INFO

Bibiane Schulze Athleticeko jokalaria eskuin belauneko lotailuko hausturatik operatu dute

Duela hilabete eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi ostean operatu dute Athleticeko erdiko atzelaria. Berandu baino lehen medikuaren sendagiria jasoko du eta orduan hasiko du errekuperazio prozesu luze eta nekeza. Gauzak ondo, zortzi bat hilabete inguru beharko dituela uste da.

Bibiane Schulze, irribarretsu ebakuntza gelatik pasa behar izanda ere. (@ATHLETIC CLUB)

Bibiane Schulze Athleticen emakumeen taldeko erdiko atzelaria ebakuntza gelatik igaro da astelehen honetan eta eskuineko belaunetik operatu dute. Duela hilabete, irailaren 21eko entrenamenduan, Real Madrilen aurka jokatu bezperetan, Athleticeko jokalariak eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi zuen zorigaiztoko jokaldi baten ondorioz.

Artikulazio horretako haustura konpontzeko ebakuntza egin diote Alemaniako selekzioarekin pasa den udan Olinpiar Jokoetan brontzezko domina irabazi duen jokalariari eta ebakuntza espero bezain ondo atera da behintzat, Athleticek bere webgunearen bitartez aditzera eman duenaren arabera. Gauzak ondo, datozen orduetan ospitaleko medikuaren sendagiria jasoko duela espero da.

Horren ostean etorriko da azaroaren 12an 26 urte beteko dituen jokalariaren errekuperazio prozesu, ia beti luzea bezain neketsua. Prozesu hori behar bezala joanez gero, zortzi bat hilebete beharko ditu erdiko atzelariak berriz ere futbol zelaietara itzultzeko, ia denboraldia amaitzeaz bat. Gogoan izan behar da, bestalde, Bibiane Schulzek 2025eko ekainaren azkenean amaitzen duela kontratua Athleticekin.