INFO

Macy Callaghan eta Marco Mignot nagusi Challenger Series itzuliko azken txapelketan

Macy Callaghan australiarrak eta Marco Mignot frantsesak irabazi zuten Brasilen egin zen CS itzuliko azken txapelketa. Lehen mailara igoko diren surflariak izendatu dira, eta Nadia Erostarbe ez dago haien artean, baina oraindik ordezko postu bat eskuratzeko aukera du.

Marco Mignot, olatu gainean «hegan». (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Challenger Series zirkuitua osatzen duten sei txapelketak eginda lehen mailara igoko direnen zerrenda zehaztu dute. Itzuliko azken txapelketa Brasilen egin zuten eta erabakigarria izan zen. Macy Callaghan eta Marco Mignot izan ziren irabazleak, Saquareman urriaren 16an metro bateko olatuekin amaitu zen txapelketan.

Nadia Erostarbek ezin izan zion eutsi CS rankingeko bosgarren postuari eta lehen mailara igo diren lehiakideen zerrendatik kanpo geratu zen. Seigarren postuan geratu zenez, lehiakideren batek huts egiten badu, haren postua bete ahal izango du zarauztarrak. Lehen mailan diren 17 lehiakideetako batek lesio batengatik lehiaketa uzten badu, Erostarbek haren lekua har dezake. Horrela izango balitz, lehen mailan lehiatzea lortzen duen hego Euskal Herriko aurreneko neska izango litzateke.

Ariane Ochoa, eta Gonzalez Etxabarri ahizpak (Annette eta Janire) ere izan ziren Brasilgo txapelketan. Itzuliko azken lehiaketa zenez, lehia bortitza izan zen. Baina, hala ere, euskal surflariek sasoi onean daudela erakutsi zuten. Janirek, esate baterako, final laurdenetara iristea lortu zuen.

Callaghan eta Mignot

Nesken kategorian Macy Callaghan australiarra nagusitu zen Brasilen, baina garaipenak ez zion lagundu lehen mailara igotzen, ranking orokorrean oso behean baitzegoen. Aitzitik, finalean arerio izan zuen Vahine Fierro tahitiarrak lehen mailara igotzea lortu zuen, Saquareman lortutako bigarren postuari esker. Hain zuzen ere, bera izan zen rankingean postu bat gora egin eta Erostarberi bosgarren postua ebatsi ziona.

Saquareman egindako lehiaketako podiuma. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Mutilen kategorian, ostera, Marco Mignot frantsesak txapelketa irabaztearekin batera lehen mailara igotzea ere lortu zuen, hamahirugarren postutik hirugarren tokira igotzea lortu baitzuen. Gauza bera gertatu zen finalera iritsi zen beste lehiakidearekin. Saquareman lortutako bigarren postuari esker, Deivid Silva brasildarra rankingeko bosgarren postura igo eta lehen mailarako sailkatu zen.

Bi «europar»

Mutilen kategorian lehen mailara igotzea lortu duten hamar lehiakideetatik sei brasildarrak dira, beste bi hawaiiarrak, eta azkenik, hawaiiar bat eta frantses bat. Nesken kategorian, ostera, lehen mailara igo diren bost surflarien herritartasuna anitzagoa da: bi australiar, estatubatuar bat, kanadar bat eta frantses bat.

Adierazgarria da mutilen zein nesken kategorian lehen milara igo diren bi frantsesen jatorria, bata tahitiarra baita, eta bestea, Kaledonia Berrian jaioa. Vahine Fierro tahitiarrak Frantzia ordezkatu zuen Olinpiar Jokoetan, eta, horrez gain, iazko denboraldian oihartzun handia izan duen surflaria da, olatu handietan sekulako maila erakutsi baitu. Lehen mailan izango den beste europarra, Marco Mignot da, Mexikon bizi den Kaledonia Berriko surflaria.

Euskal surflariak

Nadia Erostarbe zarauztarra CS itzulia osatzen duten sei txapelketetatik bitan final erdietara iritsi zen, eta beste bitan, final laurdenetara. Horrela, denboraldi guztian lehen bost postuetako batean egon zen, baina ez zuen emaitza hobeagorik eskuratu Portugalen eta Brasilen egin ziren azken txapelketetan, eta seigarren postura jaitsi zen.

Hala ere, denboraldia seigarren postuan amaitu duenez, hurrengo urtean ere CS mailan jarraitu ahal izango du Erostarbek, eta, gainera, lehen mailako lehiakide batek arrazoi desberdinengatik bere plaza libre uzten badu, zarauztarrak toki hori ordezteko aukera izango du. Izan daiteke, puntualki txapelketa batean, edo baita itzuli osoan ere, baldin eta plaza uzten duen pertsonak epe luzerako lesioa badu.

Nadia Erostarbe zarauztarra, uretatik irteten. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Aurtengo CS itzulia egin duten beste bi euskal surflariak Ariane Ochoa eta Janire Gonzalez Etxabarri dira. Eta azken txanpan Annette Gonzalez Etxabarri batu zaie, Europako Junior titulua irabazi ostean, CS itzuliko azken bi lehiaketetan parte hartu ahal izan baitu. Ariane Ochoa bilbotarrak 43. postuan amaitu du CS itzulia; hortaz, QS mailan emaitza onak bildu beharko ditu hurrengo urtean CS mailara igo ahal izateko. Bi postu beherago geratu da Annette, baina kontuan hartu behar da soilik bi txapelketetan parte hartu zuela.

Janire final laurdenetara iritsi zen Saquareman eta 21. postuan amaitu du zirkuitua. Lesio batengatik ezin izan zituen itzuliko lehen bi txapelketak egin Janirek; beraz, herren hasi zuen denboraldia, baina nahiko ongi amaitu duela esan daiteke, nahiz eta hurrengo urterako plaza ziurtatzeko oraindik lanean jarraitu beharko duen.