INFO

«Herri egiten gaituen» oinarrizko ziklismoa babesteko pedalkadak eman dituzte Donostian

Manifestazio jendetsua egin dute Donostian, harrobiko lasterketak normaltasunez antolatzeko «konponbidea» eskatzeko. Harrobia baita motorra, ez soilik kirol ikuspegitik, bai eta herri ikuspegitik ere. Santi Osoro Gipuzkoako Federazioko presidente oihak esan legez, «euskaldun bezala batzen gaitu».

Belodromoan hasi eta Bulebarrean bukatu da manifestazioa, «konponbidea» leloarekin. (Idoia ZABALETA | FOKU)

«Euskaldunon artean batzen gaituen kirola da txirrindularitza», iritzi du Santi Osorok, duela gutxira arte Gipuzkoako Txirrindularitzako Federazioko presidenteak. «Herri egiten gaituen» kirol honek, baina, azken bueltan buruhauste gehiegi ekarri dizkio Gipuzkoako Federazioari, bai eta herriko klub txikiei ere; finean, harrobian, egunez egun, lanean ari direnei. Hala, muturrera jo behar izan dute: kalean mobilizatzera, bizikletak hiri erdigunera atera eta pedalkadaz pedalkada eta kotxeetako klaxon hotsez haserre daudela azaleraztera.

Belodromoan hasi eta Bulebarrean bukatu dute mobilizazioa, ordu eta erdiko martxa osatuta. Batez ere Gipuzkoako klub ezberdinetako txirrindulariak zein kirol honen egitura ezberdinetan aritzen diren kideak atera dira Donostiako karriketara baina Euskal Herri osoko ordezkariak ere gerturatu dira; Araba, Bizkaia, Nafarroako klubak eta baita Bidasoaz gaindiko Iparralde taldea. «Gipuzkoako egoera makurrak denei eragiten die, hau da motorra, hemen antolatzen baitira lasterketa gehienak», azaldu dio NAIZi Osorok. Bukaeran egindako diskurtsoan, halere, herri oso baten kezka azaleratu du, orain Gipuzkoan korapilatuta dagoena baina soka tenkatzen hasiz gero, gainontzeko lurraldeetara ere iritsi daitekeena.

Lasterketen egutegia hasi eta buka arazo gabe egitea utopia bilakatu da azken urteetan, errepidean bermatu beharreko segurtasuna ezartzeko herrialdeko Trafiko Zuzendaritzaren aldetik jarritako etengabeko oztopoekin. 2023ko egutegia hankaz gora jarri zuen –Aiztondo Klasikoa bezalako lasterketa entzutetsu bat bertan behera geratu zen eta beste zenbait kili-kolo egon ziren azken unera arte– eta 2024koa ere zalantzekin hasi zen, sokak tenkada gehiegi jaso duen arte. Honenbestez, egutegia burutu den arren, Gipuzkoako Federazioko zuzendaritzako kide ia guztiek –batek izan ezik– dimisioa aurkeztu zuten udaran eta behin errepideko denboraldia bukatu dela, haserrea eta kezka kalera ateratzeko beharra ikusi zuten.

Ehundaka txirrindulari gazte mobilizatu dira, Euskal Herri osokoak. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Hain justu, manifestazio hau antolatzeko lehen urratsetan zeudela iritsi dira lehen deiak Gasteizko Gobernutik, iaz osatutako txirrindularitzako mahaian aurreneko bilerak egiteko, azken urtean eskatzen ibili diren gutxiengoa, alegia. «Tira, ikusten dugu behintzat mugitu dela zerbait eta eskatzen genuen moduan, bilera horiekin hasiak gara», onartu du Santi Osorok. «Hala ere, muturreraino iritsi behar izan gara hori lehen urrats hori emateko», ñabartu dio NAIZi Abraham Olanok.

Eragileen mahaia

2023ko ekainean –Tourra Euskal Herritik abiatzear zegoela–, EH Bilduren ekimenez aurkeztu zen Gasteizko Legebiltzarrean oinarrizko txirrindularitza lasterketetan segurtasuna bermatzeko mahai bat eratzeko proposamena. Aho batez onartu zen baina duela gutxira arte, pare bat bilera deitu zituzten, baina federazio eta trafiko arduradunak baino ez ziren bildu. Berezko proposamenean, eragile guztiek egon behar zuten –antolatzaile, federazio, alderdi, Ertzaintza, moto-enlazeak...–.

Santi Osoro: «Trafiko arazo bat izango bagina bezala tratatzen gaituzte»

«Trafiko arazo bat izango bagina bezala tratatzen gaituzte», esan du orain arteko Gipuzkoako Federazioko presidenteak eta «estorbo bat garela ikustetik etorkizuna garela ikustera» igarotzeko gonbita luzatu die eskumenak dituzten horiei. Harrobia baita edozein kirolen motorra bai eta «egunak joan egunak etorri, klub txikienetan lanean ari diren kideak». Hain zuzen ere, txirrindularitzaren funtsa eliteko txapelketez gaindi dagoela nabarmendu nahi izan zuen.

Jon duela hamar urte sartu zen Lagun Onak txirrindulari elkarteko zuzendaritzan eta azaldu du azken urteetan gainbehera agerikoa izan dela. Lasterketetan segurtasuna bermatzeko arazoarekin egin du gainezka edalontziak baina zailtasunak esparru guztietan daude: «Anbulantzia eta seguroetako prezioen igoerak, bolondresak bilatzeko zailtasunak –gazteak ez direlako animatzen–, Gobernuaren exijentziak gero eta zorrotzagoak dira eta gero eta laguntza eskaintzen dute...». Junior eta senior taldeak dituzte Azpeitian; Azkoitian, aldiz, infantil eta kadeteak hezten dituzte. «Gurekin hasten dira eta gero Azpeitian jarraitzen dute bidea; zentzu horretan, elkarlana daukagu», esan du Mikelek, Azkoitiako taldeko zuzendaritzako kideak. Lagun Onak taldeko kotxean doaz elkarrekin, klaxon hotsez Donostiako giro lasaian harrabotsa sortuz.

