INFO

Herrialde eta kultura ezberdinen arteko topagune izan da Zangoza

Igande honetako festaz gain, ugariak izan dira Nafarroa Oinez ekimenaren barruan ospatu diren jarduera eta ekitaldiak; hala nola Zangozako arkupeetan egindako Kulturarteko Eguna.

Kulturarteko Egunean herritarrek herrialde ezberdinetako jakiak dastatu eta haien kultura, tradizio eta ohituren berri izateko aukera paregabea izan zuten. (ZANGOZAKO IKASTOLA)

Nafarroa Oinezen helburuekin bat egiten duten ekitaldiak antolatu nahi izan dituzte antolatzaileek urte osoan zehar, eta xede horrekin berarekin egin zuten, martxoaren 23an, Kulturarteko Eguna. «Zangozako Ikastolak Nafarroa Oinez antolatzeko ardura hartu zuenean, helburua proiektu irekia eta inklusiboa izatea zen. Zangozaz gain, inguruko herri eta herrialdeak ere onuradun izatea nahi genuen», azaldu dute.

Kulturarteko Egunean herritarrek herrialde ezberdinetako jakiak dastatu eta haien kultura, tradizio eta ohituren berri izateko aukera paregabea izan zuten. Eta, hala, Zangozaldea aberasten duten kulturak elkartu, aurkeztu, eta guztiak batera ospatzeko jardunaldia izan zen.

Bertan bildu ziren Ekuador, Bolivia, Argentina, Ukraina, Errumania eta Peruko kulturetako txoko eta mahaiak, eta lurralde horietako elikagaiak aurkeztu zizkieten herritarrei. Ondoren, Peruko hainbat musika tresna erakutsi eta jo zituzten eta Ukrainako abestiak entzuteko aukera ere izan zen.

Gastronomia eta kultura ekitaldi horri esker, eskualdean bizi diren nazionalitateek beren kulturaren zati bat partekatu zuten, berezitasun gastronomiko eta kulturalak azalduz. Nazio bakoitzak stand bat izan zuen, eta euren kulturako plater tipikoak ezarri zituzten bertaratutakoek dasta zitzaten. Standean ere euren kulturaren alderdi ezberdinak erakutsi zituzten; besteak beste, eskulanak, jantzi tradizionalak, panelak eta beste gauza asko.

Ekitaldia ‘speaker’ edo hizlari batek gidatu eta girotu zuen, baina parte-hartzaileei ere ahotsa eman zieten nazio bakoitzaren berezitasunen inguruan zekitena adierazteko. Gainera, ekitaldian bildutakoek ere ikusi eta dastatzen zutenaren inguruan iritzia emateko aukera izan zuten. Ospakizunaren amaieran, bestalde, La Navarra edari ekoiztetxeak emandako hiru botilako bi sorta zozkatu zituzten bertan parte hartu zuten pertsonen artean.

Antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute aipaturiko ekimenaz eta oso pozik azaldu dira herritarrek izandako erantzunarekin. Diotenez, gisa horretako ospakizunak oso beharrezkoak dira gaur egungo gizartean; izan ere, herrialde ezberdinetako pertsonak bizi dira Euskal Herriko herrietan, eta aniztasun hori oso positiboa izateaz gainera, zaindu eta errespetatu beharreko alderdi bat da.

EKIMEN UGARI

Arestian aipaturiko ekitaldiaz gain, bestalde, beste hainbat eta hainbat izan dira Nafarroa Oinez jaiaren barruan urtean zehar egin diren ekimenak. Horien artean nabarmentzekoa da martxoan Zangozan bertan egin zen Ixabel Etxeberria idazlearen “Margarita, Nafarroako erregina” (1492-1549) liburuaren aurkezpena. Nafarroa Oinez eta Nafar Ateneoak elkarlanean bultzatutako jarduera horretan Margarita bezalako emakume aurrerakoi baten historia ezagutzeko parada izan zen.

Dagoeneko 27 urte bete dituen Artea Oinez erakusketa ere Iruñetik eta Zangozatik igaro da. Bestetik, JUUL hauteskunde literarioen sari banaketa ere Zangozan bertan ospatu zen maiatzean.

Baina ez hori bakarrik, Irunberrin pilota partiduaz ere gozatu ahal izan zuten ikusleek irailean. Eta, nola ez, San Fermin jaietan Oinez Txokoa egin zuten beste hamalau ikastolaren laguntzarekin. Gainera, Nafarroa Oinezen aurkezpena eta desfilea Zangozan egin zituzten, eta ondoren PIZTU Herriak ekimenarekin Kaseda, Ledea, Oibar, Gabarderal, Sada eta Esa herrietako txikitxoek primeran pasatu zuten jolasean.

Hortaz, urte oparoa eta denetariko ekitaldiz beterikoa izan dela aitortu dute Nafarroa Oinez antolatzen aritu diren kideek, eta lortutako emaitza bikaina izan dela adierazi dute.

Arbizuko oinez basoa, birmoldatuta

2023ko Nafarroa Oinezen ondorioz birmoldatutako Oinez Basoa maiatzean inauguratu zuen Andra Mari Ikastolak Arbizun. Basoa herriko Udalak utzitako lur komunalean kokatuta dago, Arbizuko Kanpinetik oso gertu. Oinez Basoaren ideia Andra Mari Ikastolak berak asmatu zuen 2009an. Hausnarketa baten ondorioz, ikusi zen beharrezkoa zela Nafarroa Oinez festak uzten zuen arrasto ekologikoa konpentsatzea. Ardura ekosozialak bultzatuta, euskara eta lurra batzen duen kontzientziazio tresna pedagogiko bilakatu da Oinez Basoa. 2009tik Nafarroan zehar 11 baso sortu dira eta 51.000 zuhaitz baino gehiago landatu dira.