INFO

Izurren garrantzia azaleratzen du Ana Urkizak ‘Hitzetik ortzira’ aforismo liburuan

Tolesduren, dobladilloen, izurren garrantzia eraman nahi izan du paperera Ana Urkizak aforismoen bidez. Izurri horien aldarri eta salaketak eginez ondu du ‘Hitzetik ortzira’ (Balea Zuria) liburua; Donostian aurkeztu du astelehen goiz honetan.

Ana Urkiza, ‘Hitzetik ortzira’ aforismo liburua aurkeztu berritan. (Maialen Andres | FOKU)

«Aforismoa hitzaren biluzian, jolasaren poetikan, botere handia da pentsamendua iraultzeko», definizio hori eman dio Ana Urkizak aforismo hitzari astelehen goiz honetan Donostian. Izan ere, ‘Hitzetik ortzira’ liburua aurkeztu du ondarroarrak, aforismoz osatutakoa, Balea Zuria argitaletxearen eskutik.

Amari eskaini dio liburua Urkizak. Azaldu du ama jostuna zuela, eta berak irakatsi ziola izurrak konpontzeko beharrezkoa dela ikustea. «Liburuan izurrak azalerazteko ahalegina egin dut, batetik, mahaian ahoz gora jarri ditut, eta bigarrenik, jolastu egin dut», kontatu du idazleak.

Felipe Juaristi argitaletxeko editorearekin batera egin du aurkezpena Urkizak. Aforismoak «laburrak bezain sakonak» dira editorearentzat, tximistak bezalakoak. Eta azaldu du liburua 15 ataletan banatuta dagoela; ezaugarri komun batzuk badituzte liburuko aforismo guztiek editorearen arabera. «Ni-aren kontzientzia lantzen dute, identitatea; baita adinaren kontzientzia ere, neurritsuak dira», azaldu du liburuan bertan jasotzen diren aforismoekin tartekatuz. Batez ere arrazionala dela gaineratu du, «bizitza nolakoa den azaltzen du, ez nola bizi»; eta jakintzari oso lotutako idazlea dela azpimarratu du ondoren. «Hitzaren kontzientzia handia du idazleak, ez dago anbiguotasunik», esanez amaitu du bere aurkezpena editoreak.

Izenburua azaldu nahi izan du lehenik eta behin Urkizak, jolas modura hartu duela onartu du lehendabizi, eta lehen kolpean burura «hitzetik hortzera» esamoldea badatorkigu ere «hitz horri bide» eman nahi izan diola azaldu du: «Hitzari bidea eman diot, ortzira, mugarik gabe joateko».

Bi arima eta arrazonamendua

Liburua idazterakoan «bi arima» presente izan dituela kontatu du idazleak, eta liburua ere ideia horri lotutako aforismoak irekitzen du: «Bi arima eskatu ditut: bat, deabruari saldu ahal izateko». Salaketa eta aldarrikapena, biak uztartu nahi izan dituela aitortu du aurkezpenean.

Onartu du Juaristi editoreak lehen aldiz «oso arrazionala» zela esan zionean, ez zuela espero. Baina pentsatzen jarrita, hala izan daitekeela kontatu du, «ez dakit pentsatu gabe egoten», adierazita. Hala ere, pentsamendu gehienak gorputzetik heltzez zaizkiola zehaztu du, «munduaz beste egin beharretik».

15 atal ditu guztira liburuak, eta 110 orrialde. «Atal bakoitza izur-gune bat da», argitu du, eta gai baten inguruko oinarrizko galderak erantzuten ahalegindu dela esan du: «Izurrak modu poetikoan erakusten, pentsamendua ordenatu nahi izanaren ondorioa da».

Aforismoak laburrak dira, azkar irakurtzekoak, eta idazlearen ustez bizitza azkar bizi beharraren ideia dago gizartean txertatuta, eta akaso horregatik, «guztiak, aforismoek ere, inpaktua izatea nahi dugu», zehaztu du Urkizak. Baina bere ustez, aforismoak ez dira azkar eta azaletik irakurtzeko, sakontzeko baizik; eta horrek izango luke inpaktua: «Ez pasa gainetik, aforismo bakoitzean sakontzeko ahalegina egin nahi nuke».