Juan Joxe Agirre memoriaren aldeko «artisau nekaezina» omendu du Gipuzkoako Aldundiak
Euskal historia garaikidea ezagutzeko ezinbesteko funtsa garatu eta zaindu du mende erdiz Juan Joxe Agirre Lazkaoko Beneditarren Artxiboaren sortzaileak: 80.000 kartel, 35.000 pegatina, 8.000 argitalpeneko hemeroteka... Egindako lan «nekaezin eta aitzindariagatik» omendu du Gipuzkoako Aldundiak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak omenaldia egin dio gaur arratsaldean Lazkaoko Beneditarren Artxiboaren sortzailea den Juan Joxe Agirre Begiristain (Alegia, 1930) monje eta artxibozainari, Lazkaoko beneditarren elizan egindako ekitaldi hunkigarri batean. Ekitaldiak izaera herrikoia izan du, eta asko izan dira bertaratu direnak.
Giza Euskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendaritzak, Lazkaoko Udalarekin eta Lazkaoko Beneditarren komunitatearekin elkarlanean, antolatuko du aitortza ekitaldia. Lazkaoko Oinarin Dantza Taldeak, Garikoitz Mendizabal txistulariak, Aitor Furundarena soinujole ordiziarrak eta Lazkaoko Abesbatzak ere hartu dute parte. Felipe Altuna eta Aizpea Garmendiaren bertsoekin batera, guztiek dimentsio artistiko eta herrikoia eman diote omenaldiari.
Euskal historia garaikidea ezagutzeko ezinbestekoa den artxibo eta dokumentu funtsa garatuz eta zainduz, fraide alegiarrak dagoeneko mende erdiz gure herriaren hurbileko memoriari egindako ekarpena errekonozituko dute horrela.
«Herri baten memoriak behar ditu ikerlariak, ekintzaileak, aitzindariak, militanteak, langileak eta artisauak... Juan Joxe Agirrek egindako bideak dimentsio horiek guztiak batzen ditu», aitortu du Eider Mendoza diputatu nagusiak, eta gure herriaren memoriaren «aitzindari eta artisau» gisa definitu du elizgizon alegiarra. Berarekin batera, Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak eta erakundeetako hainbat ordezkarik parte hartu dute ekitaldian.
Agirreren lanaren ildoari jarraitzeko konpromisoa agertu du diputatu nagusiak, gure herriaren memoria historikoa «urratsez urrats, modu partekatuan» berreskuratzen eta babesten jarraitzeko, horrela euskara eta euskal kultura indartzen jarraitzeko eta, baita ere, Gipuzkoako gizartearen baitan «kultura demokratikoan sakontzeko».
Duela mende erdi hasi zen Lazkaoko Beneditarren Artxiboa sortzen eta, gaur egun, besteak beste, 80.000 kartel, 35.000 pegatina, 8.000 aldizkari, 150etik gora bilduma dokumental eta dohaintzan jasotako 70 artxibo dauzka gordeta, Gipuzkoaren eta Euskal Herriaren garapen historiko garaikidea aztertu eta ezagutzeko ezinbestekoak direnak.
1970. urtean Lazkaoko Beneditarren monasterioko bibliotekaren ardura hartu ondoren, Montserrateko abadian jasotako Bibliotekonomia ikasketei jarraituz, garai hartan gainerako liburutegi eta artxiboetan gordetzen ez ziren funtsak biltzeari ekin zion Agirrek; formatuaren aldetik bereziak zirenak –panfletoak, kartelak, pegatinak, ...– eta erbestean nahiz klandestinitatean ateratzen zirenak, alegia.
2011tik, Agirrek sortutako funtsa Lazkaoko Beneditarren Fundazioak kudeatzen du, monasterioaren ondoan eraikitako artxiboan. Hain zuzen ere, artxibozain beneditarrak egindako lanari jarraipena eta babesa emateko sortu zuten fundazioa Beneditarren komunitateak, Lazkaoko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Bere lan eta bizitza ibilbidean hainbat aitortza jasotakoa da Agirre, 1995ean Sabino Arana Saria jaso zuenetik. Ondoren etorri ziren Durangoko Liburu eta Disko Azokako Argizaiola Saria (1998), Euskal Pen Klubaren ohorezko luma (2007), Alegiko seme kuttun izendapena, Tolosako Galtzaundi Saria (2009) edota Manuel Irujo Saria (2009), besteak beste.
Agirre 2005eko otsailean atxilotua izan zen, ETAri laguntzea egotzita, baina ordu gutxira aske utzi zuten, epailearen aurrean deklaratu ondoren. Mikel Albisu hilabete batzuk lehenago atxilotu zuten Biarnoko Salies de Bearn-eko etxean hainbat agiri aurkitu ondoren atzeman zuten. Agirrerekin batera Marcel Etxandi beneditarra ere atxilotu zuten Ahurtiko Belokeko monasterioan.