INFO

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.

Kontxatik elkartasun mezua Kaleko Afari Solidarioei eta hauen kontrako protesta, berriz, Egian

Kontxako hondartza diseinu berezi batekin esnatu da astelehen goiz honetan. Calat33 artista peruarraren eskutik, elkartasun mezu berezi bat bidali die Kaleko Afari Solidarioak ekimeneko kideei, azken asteetako gertakarien harira. Egian, aldiz, elkarretaratzea egin dute berriz «segurtasuna» esijituz.

Gisa honetara esnatu da astelehen honetan Kontxako hondartza. (Calat33)

Elkartasun ekimena da Kaleko Afari Solidarioak. Eta azken asteetako jazarpenaren harira, hainbat elkartasun keinu ere jasotzen ari da. Azkena, astelehen goiz honetan. Kontxako hondartza diseinu berezi batekin esnatu da-eta.

Arearekin marrazki ikusgarriak osatu ohi dituen Calat33 artista peruarraren ekimena izan da, jazarpenaren ostean KASek azken egunetan jaso duen elkartasunari batuz.

Urrutira joan gabe, igande honetan 2.000 lagunetik gora bildu ziren Donostiako kaleetan, hiriko Gobernuak ekimenari jarritako debekua salatzeko, ‘Elkartasunari debekuri ez’ lelopean. Bertan antolatzaileek gogora ekarri zutenez, martxak «Donostialdean faxismoak eta arrazakeriak izan duten gorakadari eta gizarteko sektore pobretuenen eta jende arrazializatuen kriminalizazioari» erantzuten zien.

Honela esnatu da astelehen honetan Kontxako hondartza.
Calat33

Eta Kontxako ekimena bide beretik doa. KASen lana «aspalditik» jarraitzen eta babesten duen artistak elkartasun mezu hori bidali nahi izan du-eta.

Izan ere, oraindik bada dema gipuzkoar hiriburuan. Atzoko martxaren une azpimarragarrietako bat boluntarioek afari horiek banatzen ziren Iztueta kalean eman zen, non txalo zaparrada handia jaso zuten. Astelehen honetan, aldiz, iluntzean ultraeskuinaren mobilizazio bat dago deituta toki berean.

Egian PPkoak berriz

Ordu batzuk geroago, ordea, ehunka lagun bildu da berriz Egian, sare sozialen bidez eginiko deialdia jarraiki, auzoan «segurtasuna» eskatuz. Elkarretaratzea afariak banatzen ziren toki berean burutu da; jakina denez, hau aitzakia haruta, Egiako Iztueta kalean egiten zen ekimen solidarioa debekatu du Udalak.

PPko kideak, Egian astelehen honetan eginiko elkarretaratzean. (Gorka Rubio | Foku)

Bigarren astelehenez jarraian egin du protesta ehun lagunetik gorako talde batek, haien artean Borja Corominas, Vanessa Velez eta Jorge Mota PPko zinegotziak. Parte-hartzaile batzuek afarien kontra ez direla argudiatu nahi izan dute, nahiz ekimen honen ondorioa hauek debekatzea izan den.

Egiatik hiriko beste auzo batzuetara eramango dute aldarria orain, hurrengo bi astelehenetan.

26 ordu lehenenago bertatik igaro zen Kaleko Afari Solidarioen aldeko manifestazioa, 2.000 lagun inguru bilduz, eta ibilbidean Egia eta Udaletxea lotuz.