Matxismoaren zabalpena salatzearekin batera, antolatzeko deia zabaldu du Itaiak
Itaia erakunde feministak Euskal Herrian matxismoaren zabalpena salatu du; izan ere, eraso matxisten normalizazioak eta diskurtso matxisten hedapenak «atzerapauso handia» suposatzen dute bere iritziz. Horren aurrean borrokatzeko eta antolatzeko deia zabaldu du.
Azken egunotan Euskal Herrian gertatutako eraso matxisten aurrean, jarrera hauen zabalpena salatu du Itaia antolakunde feministak. Dioenez, eraso matxisten normalizazioak eta diskurtso matxisten hedapenak «atzerapauso handia» suposatzen dute eta «egoera horrek kezkatzen gaitu».
Bilbon eskainitako prentsaurrean erakundeko kideek gogorarazi dutenez, «eguna joan eta eguna etorri eraso matxista berrien berri izaten dugu, eta nolabait eraso horiek guztiak apurka-apurka normalizatzen joan dira gizartean».
Halaber, komunikabideetan eta plataforma digitaletan zabaltzen ari den diskurtso matxista eta horrek jendearengan duen eragin handia seinalatu dituzte. Esate baterako, Itaiarentzat, «emakumeon zapalkuntza ukatzen dute, politika feministak gizonen aurkakoak direla esaten dute eta eraso matxistak atzerritarrek bakarrik ikusten dituztela zabaltzen dute».
Hortaz, «matxismoaren aurkako borrokan atzerapausoa» gertatzen ari dela deitoratu dute eta inpunitatearen aurka borrokatzearen beharra nabarmendu dute. «Egunerokoan ikus dezakegun bezala, eraso forma desberdinak pairatzen ditugu eta, gainera, adin eta jatorri anitzeko erasotzaileek gauzatzen dituzte», adierazi dute.
Prentsaurrekoan matxismoaren aurkako borrokan ekarpenak egin nahi dituen orori «borrokara batzeko eta antolatzeko» deia egin diote eta argi utzi dute «kasuak salatzen eta erasoen aurkako proposamenak garatzen» jarraituko dutela.