INFO

23 urtez preso izan ostean baldintzapeko askatasuna lortu du Unai Lopez de Okarizek

2001. urtetik preso zuten Unai Lopez de Okariz gasteiztarra baldintzapeko askatasunean da, Etxeratek jakinarazi duenez. Granadan pasa du kartzelaldiaren zatirik handiena.

Zaballara martxa 2021eko Gabonetan. Bertan bete du zigorraren azken zatia Lopez de Okarizek. (Jagoba Manterola | Foku)

Unai Lopez de Okariz Gasteizko presoa baldintzapeko askatasunean geratu da Espetxe Zaintzako Epaile Zentralaren ebazpen baten bidez, NAIZi Etxeratek baieztatu dionez.

23 urte zeramatzan preso Unai Lopez de Okarizek. Izan ere, 2001eko abuztuan atxilotu zuen Guardia Zibilak Katalunia aldean, Nerea Bengoa eta Fernando Garcia Jodrarekin batera, ETAko talde bat osatzearen akusaziopean. Aurretik ere kale borrokan aritu izana egotzi zion Auzitegi Nazionalak.

Kartzelaldi luze honen urte gehienak etxetik oso urruti eman behar izan ditu Lopez de Okarizek, Granadako Albolote espetxean gehienbat. Han zegoela, auto istripu bat pairatu zuten bere bi lagunek, bisita batetik Euskal Herrirantz zetozela, Toledo inguruan, 2009. urtean.

Euskal presoak hurbiltzeko prozesua abiatu zenean Granadatik Zaragozako Darocara lekualdatu zuten Unai Lopez de Okariz, 2019an, eta bi urte geroago Euskal Herriratu zuten azkenean, Zaballara ekarriz.

Hirugarren gradua onartu ondoren, progresioan atzera egiteko arriskuan egon zen Gasteizko presoa eta hori salatzeko mobilizazioa egin zuten hirian 2023ko martxoan. Urte horretako abendutik aurrera baliabide telematikoen bidez bete ahal izan du zigorra, Etxeratek aipatu duenez, eta orain baldintzapeko askatasuna eskuratuta ez du kartzelara itzuli beharko.