Lehen mailako arretakoak ez diren lan burokratikoak baztertzera deitu dute
Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak lehen mailako arretari ez dagozkion eta profesionalak gainkargatzen dituzten burokrazia-lanak alde batera uztea planteatzen duen kanpaina abiarazi du. Profesional guztiak gonbidatu dituzte ekimenarekin bat egitera, kalitatezko arreta bermatzeko.
Lehen Arretako profesionalak biltzen dituen Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak desburokratizazioa eta kalitatezko osasun-arreta bermatzea helburu duen kanpaina abiarazi du. Zerbitzuak bizi duen krisi estrukturalaren aurreko neurria da, urteetan egindako salaketak eta proposamenak baztertuak izan ostean. «Nazkatuta gaude eta ekintzara pasako gara», adierazi dute.
Ohar batean gogoratu dute «pertsonan, eta haren testuinguru sozial eta komunitarioan oinarritzen» den eredua dela lehen arretarena, eta «sarbidea, ekitatea, beste maila batzuekiko koordinazioa eta jarraikotasuna balioengatik nabarmentzen» dela. Oroitu dute, «jarraikortasuna, gainera, pertsona berak denboran zehar jarraitua izatean» datzala, eta datu zientifikoen arabera horrek %25 murrizten duela heriotza-tasa.
«Beharrezko erreformen ezarpen erreala eskatzeko eta arreta kalitatea hobetzeko», ‘Ondo Egin’ kanpaina jarri dute abian, profesionalak gainkargatzen dituzten burokrazia-lanak alde batera uzteko proposatuz. Ospitaleko pazienteen aldi baterako ezintasunaren kudeaketa edo gaitasun-ziurtagiri medikoen izapidetzea bezalako tramiteak ahaztea planteatzen dute: «karga burokratiko horrek zuzeneko arretarako denbora murrizteaz gain arriskuan jartzen du pazienteen segurtasuna, tratamenduak behar bezala jarraitzeko gaitasuna mugatuz».
Lehen arretari ez dagozkion eginkizunak
Azaldu dutenez, ekimenaren barruan, uko egingo diete 2. mailari dagozkion administrazio-kudeaketei eta lehen mailako arretan egin behar ez direnei, eta zehaztu dute horien artean daudela «osasun karpetarako ez diren sinadura digitalak, lehen arretan ez eskatutako anbulantzia-bolanteak, lehen arretan preskribatura ez dauden tratamenduak edota lehen arretak agindu ez dituen sendagaiekin izandako gorabeherak».
Era beran, uko egingo diote lehen arretan eskatu ez diren frogen baimen informatuak eta haurdunaldi buruzko txostenak egiteari baita lehen arretak eskatu ez dituen proba osagarriak eskatzeari edota atseden agiriak egiteari. Bigarren mailak iradokitako beste espezialitate batzuetara bideratzea edo ez bertaratzeagatik deribazio berria egitea ere badaude zerrendatutako eginkizunen artean.
Nabamendu dutenez, «kanpinaren helburua argia da: arreta medikoari denbora eskaintzea, hau da, osasuna sustatzea, gaixotasuna prebenitzea eta tratatzea, eta administrazio-lanen zama murriztea».