INFO

Alaia Martin «in crescendo», final-laurdenetako saioa irabazita

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen final-laurdenetako saio ospatu da larunbat arratsalde honetan Eibarren. Alaia Martin gailendu da eta zuzenean finalerdietako saiorako txartela eskuratu du, Agin Laburuk egin du bigarren.

Alaia Martin gailendu da eta zuzenean finalerdietako saiorako txartela eskuratu du. (Gorka RUBIO | FOKU)

Eibarko Coliseo antzokian abiatu dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final laurdenak. Areto betearekin gailendu da Alaia Martin, 531,5 punturekin. Berarekin batera kanturako seikotea osatu dute Eneko Araiztegik, Haizea Aranak, Agin Laburuk, Alaia Martinek, Manu Goigoganak eta Aratz Igartzabalek. Bigarren Agin Laburuk egin du 503,5 punturekin.

Hasierako agurren ostean zortziko handiko ariketarekin eman diote hasiera saio puntuagarriari. Ohiko joera da saioa behetik gora joatea, eta hala izan da larunbat arratsalde honetan ere; hala ere, txinpartak izan dira nagusi.

Martin eta Laburu koxka bat gorago aritu dira zortziko handian, oporretan santiago bidea egin nahi duten bi lagunen gorputzetatik kantatu dute, Laburuk motxilak eramateko laguntzarekin egin nahi du, Martinek, ordea ez. 60 urte dituztela kontatu du astigarragako bertsolariak eta ea «bizkarreko adina» ez den aski pisu. Martinek bidezidorrik gabe egin nahi izan du bidea: «...luxurik gabe egin nahi nuke/ ez suit eta ez jakuzzi/ nire gorputzaz harro egon nahi dut/ bere baba eta guzi». Umore zorrotzez erantzun dio Laburuk, mediku kontsulta ere oporraldiko planaren barnean sartzeko esanez.

Hamarreko txikian Aranak eta Laburuk osatutako ofizioa izan da osanguratsuena, lagunen paperean jarri ditu gai jartzaileak, Arana taxi gidaria eta Laburu tabernako zerbitzaria, igande goizaldean, bien lanaldia amaituta etxera bidean elkartu dira. Aranak bi lanak ezberdinak izanagatik, antzekotasunak dituztela gogoratu du: «Eta ni ibiltzen naiz/ bidaiak arintzen/ nahiz maiz etortzen diren mingain denak gizen/ edozer esaten ta/ edozer zikintzen/ gure lanak nahiz diren/ ongi desberdintzen/ biok bukatzen dugu/ botaka garbitzen». Laburuk, berriz, etxerako bidean daudela gogoratuz hitz egiteko proposamena egin dio: «...etxerako bideaz/ ari nintzen lagun/ aspaldi ez baikera/ gai honetaz jardun/ pasatako beldurrez/ hitz egin dezagun».

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen final-laurdenetako saioa.

Puntu erantzunetan aretoa txaloka jarri du Aranak, zorrotz ibili da ligatze aplikazioen inguruan jarritako puntuei erantzuten, ligatzeko formak aldatzea ez dela «gazteriaren kulpa», berak nahiago duela «orain eta hemen» edota tabernan ligatu, eta amaierarako aitorpen bat eginez, ligatzea zehazki zer den ez dakiela azaduz.

Bakarkako lanekin amaitu aurretik, zortziko txikian jardun dute bertsolariek. Araiztegik herriko informazioa iragartzen den panelean ikusi du bere lagun Martin ezkontzen dela, ez dio ezer kontatu. Beraiei izan ezik guztiei esan izana kritikatu dio Araiztegik, eta Martinek nahiz eta gonbidapenik ez jaso bere sobrea pozik jasoko duela esan dio. Zorrotz erantzun dio goierritarrak: «Sobran neroni nago/ nahiz ta zuk ez bota/ baina azal lodikoa/ nola degun Korta/ ez gonbidatuta re/ nei ez zait inporta/ gonbidau gabe joaten/ ohituta nago ta».

«Badakizu esango diozunak bizitza aldatuko diola» izan dute ganbarako ariketan hiru bertso osatzeko gaia. Orotariko bideak jorratu dituzte bertsolariek, Laburuk medikuaren paperetik neska gazte bati minbizia duela esan dio, Araiztegik amari etxetik doala esan dio, Aranak txikitako argazkiari bollera izateko.

Martinek ganbarakoan berarekin batera eraman du entzulea semearen gelara. Ohi duen dotoreziarekin narratu du semearen gelara joateko bidea lehenengo bertsoan: «Ahotsa dardarka motel/ sartu naiz bere kuartora/ arnasteko bat bi hiru/ lasai hartu dut denbora/ bizitza aldatuko zaio/ ezin itzuliz lehengora/ bere hartzeko indarra/ izango da suzko froga/ atea zabaldu dut ta/ berak begirada gora/susmatu du zerbait sobran/ baitu beregan ganora/ ta holaxe esan diot/ goxo belarri ondora/ umetxo bat jaioko da/ ta zure anaia izango da».

Eta hirugarrengoan, bere kontraesan, min eta pozak uztartuz bihotza ireki du: «Berak dorre bat bota du/ ukabilarekin sendo/ ta bere antsietatea/ sumatzen dut in crescendo/ zer egingo zaio laztana/ jaio bazinen lehenengo/ ezin zaitugu bihurtu/ berriz ere bigarrengo/ hau kontatzeko gogoa/ maitea nik neukan zero/ eta eztarrian traban/ hala izan dut goizero/ baina hauxe pentsatu nahi dut/ inozentzi osoz edo/ orain gorroto duzuna/ maiteko duzula gero».

Goigonak berriz, Zalbidarreko zabortegia erori zenekoak ekarri ditu gogora, bertako langilea zen Albertoren emazteari deitu eta gertatutakoa kontatuz eta egia bilatuko dutela azpimarratuz: «...susto itzela hartuagatik/ hemen dena da ondakin/ ba bai galduta geratu dira/ bai Alberto ta bai Joakin/ ahalegina egingo dugu/ egia nahi degu jakin».

Igandean izango da bigarren final laurdena Errenteriako Lekuona Fabrikan, 17.00etan hasita. Kantuan izango dira Beñat Gaztelumendi, Unai Gaztelumendi, Oihana Arana, Aitor Salegi, Iñigo Gorostarzu eta Beñat Iguaran. Jada sarrera guztiak salduta badaude ere, NAIZ irratian jarraitu daiteke zuzenean.

Sailkapena:

1. Alaia Martin 531,5 puntu
2. Agin Laburu 503,5 puntu
3. Eneko Araiztegi 469 puntu
4. Haizea Arana 458,5 puntu
5. Manu Goigana 448 puntu
6. Aratz igartzabal 438 puntu