INFO

Guggenheim Museorako sarrera doan izango da asteburu honetan

Urriaren 19 eta 20ko asteburuan Bilboko Guggenheim museoak dohainik zabalduko ditu ateak denontzat, bere hogeita zazpigarren urteurrena ospatzeko.

Hilma af Klint-i zabaldu berri zaion erakusketa. (Oskar MATXIN | FOKU)

Urriaren 19 eta 20ko asteburuan, beraz, Bilboko Guggenheim museoko sarrera doakoa izango da. Aldez aurretik erreserba zitezkeen online sarrerak agortuta daude honezkero, baina txarteldegian sarrerak egongo dira eskuragarri aforoa bete arte.

Museoaren ordutegia 10.00etatik 19.00etara izango da.

Bestalde, urriaren 20an, igandearekin, nazioarteko Drawing the Guggenheim marrazki topaketaren zortzigarren edizioa egingo da New Yorkeko, Veneziako eta Bilboko museoetan. Adin guztietako pertsonei zuzendutako jarduera da, eta bertan parte hartzeko beharrezko materiala (orriak eta arkatza) Museoak emango du izakinak agortu arte. Nork bere materiala ekartzeko aukera ere badago.

Zabaldu berri den Hilma af Klint artista suediarrari eskainitako erakusketa dago ikusgai,. Hilma af Klint-en (Stockholm, 1862–1944) ibilbidearen ikuspegi osatu bat da erakusketa eta bertan izango dira ikusgai bere hasierako lanak, gai tradizionalei lotuak, marrazki automatikoak eta sail nabarmenenak esaterako ‘Tenplurako pinturak’, Pertzeval edo atomoari eskainitakoa,baita azken akuarelak ere.

Bestalde, aste honetan jakin da museoaren bere Bildumako artistak modu interaktiboan esploratu ahal izateko ekainean aurkeztu zuen Kosmo tresna digitala Datuak bistaratzeko proiekturik onena kategorian hautatu duela epaimahaiak Lovie Awards 2024 sarietan.

KOSMO Museoaren Kide Korporatiboa den La Tempesta enpresarekin lankidetzan garatutako proiektua da, museoaren bilduman ordezkatuta dauden artisten berri emateko. Lovie Awards sariak kulturaren eta teknologiaren arloan bikaintasun digitala aitortzeko Europako saririk prestigiotsuenak dira. Epaimahaia Arte eta Zientzia Digitalen Nazioarteko Akademiako (IADAS) kideek osatua da –erakunde horrek kultura eta teknologia digitalean aditu diren 4.000 kide baino gehiago hartzen ditu bere baitan–.

Hamalaugarren edizio honetako sari banaketa datorren azaroan egingo da. Oraingoan, Europako 35 herrialdetako 1.200tik gora proiektu aurkeztu dira.