«Etorkizuna beltza» ikusten dute eta ez dute konponbide errazik ikusten. «Konponbidea» izan zen, hain zuzen ere, mobilizazioan erabili zen lelo nagusia. Ulergaitza egiten zaie «Ertzaintzari eman zaion erabaki ahalmena», lasterketa batzuetan segurtasuna bermatzea ezinezkoa zaiela arrazoitzeko. Araba eta Bizkaian ez da antzeman arazorik eta lasterketetako segurtasuna oztoporik gabe bermatzen da. Gipuzkoan, aldiz, Ertzaintzak pertsonal falta argudiatzen badu ere, Lakuak defendatu izan du lasterketak normaltasun osoz egiteko bezain ertzain badaudela, Osorok hedabide honi udaran azaldu zion legez.

Bulebarrean egin dute azken geldialdia, Gipuzkoako Federazioko lehengo kideen aldarrikapenekin bat eginda. (Idoia ZABALETA/FOKU)

«Badakigu helmuga zein den eta bitartean, ekinean jarraitu behar dugu», esan du Bulebarreko kioskotik, ehundaka manifestari aurrean zituela. Denek norabide berean pedalei eragiten jarraitu behar dutela azpimarra egin zuen. Olanok nabarmendu du mobilizaziora batu zen jendetza, «gure kezka beraiena ere badelako. Honekin ikusi dugu gure erabakiak edo eskatzen genuena ez direla kapritxoak izan, baizik eta esparru honetan dauden sentipenen ondorio».

Euskal Herria nazioartean

Igande honetan Donostian batu diren ehundaka pertsonen artean egon daiteke etorkizunean erreferente bilakatuko den ziklistaren bat baina oinarria hauspotu beharrean ahultzen uzten bada, «euskaldunon artean batzen gaituen txirrindularitza» indarra galtzen joango da. «Kirol honi esker, nazioartean herri bat gara eta ez daukagu aurkeztu beharrik», bota zuen Osorok bere diskurtsoan.

Abraham Olano: «Oroitzapen onenak herriko taldean eratzen ditu txirrindulari batek»

«Oroitzapen onenak herriko taldean eratzen ditu txirrindulari batek; gero, profesional izatean, lana bilakatzen denean, ez daude hain oroitzapen onak», adierazi dio NAIZi Olanok eta beraz, harrobia lantzea funtsezkoa iruditzen zaio, kirol ikuspegitik harago, ikuspegi humanotik. Herri baten bihotzea egunez egun eragiten ari diren horiek baitira, izan txirrindularitzan edo beste esparru batzuetan. «Konponbidea» argia da: oinarrizko txirrindularitza zaintzea. Horretarako urratsak eragile guztien artean eztabaidatu eta erabakiak hartu beharko dituzte dagokion mahaian, herriaren kezka agerikoa dela ikusi eta hausnartu ostean.

«Konponbidea; txirrindularitzan eskubideen alde» lelopean egin da manifestazioa, Belodromotik Bulebarrera. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Hauteskundeak

Korapilo hau askatzeko bidean hauteskundeak ere egin behar dira. Olinpiar Jokoen urtean burutzen dira Federazioetako hauteskundeak eta EAEko txirrindularitza stand by-ean dago zentzu honetan. Lakuako Gobernuak dekretu bat atera behar du eta horri itxaroten daude. Gipuzkoan, lehengo zuzendaritza taldeak dimisioa eman ostean, Aldundiak beregain hartu behar izan zuen jarduna.

Santi Osoro: «Ea konponbide azkar bat espero dudan? Ez dut uste, hau etaparen hasiera besterik ez da»

Santi Osorok ‘Noticias de Gipuzkoa’ hedabideari emandako adierazpenetan, iritzi du Aldundiak beregain hartzeak ere eragin duela azken asteetako mugimendua. Goizane Alvarez da kirol diputatua, PSE alderdikoa. «Ulertu genuen Aldundia zuzenean inplikatzen bagenuen, haiek joan beharko zutela orain Lakuara, irtenbide bat eskatzera. Eta haiek dute Eusko Jaurlaritzan indar hori, guri agian falta zitzaiguna. Hori zen estrategia, eta itxaropentsu nago, orain serio hartzen dutela ematen baitu. Ea konponbide azkar bat espero dudan? Ez dut uste, hau etaparen hasiera besterik ez da», adierazi zuen aste honetan aipatu hedabidean.

Oraingoz, 2025eko egutegia airean dago, «ez daukalako zentzurik zerbait antolatzen hasteak jakin gabe joko eremua zein izango den». Halere, Goizane Alvarezek ‘Noticias de Gipuzkoa’ egunkarian azaldu duenez, Lakuan eginiko azken bileran protokolo egonkor bat eskatu» zuten, «probak, direnak direla, segurtasun-baldintzetan egin ahal izateko. Ibilbideari buruzko irizpideak ez aldatzea eta ibilbidean segurtasuna sortzea da helburua, aldez aurretik, garaiz, zer proba egin ahal izango diren jakiteko, gehienok espero dezagun. Logikoa denez, arazoak sortzen dituzten lasterketak zeintzuk izan daitezkeen ere aldez aurretik identifikatu nahi dugu, hainbat irtenbide eta alternatiba marjinarekin lantzeko».