INFO

Asisko Urmenetaren ‘Ni ez naiz sorgina’ dokumentala sostengatzeko crowdfunding kanpaina abian

‘Ni ez naiz sorgina. Suak errerik, keak gorderik’ dokumentala ekoitzi eta filmatu ahal izateko crowdfunding kanpaina abiatuko dute azaroaren 11n. Asisko Urmenetaren gidaritzapean, «prozesu historiko ilun haren ikuspegia aldaraztea» du xede lanak.

Asisko Urmenetak zuzenduko du dokumentala. (Jon URBE | FOKU)

Asisko Urmenetaren zuzendaritzapean egingo den ‘Ni ez naiz sorgina. Suak errerik, keak gorderik’ dokumentala sostengatzeko crowdfunding kanpaina azaroaren 11n abiatuko da. Akelarre eta sorgin erreketak begian hartuta, «prozesu historiko ilun haren ikuspegia aldaraztea» izango du xede lanak.

Ohar bidez azaldu dutenez, egitasmoaren helburua dibulgazio lana da, «modu pedagogikoan prozesu historiko konplexu hura azaldu, bai eta hark gurean utzi duen arrastoa ere. Honekin guztiarekin, zalantzan jarri nahi da iritsi zaigun kontakizuna, bai eta gogoeta eragin ere gurean hain indartsu diren ospakizunen inguruan: akelarreak, sorgin erreketak eta beste».

Horretarako irudigile nafarra jada herriz herri dabil irudiak hartzen, bai filmaketen bidez eta baita marrazkiak eginez ere, «herri horiek guztiek zer gehiturik baitaukate kontakizunean, Bordeleko Parlamentutik Logroñoko Inkisizio Jauregiraino». Herriotako ikertzaileak zein nazioarteko adituak ditu bidaide Urmenetak.

Crowdfunding kanpainaren asmoa 25.000 euro batzera iristea da, horrekin ekoizpen eta banaketa gastuak estali ahal izateko, eta, azaldu dutenez, finantzaketa horrek «kalitatezko proiektua garatzea eta nazioarteko zinemaldietan zabaltzea» ahalbidetuko luke.

Dokumentalari ekarpenak www.itsulapikoa.eus atariaren bidez egin ahalko dira eta proiektua laguntzen dutenek «sari esklusiboak» jasoko dituztela aurreratu dute: kredituetan aipamen berezia, tixerta, filma online ikusgai izatea edota aurre-estreinaldirako sarrerak, besteren artean.