Lakuan aurkeztutako lehen sektorerako dekalogoa «paper bustian geratu da», ENBAren arabera
Euskal Nekazarien Batasunaren arabera, euskal erakundeek lehen sektorearekin hartu zituzten konpromisoen dekalogoa «paper bustian geratu da». Astelehen honetan zortzi hilabete bete dira dokumentua Lakuan aurkeztu zutenetik.
ENBAk, Euskal Nekazarien Batasunak, salatu duenez, duela zortzi hilabete Lakuako Gobernuan aurkeztutako euskal erakundeek lehen sektorearekin hartu zituzten konpromisoen dekalogoa «paper bustian geratu da».
Ohar batean adierazi dutenez, «gaur esan dezakegu, tamalez, bertan jasotako neurri gehienak martxan jarri gabe daudela, ezta abiatu gabe ere». Baserritarrak «itotzen» dituen burokrazia murriztu eta sinplifikatzeko eta koaderno digitalari dagokionez, «ez da inolako lanik egin», salatzen dute.
Elikagai kateari dagokionez, deitoratzen dute ez direla bertan jasotako konpromisoak aktibatu, hala nola jarraipen-batzorde bat sortzea eta ustiategien errentagarritasunari buruzko aldizkako txostenak. Nekazaritza-lurren gaian ere ez dute aurrerapenik ikusten.
Fauna basatiari dagokionez, Amaia Barredo Lakuako sailburuak otsoa LESPRE zerrendatik kanpo uzteko egindako eskaera positibotzat jotzen dute, nahiz eta, «kontraesanen eredu gisara», gobernu bereko beste sail batek otsoa kudeatzeko planaren tramitazioan aurrera egin duen eta fauna basatiak eragindako kalteen ebaluazio integralerako lanak ere ez diren hasi.
Nekazaritza Familiarraren Legean eta laguntzen moduluen berrikuspena bultzatzeko «ez dakigu inolako lanik egin den», gehitu dute. Nekazaritzako aseguruei dagokienez ez da Nekazaritzako Aseguruen Mahaia sortu eta ez da handitu nekazaritzako aseguruen finantza-laguntza.
Zerga-planteamenduak
Bestalde, lehen sektoreko zerga-planteamenduek harrera ona izan dutela diote, baina, azkenean zerga-erreformaren dokumentuetan eta araudietan islatzen den ala ez ikusi arte itxaron beharko dute.
Azkenik, ez dute aurrerabiderik ikusten, gobernantza iraunkorreko eredua egituratzen duen forotzat jotzen den Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako eta Landa Garapeneko Batzordea finkatzeari dagokionez.
Honen aurrean, «lanerako eta gure ekarpenak egiteko prest» daudela adierazi dute. Hori dela eta, lantalde bat «berehala» martxan jartzea eskatzen dute, non nekazaritza-sektoreak bere osotasunean eta euskal erakundeek parte hartuko duten, sektoreak behar dituen neurriak aktibatzeko helburuarekin.