Kennedy senar-emazteen hilobia Bakioko Pelaio deunaren hilerrian
Bakioko Pelaio deunaren ermita erromanikoa nahiko ezaguna da euskaldunen artean. Gaztelugatxetik gertu, jende asko hurbiltzen da kostaldeko paraje eder honetara bi ermita horiek ikusteko asmoz. Inor gutxik ezagutzen du, ordea, Pelaio deunaren ermitaren hilerriko pareta zaharrek gordetzen dutena.
Euskal Herriko hilerri bereziak ezagutzeko asmoz urtero egiten dugun ibilbideak Bizkaiko kostaldera garamatza, Matxitxako lurmuturraren ingurura. Bertan daude, Bermeo eta Bakio lotzen dituen errepidearen alboan, Gaztelugatxeko Doniene eta handik metro gutxira, Pelaio deunaren ermita (Eneperi), parrokia izaera gordetzen duena.
Historian zehar, Pelaio Deunaren auzoa Bermeokoa izan zen, baina autonomia maila handia mantentzen zuen. XX. mende hasieran, ordea, Bizkaiko Foru Aldundiak autonomia hori murriztu nahi izan zion eta, erreakzio gisa, 1927an Bakiokoa izatera pasatu zen, harreman estuagoa zutela argudiatuz. Gorabehera historiko horiei erreparatu gabe, ermitak eta hilerriak hor jarraitzen dute, Kantauri itsasora begira dagoen zelai ederrean.
Baseliza Bizkaiko hiru zaharrenetakoa da (XII. mendekoa). Erromaniko estilokoa da, sarrerako arku zorrotzak eta atzealdean duen leihoak erakusten dutenez. Ondoan duen hilerria hain ezaguna ez den arren, merezi du bisitatxo bat egitea. Auzo txikietako hilerrien xarma berezia du, sarrerako burdinazko ate txikiarekin, eta familia bakoitzaren panteoiak estela edo hilarria du gainean. Ez dira antzinako estelak (orain dela 30 urte inguru egin ziren), baina bai hor bertan zegoen hilarri baten ereduari jarraituz egindakoak.
Bi gurutze bakarti
Bertan lurperatuta dauden gorpuak auzoko bizilagunenak dira, baina ez denak. Hilarrien artean badira atentzioa ematen duten bi gurutze bakarti: Robert eta Jane Kennedyrenak. New Yorken bizi ziren senar-emazteak ziren -John F. Kennedy AEBetako presidente ohiaren urruneko senitartekoak-, eta Manolo Barturenek gonbidatuta etorri ziren lehen aldiz herrira, 50eko hamarkadan. Herritar hori AEBetan bizi zen ingeniaria zen, Opus Dei erakundeko kidea.
Beatriz Celaya Barturen idazleak Bakioko historiari buruz egindako liburuan dioenez, «herria ikusi orduko maiteminduta geratu ziren eta handik aurrera eta hil arte, uda guztiak bertan pasa zituzten, euren sei seme-alabekin batera». Liburuan zehazten denez, semeetako bat, Malcolm izenekoa, apaiz egin zen 1962. urtean -hori ere Opus Dei erakundeko kidea- eta bere lehen meza San Pelaio ermitan eman zuen. Ospakizun hartara jende asko etorri zen eta Bakioko Arimune hotelean hartu zuten ostatu.
Lehen meza haren 50. urteurrenean, 2012. urteko abenduan, Malcolm eta beste hamar apaiz Bakiora itzuli eta Arimune hotelean lo egin zuten. Beatriz Celayak duela hamar urte argitaratutako liburuan dioenez, «Malcolmen anai-arrebek uda eta negu guztietan Bakiora etortzen jarraitzen dute».
Gaur egun ez dakigu familia horretako norbaitek etortzen jarraitzen duen. Dakigun gauza bakarra da Robert eta Janeren hilobiak Pelaio Donearen hilerrian jarraitzen duela eta sortzen dituen gastuak behar bezala ordaintzen direla. Auzotarrek diotenez, «hilobia ez dago oso ondo zainduta, baina kuotak norbaitek ordaintzen ditu Estatu Batuetatik».