INFO

Bizkaiko saltoki txikiak, tokiko ekonomiaren zutabe

Bizkaiko Foru Aldundiak eragin handiko kanpaina bat aurkeztu berri du, herrialde honetako saltoki txikiaren irudi berritua eta eguneratua eskaintzeko, garai berrietara egokitzeko duen gaitasuna eta tokiko ekonomiarentzat duen garrantzia nabarmenduz.

Elixabete Etxanobe, Bizkaiko merkatarien elkarteetako ordezkariekin. (GARA)

Bizkaiko saltoki txikiek erronka handiei aurre egin behar diete, teknologia, demografia eta ingurumen eraldaketen ondorioz. Baina ez hori bakarrik, operadore handien lehiari eta digitalizazio beharrari ere aurre egin behar diete. Testuinguru horretan, Bizkaiko Foru Aldundiak zenbait ekintza bultzatzen ditu, BilbaoDendak, Bizkaidendak (Bizkaiko Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu Enpresen Federazioa) eta Cecobi (Bizkaiko Merkataritzako Enpresa Konfederazioa) merkatarien elkarteekin lankidetzan, tokiko merkataritzaren lehiakortasuna hobetzeko eta negozio eredu berritzaileago, digital eta hurbilago bateranzko eraldaketa sustatzeko.

Ahalegin horretan, urriaren 7an, Bilboko Euskalduna Jauregian Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak tokiko merkataritza txikiari laguntzeko kanpaina berria aurkeztu zuen. “Bizkaiko merkataritza. Oso Pro. Proaktiboa. Profesionala. Eta oso gertukoa” izenburua daraman kanpainaren helburu nagusia herrialde horretako merkataritzaren irudia berritzea da, garai berrietara egokitzeko duen gaitasuna eta tokiko ekonomiarentzat duen garrantzia nabarmenduz.

Etxanobek adierazi zuenez, «kanpaina honen bidez esan nahi dugu Bizkaian dauden 11.000 erakusmahaietako bakoitzaren atzean pertsona proaktiboak, profesionalak eta oso gertukoak daudela. Bizkaian oso pro diren 46.000 merkatari baino gehiago daude».

Horretarako, alde batetik, kanpainak sektorearen digitalizazioa sustatuko du, tailerren, aholkularitzen eta prestakuntza ikastaroen bidez, eta, bestetik, saltokietako profesionalizazioa eta berrikuntza bultzatuko ditu, zenbait jardunaldi, prestakuntza programa eta aholkularitza espezializatuen bidez.

Horrekin batera, hurbileko merkataritza ikusgarriago egingo du, kontsumo arduratsurako duen garrantzia nabarmentzeko, eta, genero berdintasuna sustatzeaz batera, emakumeak merkataritzan duen lidergoa ikusaraziko du, sektoreko langileen %68 emakumeak baitira.

ERAGIN HANDIKO KANPAINA

”Oso Pro” kanpainak ibilbide luzeko ikuspegia du, eta legegintzaldi osoan zehar hedatuko diren zenbait fase ditu. Helburua da Bizkaiko saltoki txikiaren pertzepzioa hobetzea, ez soilik kontsumitzaileen artean, baita merkatarien artean ere, lanbidearekiko harrotasuna sustatzeko eta beren negozioak kontsumo joera berrietara (aurrez aurre zein modu digitalean) egokitzera bultzatzeko.

Bizkaiko merkataritzaren irudi berrituak profesionaltasuna, proaktibitatea eta hurbiltasuna nabarmentzen ditu funtsezko ezaugarri gisa. Kanpainak hamabi saltoki protagonistaren kolaborazioa jaso du. Saltoki horiek Bizkaiko hainbat tokitakoak dira, eta lurralde, genero eta sektore aniztasuna adierazten dute, bai eta berrikuntzarekiko konpromisoa ere.

Plangintzaren aurkezpenean parte hartu zuen Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatu Ainara Basurkok adierazi zuenez, kanpaina jendaurrean erakusteko, Bizkaiko merkataritzaren isla diren egungo kolore bizi askotan egindako piezak erabiliko dira. Inpaktu ahalik handiena lortzearren, hainbat formatu eta kanaletan agertuko da, hala nola sare sozialetan, autobus markesinetan, kanpoko pantailetan, tren geltokietan, zinemetan, tranbietan, komunikabide digital nahiz analogikoetan eta streaming plataforma nagusietan.

Azkenik, kanpainaren aitzindariak diren hiru merkatari berritzailek “Bizkaiko merkataritza. Oso Pro” esperientziaren berri eman dute. Igorreko Arratek Informática enpresako Unai Garcíak, Gernikako Gakoak Interiorismoko Idoia Atekak eta Bilboko R-evoluciona Taller de Cueroko Fernando Cabok azaldu dute nola espezializazioa, pertsonalizazioa eta iraunkortasunaren aldeko apustua funtsezkoak izan diren, gero eta lehiakorragoa den merkatu batean ezberdinak izateko, eta Bizkaiko tokiko merkataritzaren alde egitea oso «pro» dela erakutsi dute.

Kanpainak balioa eman nahi dio Bizkaiko merkatarien eguneroko ahaleginari; izan ere, beren profesionaltasun, proaktibitate eta hurbiltasunarekin lurraldearen kohesioari eta garapen ekonomikoari laguntzen diotela nabarmendu nahi izan du Foru Aldundiak.

CECOBI SARIAK

Bestalde, joan den urriaren 11n CECOBI 2024 Sarien Gala ospatu zen Euskalduna jauregian, tokiko merkataritzaren bikaintasuna saritzeko eta bultzatzeko. Edizio berezia izan da aurtengoa, alde batetik, aintzatespen horiek 25 urte bete dituztelako, eta, bestetik, agur hunkigarria eskaini zitzaiolako Pedro Campo presidenteari, 40 urte merkatalgoaren patronalari lotuta eta 20 urte CECOBI zuzentzen jardun ondoren.

Merkataritza sektoreko 300 pertsona inguru bildu ziren ekitaldian, eta udalerri batzuetako ordezkariak, Bilboko Udaleko agintariak, Eusko Jaurlaritzakoak eta Bizkaiko Foru Aldundikoak ere bertan izan ziren.

Guztira, eskualdeko sei sari eta lau sari berezi banatu zituzten. Ezkerraldea eta Arratia-Nerbioi eskualdeko komertzioen artean, Sestaoko Teresa Ferrero Estilistas enpresak jaso zuen saria; Uribe Kostan, Leioako Boutique Loycar; Enkarterrin, Mimetizko Nattex Zalla Descanso; Meatzaldean, Abanto Zierbenako Lealauto tailerra; Busturialdea, Lea Artibai eta Durangaldean, Gernikako Fermin Berria; eta Bilbo Handian, Txurdinagako Mercería Labores Ugalde.

Sari bereziei dagokionez, hauexek izan ziren aintzatespena jaso zuten komertzioak: Abandoko Luz Bilbao (ibilbide profesionala), Mañariko Homyvet (berrikuntza), Bilboko Los Encajeros (belaunaldien arteko erreleboa) eta Santurtziko Leyre Doueil (made in Bizkaia).