Letterboxd
Erreminta eta webgune ugari daude ikusten ditugun film zein telesailen jarraipena, sailkapena edota puntuazioa behar bezala antolatzeko. IMDB eta Filmaffinity dira ziurrenik mitikoenak, baina azken urteotan beste batek indarra hartu eta sekulako gorakada izan du: Letterboxd. Nik neuk ere hau da azken boladan gehien erabiltzen dudan tresna.
Nitxozko sare sozial gisa hasi zena zinemazaleen funtsezko aliatuetako bat da, eta gaur egun 14 milioitik gorako erabiltzeak ditu. Bertan, erabiltzaileek ikusten dituzten filmak biltegiratzen dituzte, puntuatu egiten dituzte, iruzkinak idatzi eta baita zerrenda propioak sortu ere. ‘Pro’ izeneko harpidetza eginez gero gainera, ikusten duzun guztiaren inguruko estatistika eta datu oso interesgarriak eskuratu daitezke.
Horrela azalduta ez dirudi IMDB edo Filmaffinity bezalako proiektuen oso ezberdina, baina Letterboxd berezi egiten duena bere komunitatea da. Mota guztietako zinemazaleak topatu daitezke bertan eta beti da plazera proposamen berriak partekatzea eta deskubritzea.
Industriako profesionalen artean ere oso hedatua dago. Zinemagileak, aktoreak eta ekoiztetxeak gero eta kontzienteago dira Letterboxd-ek duen eraginaz –Sean Baker, Scorsese edo Coppola bezalako zuzendariek adibidez kontu bat dute plataforman–.
Eragozpen bakarra jarriko nioke: telesailak oraingoz ez daude katalogoan –miniserieak bai–. Dirudienez, hauek gehituz gero, askoz erabiltzaile berri gehiago ekarriko lituzke, baina horien arteko dinamikak alda ditzake eta, oraingoz, nahiago omen dute horrela mantendu.