INFO

Donostiako ekialdeko sarrera-irteeretan trafikoa arinduko duen Marrutxipiko lotunea, martxan

Donostiako saihesbidean (GI-20) Marrutxipiko lotunea ireki dute ostiral honetan. Gros, Egia eta Intxaurrondoko sarbideak hobetzea eta Urumea ondoko errepideetako trafikoa arintzea du helburu.

Marrutxipiko lotunea ostiral honetan ireki dute. (FOKU)

Gipuzkoako Aldundiak ostiral honetan ireki du Marrutxipiko lotune berria Donostiako saihesbidean (GI-20). Azpiegitura honek hiriko ekialdeko sarrera eta irteeretan trafikoa arintzea du helburu, eta ibilgailuen zirkulazioa nabarmen hobetzea trafiko handia duen ingurune osoan.

Ia bi urte eta erdiko lanen ostean, lotune berriak zuzeneko sarbidea eskainiko die Intxaurrondo, Gros eta Egiako auzoei, Urumea ibaiaren inguruetako sarreren trafikoa eta ohiko pilaketak arinduz.

Marrutxipiko lotuneak trafikoaren fluxua hobetuko du Gros auzoari dagokionez, bai Bilbotik bai Irundik datozen noranzkoetan. Bide-eskemak bi noranzko nagusietan banatuko du zirkulazioa: mendebalderantz (GI-20 Bilborako noranzkoa) eta ekialderantz (GI-20 Irunerako noranzkoa). Gainera, lotune honek hiriko ekialdeko auzoetara iristeko irteera espezifikoak ditu, Urumea ondoan dauden sarrera-bideetan pilaketak saihesteko.

Aldundiaren arabera, GI-20aren azpiko pasabideen diseinuak hirigunea eta saihesbidea lotzeko zirkulazio «arin eta azkarra bermatzen dute, ekialdetik eta mendebaldetik datozen sarrera-irteerak eraginkorragoak direlarik». Banaketa berriak «nabarmen» gutxituko du Urumeako sarrera-bideetako trafikoa, Bizkaia eta Gernikako Arbola pasealekuetako pilaketak arinduz, baita Garbera merkataritza gunera doan biribilgunean ere. Halaber, trafikoa murriztea espero da Frantzia eta Federico Garcíia Lorca pasealekuetan.

Horrekin batera, oinezkoentzako pasabide bat eraiki da lotunearen gainean, eta saneamendu sistema berri bat ezarri da Monseko pasealekuan. Obra urrian osatuko da, hegaztien talken kontrako biniloak jarrita, eta urte hasieran ingurumen berreskuratze lanak gauzatuko dira. Monseko pasabidearen inguruan 300 zuhaitz baino gehiago landatuko dira, besteak beste, haritzak, lizarrak, astigarrak, urkiak, magnolioak, gereziondoak, gorostiak, elorriak eta hurritzak.

Eider Mendoza diputatu nagusiak adierazi duenez, lotura berri hau «Donostiarentzat ez ezik Gipuzkoa osoarentzat ere azpiegitura giltzarria eta estrategikoa da. GI-20 errepidea hobetzen du, Gipuzkoako ekialdea eta hiriburura lotzen dituen errepide nagusia, eta antolaketa berriak zirkulazioaren arintasuna eta segurtasuna bermatzen ditu».

Eneko Goia alkatearen iritziz, «gure hiriko mugikortasunerako mugarri bat» da obra hau. «Gure hiriko bideen zirkulazio eskema eta ordenamendua hobetzen lagunduko du. Donostiako sarreren eta irteeren trafikoak eta ekialdeko auzoen mugimenduak berrantolatuko ditu. Gainera, pilaketarik handienak dituzten guneak arinduko ditu, milaka gidarirentzat zirkulazioan eta mugikortasunean hobekuntza nabarmena ekarriz».