaren berrikuntza, berrikuntzarako diseinua, teknologia eta demokrazia, lankidetzazko gobernantza, demokrazia deliberatiboa eta gobernuen eraldaketa, besteak beste.
Tartean, jarduera interaktiboak eta lau eztabaida-panel ere izango dira eskuragarri. 250 lagun baino gehiagok eman dute izena saioak bertatik bertara jarraitzeko.