Gaztetuta eta neguko egutegian egonkortuta dator Gernika Winter Series
Gernika Winter Series txapelketaren laugarren edizioa hasiko da urriaren 28an, urriko azken astelehenaren baitan. Koadroan lau aldaketa daude –tartean, Urreistiren debuta– eta ohi baino hiru partida gehiago jokatuko dira. Jada 1.200 bono daude salduta eta partidako 600 sarrera jarriko dira salgai.
Jai Alai League denboraldia bukatu –Barandika eta Lopez bikoteak irabazita– eta beste bati hasiera emango zaio hurrengo astean, Gernikan ospatzen den urriko azken astelehenaren baitan. Winter Seriesak bere laugarren edizioa izango du aurten eta berritasun asko iragarri dituzte asteazken honetan egin duten aurkezpenean.
Bidasoaren bi aldeko txapelketa guztiak uztartzen dituen Jai Alai League-k zesta-puntako egutegia hazi eta egonkortu egin du azken urteetan. Uda oparoa izan ostean, iritsi da neguko txapelketa zirraragarrienaren txanda; hain zuzen ere, ligarako puntuagarria den lehendabiziko torneoa: Gernika Winter Series.
Urriaren 28an hasi eta otsailaren 16an final handiarekin bukatuko da –ETB1ek emango ditu partida guztiak, 22.20etatik aurrera–, bi astelehenetan jardunaldi bikoitza jokatuta. Jada 1.200 bono salduta daude –alegia, pilotalekuaren kasik hiru laurdenak beteta egongo dira astelehenero– eta jardunaldi bakoitzerako beste 600 sarrera jarriko dira salgai.
Lehen jardunaldi bikoitza hurrengo astelehenean jokatuko da, Gernikako azken asteleheneko azoka egun hain sinbolikoa probestuta. Goitia-Del Rio eta Urreisti-Gorka norgehiagokak irekiko du txapelketa eta segidan, Erkiaga-Ibarluzea –iazko bikote txapelduna eta errepikatzen den bikote bakarra– eta Johan-Lekerika bikoteek neurtuko dituzte indarrak.
Ohi bezala, bi multzotan banatuko dira zortzi bikoteak eta iazkoarekin alderatuta, lau berritasun daude koadroan. Nabarmentzekoa, Eñaut Urreisti mutrikuarrak (20 urte) debuta egingo duela egutegiko txapelketa garrantzitsuenean eta Thomas Urrutia baxenafarra (23 urte) , bi urte beranduago, Gernikara itzultzen dela; hala, itzulera handia izango da baita ere Xabi Barandika eta Jon Zabalarentzat. Lesio larria tarteko, iaz huts egin zuten txapelketan eta gogotsu itzuliko dira. Aurrelari gernikarrak, gainera, erakutsi du maila onean dagoela, aipatu Jai Alai League-ko txapeldun izan baita, azken txanpa erabakigarrian Imanol Lopez bizkarzain izan duela.
Modu honetan, multzo bakoitza osatuko duten bikoteak orekatuak diren arren, bi bikote nabarmentzen dira. A multzoan Barandika-Lopez izango da bikote faboritoetako bat, Jai Alai League txapelketan onenak izan baitira eta B multzoan, iazko txapeldun Erkiaga-Ibarluzea nabarmentzen dira.
Gaztetasuna
Kontuan hartu beharreko beste datu bat pilotarien batazbesteko adina da, antolakuntzatik nabarmendu nahi izan dutenez. Duela lau urte hain zaila zirudien belaunaldi aldaketa hori, gertatu da. Winter Serieseko lehen edizioan pilotari bakarra zegoen 30 urtera heltzen ez zena. Aurtengo edizioan, hamar izango dira eta hauetatik sei, 25 urtez azpikoak dira: Urreisti (20), Johan (22), Gorka (23), Urrutia (23), Goitia (23) eta Manci (24).
Beteranoenak Lopez (40) eta Erkiaga (37) dira eta tartean daude, Basque (28), Ibarluzea (28), Del Rio (28), Lekerika (29), Laduche (30), Barandika (34), Olharan (35) eta Zabala (35).
Hiru pilotarik gainera, Floridatik Euskal Herrirako bidaia egingo dute Winter Seriesean parte hartzeko. Eñaut Urreisti eta Gorka Sorozabal, Dania Jai Alain 3 hilabeteko denboraldia jokatuko dutenak, eta Magic City-ko frontoian dagoen Alex Goitia markinarra.
Finalerdietako ligaxka
Beste nobedade handiena finalerdietan jokatuko den ligaxka izango da, honekin inoizko txapelketarik luzeena izango da laugarren edizio hau. Iazkoarekin alderatuta, 16 partidatik 19ra pasako da. Dena dela, 17 jardunalditan banatuko dira, ohi bezala, bi egunetan partida bikoitza jokatzen. Lehen jardunaldiaz gain, abenduaren 30ean jokatuko dira bi partida.
Finalerdietara iritsiko diren lau bikoteek “ligaxka” formatuan jokatuko dute, denak denen aurka eta bi bikote onenak final handira pasako dira. Modu honetan, 3. posturako jardunaldia ezabatzen da. Txapelketak emozioa irabazi eta maila altuko partidua kopurua handitzea espero dute antolakuntzatik.
Epaile propioa bideo-arbitrajean
Txapelketak bideo-arbitrajea izaten jarraituko du (‘Zalantzen Txokoa’) baina aldaketa nabarmen batekin. Aurrerantzean epaile propio bat izango da jokaldiak pantailan errepasatuko dituena. Kantxako epaileek ez dituzte euren erabakiak zuzendu edo mantenduko.
A MULTZOA
Urreisti-Gorka
Barandika-Lopez
Goitia-Del Rio
Laduche-Manci
B MULTZOA
Johan-Lekerika
Olharan-Zabala
Urrutia-Basque
Erkiaga-Ibarluzea
EGUTEGIA
1. jardunaldia, urriak 28 (18.00etan)
Goitia-Del Rio vs Urreisti-Gorka
Erkiaga-Ibarluzea vs Johan-Lekerika
2. jardunaldia, azaroak 4 (19.30ean)
Olharan-Zabala vs Urrutia-Basque
3. jardunaldia, azaroak 11 (19.30ean)
Urreisti-Groka vs Barandika-Lopez
4. jardunaldia, azaroak 18 (19.30ean)
Erkiaga-Ibarluzea vs Olharan-Zabala
5. jardunaldia, azaroak 25 (19.30ean)
Urreisti-Gorka vs Laduche-Manci
6. jardunaldia, abenduak 2 (19.30ean)
Johan-Lekerika vs Urrutia-Basque
7. jardunaldia, abenduak 9 (19.30ean)
Laduche-Manci vs Barandika-Lopez
8. jardunaldia, abenduak 16 (19.30ean)
Goitia-Del Rio vs Laduche-Manci
9. Jardunaldia, abenduak 23 (19.30ean)
Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio
10. jardunaldia, abenduak 30 (19.30ean)
Johan-Lekerika vs Olharan-Zabala
Erkiaga-Ibarluzea vs Urrutia-Basque
Finalerdietako ligaxka, lau bikote onenekin
6 jardunaldi jarraian: urtarrilak 6, 13, 20, 27 eta otsailak 3, 10 (19.30ean)
Final handia: Otsailak 16, igandea (goizez)