Guggenheim Urdaibai Stop plataformak manifestazio zaratatsua deitu du urriaren 19rako Gernikan
Urriaren 19an, hots, larunbat honetan, manifestazioa egingo dute Gernikan Urdaibaiko Guggenheimen aurka. Proiektuaren inguruko erabaki asko hartuta eta «inposatuta» daudela eta, museoaren egitasmoa bertan behera uzteko galdegingo dute.
Bizkaiko Foru Aldundiak, Lakuako Gobernuak, espainiar Gobernuak eta Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioak Busturialdean «inposatu nahi duten» Guggenheim Urdaibairen aurka mobilizazioa deitu dute larunbat honetarako. Hala, urriaren 19an Gernikako kaleak hartzeko deia egin dute Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kideek.
Eneritz Artetxek, Iker Gonzalez de Libanok eta Eider Gotxik eman dituzte azalpenak plataformaren izenean, Gernikan eskaini duten agerraldian. Gotxik jakitera eman du irailaren 10ean Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiarekin batu zirela eta bertan adierazi ziela proiektua ez dagoela definituta eta, beraz, azaldu dute ez ziela informaziorik eman. Etxanobek leporatu zien ezagutzen ez duten proiektu baten aurka egotea, eta Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kideek erantzun zioten ea nola zen posible haiek «ezagutzen ez zuten proiektu baten alde egotea».
Gotxik azpimarratu duenez, badaude, proiektua zehaztu gabe ere, gaur egun ematen ari diren urrats batzuk. Haietako bat da Gernika, Forua eta Muruetako HAPOak aldatzeko hitzarmen supramunizipala. «Kosta legea erori» izana ere adibide gisa jarri du, baita Urdaibaik daukan plan zuzentzailea erreformatzeko prozesua hasi izana ere, beste batzuen artean. «Urrats horiek ere ez zaizkigu gustatzen, horregatik gaude proiektuaren kontra nahiz eta mahai gainean ez dagoen», azpimarratu du Gotxik.
Halaber, jakinarazi du urriaren 3an Eneko PSEko buruarekin bildu zirela eta berak ere ziurtatu ziela ez duela proiektua ezagutzen, nahiz eta EAJrekin sinatu zuen Gobernu akordioak hura aurrera ateratzea jasotzen duen. Plataformaren iritziz, hori «ez da onargarria, arduragabekeria da».
Urriaren 8an Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura sailburuarekin izan zirela ere jakinarazi du Gotxik. Bengoetxeak «bikote arraro bat» jarri zien mahai gainean, «natura eta artea» lotzen dituena. Hala ere, plataformako kideek zalantzan jarri dute proiektuaren izaera kulturala denik, ez baitauka atzetik inolako kultur programarik.
Hiru bileretan aitortu diete Guggenheim Bilbao Fundazioarentzako egindako proiektua dela eta Gotxik kezka agertu du Busturialdearen etorkizuna erakunde pribatu baten esku uzteko saiakeraren aurrean. «Proiektua mahai gainetik kendu behar da», nabarmendu du.
Plataformako kideak sinetsita daude «turistifikazioaren aldeko apustu itsuak» ez duela ezer onik ekarriko eta horregatik «inposizioaren» aurka deitu dute larunbateko mobilizazioa. Manifestazio zaratatsua Gernikako Pasealekutik abiatuko da, 18.00etan.
Atxikimenduak
Deialdia publiko egitearekin batera mobilizazioarekin bat egin duten 398 norbanako eta eragileren atxikimenduaren berri eman dute. Besteak beste, Xabi Solano musikaria, Itziar Ituño aktore eta musikaria, Porrotx eta Marimotots pailazoak, Miren Amuriza bertsolari eta idazlea, Gernikako udal langileak eta Blanca Urgell Kultura sailburu ohia ageri dira zerrendan.