INFO

Alkartasuna sariak: Baleak, Philippe Aramendi, Jokin Etxebarria eta Irungo Harrera Sarea

Euskal kultura eta euskara sustatzeagatik, normalizazio politikoari eta gizarte-kohesioari egindako ekarpenengatik eta migratzaileekin egindako lan humanitarioagatik, Nestor Basterretxearen ‘Zazpiak bat’ domina jaso dute saridunek larunbat honetan Baionan.

Baionako Le Bayonne hotelean egindako ekitaldian banatu dira sariak. (@ealkartasuna)

Alkartasuna Fundazioak 2024ko Alkartasuna sariekin omendu ditu Baleak Elkartea eta Philippe Aramendi abertzale historikoa, euskal kultura bultzatzeko egindako lanagatik; Jokin Etxebarria ‘Bake Bidea’ mugimendu zibileko kidea Euskal Herriaren garapen eta kohesioari egindako ekarpenengatik; eta Irungo Harrera Sarea, migratzaileekin egindako lan humanitarioagatik.

Sariak larunbat honetan banatu dira, Baionako Le Bayonne hotelean egindako ekitaldian.

Alkartasuna Fundazioak aintzat hartu du Baleak Elkarteak 1987tik euskal kultura eta hizkuntza sustatzeko egin duen lana. Euskara ikastaroak, bertso saioak, euskal kantutegi herrikoia zabaltzeko jarduerak edota topaketa gastronomikoak antolatu dituzte urte hauetan zehar.

Philippe Aramendi abertzale historikoak ere omenaldia jaso du. Ibilbide luzea egin du Urruñako hezkuntza eremuan euskararen sustapenean, bai Seaska Ikastolen Elkarteko lehendakariorde gisa, Piarres Larzabal Kolegioaren eta bertako ikastolen buru bezala edo Ezkerreko Mugimendu Abertzalea (EMA), Abertzaleen Batasuna (AB) eta Euskal Herria Bai (EH Bai) koalizioko militantziaren bidez. Gaur egun Urruñako alkatea da eta Euskal Herriko Mankomunitateko kidea.

Normalizazio politikoari eta gizarte-kohesioari egindako ekarpenengatik jaso du saria Jokin Etxebarriak Euskal Herriko bake prozesuaren aldeko ‘Bake Bidea’ mugimendu zibileko kideak. Euskal preso eta iheslari ohiei herritartasun estatusa berreskuratu eta bizitza duina berreraikitzeko laguntza ematen dien Ipar Euskal Herriko Harrera Elkarteko koordinatzailea ere bada.

Irungo Harrera Sareak egindako lana ere aitortu du Alkartasuna Fundazioak. 2018an sortu zen auzo-antolakuntza solidariotik, prekarietate eta abandonu egoeran dauden migratzaileei harrera duina egiteko. Elikagaiak, garbiketa, arropa eta osasun-laguntza ematen ditu eta, horrez gain, arreta humanitario integralerako eskubidearen aldeko kontzientziazio-ekintzak antolatzen ditu.