INFO

Peio Etxeberria finalerdietan da, neurketa oso gogorrean Laso menderatuta (19-22)

Zenoztarra 16-12 galtzen joan da, baina azken txanpan aurkariak baino gehiago asmatu du. Bilboko partidan Elordik Peñaren kontra 22-21 irabazi duenez, Laso eta Elordiren arteko irabazlea izango da beste sailkatua. Peña aukerarik gabe geratu da.

Peio Etxeberria, Labriteko partidan pilota astintzen. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Peio Etxeberria Lau eta Erdiko finalerdietan izango da aurten ere. Labriteko partidan 19-22 menderatu du Unai Laso, 329 pilotakada izan dituen borroka ezin gogorragoan, eta Bilboko neurketan Elordik irabazi duenez, zenoztarrak hurrengo faserako sailkapena ziurtatu du. Bigarren txartela Laso eta Elordiren arteko irabazlearentzat izango da, eta Peña aukerarik gabe gelditu da.

Gaurko demak utzi duen beste gogoeta epaileen lanaren ingurukoa da. Motzegi ateratako bi sake ontzat eman ditu epaileak, arrastoaren gainean bote egin duen Lasoren 4-7koa eta arrastora iritsi ere egin ez den Etxeberriaren 14-12koa. Egia da pilotak daraman abiadurarekin ez dela erraza izaten erabakia hartzea, baina zesta puntako Winter Series txapelketan abian jarriko den pantaila bidezko epaiketa sistema gertutik jarraitu beharko luke esku pilotak ere.

Oso fase desberdinak

Azkenaldian erakutsitako sendotasunaren bidetik, Peio Etxeberriak oso bizi ekin dio gaurko demari. Nahiz eta sakearekin gehiegi asmatu ez, piloteoan ederki mugitu du Unai Laso eta hasieratik pilatzen joan diren tanto gogorretan bera izan da inspiratuago aritu dena. Oso urrutitik jo duen horma-biko batekin lortu du adibidez 1-3koa, eta bost tantoko partzial bati hasiera eman dio 1-7 aurreratuz.

Lehen zati horretan Unai Laso nahiko galtzaile aritu da, baina azkar irauli du egoera. Sakeari eta ondorengo pilotakadari bizitasun handia emanez, Etxeberria estuasunetan sartu du behin eta berriz. Errematean agian ez da beste batzuetan bezain distiratsu ibili, baina gaur ere eman du bere klasearen berri.

Gantxoz 3-7koa edo 7-9koa, ezker horman pilota bihurrituz 6-9koa eta 8-9koa, horma-bikoz lau tanto benetan ikusgarri... Bizkarretakoak markagailua erabat iraultzea lortu du 16-12 aurreratzeraino, eta jokoan agintzen ari zen une horretan, pilota oso bizi mugituz.

Baina Peio Etxeberriak ez du ia inoiz burua galtzen –iazko finala izango da seguraski salbuespen bakarra–, eta nahikoa izan da Lasok airez egin duen akats bat zenoztarrak berriz ere jokoaren ekimena hartzeko.

Andoni Gaskue botileroak hala erregututa, abiadura eta norabide gehixeago eman dio sakeari, eta min egin du. Zenoztarra 16-18 aurreratu duen sei tantoko partzialean sakez egindakoak hiru izan ditu. Baina Laso gai izan da 19-19 berdintzeko, lehen aipatutako horma-biko ikusgarri horiekin.

Bi pilotariak oso nekatuta iritsi dira azken txanpara, eta hor Peio Etxeberria izan da sendotasun handiagoa erakutsi duena, hutsik egin gabe 22ra iritsi eta finalerdietarako sailkapena lortuz.

«Oso pozik nago, beste urte bat onenen artean», onartu du Aspekoak neurketa amaieran, arnasari oraindik buelta eman ezinik. «Partida zaila izan da, tentsio handikoa. Biok izan ditugu momentu kritikoak, oso erritmo bizian jokatu dugulako. Banekien kantxan egon behar nuela, pilotakada bat gehiago sartu, eta oso pozik nago helburua lortu dudalako».

Unai Laso, aldiz, haserre agertu da bere buruarekin. «Sufritu behar nuenean ez dut sufritu. Opari asko egin dizkiot. Berak maila oso ona eman du, ez diot meriturik kendu nahi, baina nik ez dut ongi jokatu. Ez nintzen ongi sentitzen, presaka jokatu dut, eta maila honetan pazientzia gehiago behar da», adierazi du. Hori bai, datorren asteko partida erabakigarrirako gogotsu agertu da.

FITXA

Pilotakadak: 329. Partidaren iraupena: 73 minutu eta 46 segundo. Markagailua: 0-2, 1-2, 1-7, 4-7, 4-9, 9-9, 9-10, 14-10, 14-12, 16-12, 16-18, 18-18, 18-19, 19-19 eta 19-22. Sakez: 2 Lasok eta 4 Peio Etxeberriak. Jokoan eginak: 11 Lasok eta 8 Peio Etxeberriak. Galdutakoak: 9 Lasok eta 6 Peio Etxeberriak. Gertaerak: Giro aparta Iruñeko Labrit pilotalekuan. Jon Mariezkurrena izan da Lasoren botileroa eta Andoni Gaskue Peio Etxeberriarena. Lehen sakea, urdin.

 

Elordik, asko sufrituta

Bilboko partidan, Aitor Elordik 22-21 menderatu du Jon Ander Peña. Hasiera parekatu baten ostean, Mallabiako aurrelariak aurrea hartu du eta bera izan da ia beti markagailuan agintzen joan dena.

Peñak 13-14koan aurrea hartzea lortu du, baina Elordik azkar berreskuratu du abantaila eta 21-17 jarri da. Partida ixtea, ordea, kosta egin zaio, eta Peñak neurketa 21-21 berdintzea lortu du. Azken tantoa bizkaitarraren alde erori da eta horri esker azken jardunaldian Lasori irabaziz gero finalerdietan izango da. Peña, aldiz, aukerarik gabe gelditu da.

Elordi, tanto bat ospatzen Bilboko partidan. (Marisol RAMIREZ / FOKU)