Tiago Splitter eta Paris Basketball: hiruko bat 46 segundotik behin
Gasteiztik NBAra joan zenetik, hauxe du Europan aurreneko urtea Baskoniako «Ibiltariak». Euroligan debuta egiten duen Paris Basketball taldea bere egin du, Tuomas Iisalo entrenatzaileak kargua lagata. Berlinen 52 hiruko bota zituen asteartean eta bizitasun berberaz ariko da Baskoniaren aurka ere.
Etorriko da heriotza eta zure begiak izango ditu.
(Cesare Pavese)
Tiago Splitter ez da Saski Baskoniatik pasa zen beste bat. Nerabea zen Joinville, ‘Cidade das Flores’ deritzon hiritik Gasteiza etorri zenean. Alfredo Salazarrek jo zuen begiz eta Cassio aitaren eskutik ia etorri zen artean 15 urte zituen mutila. Hamar urte eman zituen Gasteizen, harik eta 2010ko ACB Liga irabazi berritan, eta Jokalari Baliotsuenaren MVP saria ere berekin zuela, NBAra joan zen arte.
Han ere ibilbide oso luzea izan ez arren denetik ezagutu zuen Tiagok: taldeetako jabeen greba –lockout famatua–, Valentzia Basketera joan izana Baskoniara itzuli ordez grebak iraun zuen bitartean –hainbat Baskoniazalerentzat, ia barkatu ezinezko traizioa–, San Antonio Spursen lekua egin arteko bide zaila, 2013ko NBAko Finalera iristea eta 2014an txapeldunaren eraztuna janztea, lesioak, talde aldaketak eta 33 urterekin, erretiro goiztiarra.
NBAra lotuta jarraitu du Splitterrek jokalari izateari utzi ondorengo urteak: Brooklynen 2019tik 2023ra arte eta iaz, berriz, Houston Rocketsen, entrenatzaile laguntzaile karguan beti ere. Horrez gain, Brasilgo selekzioan Aza Petrovic hautatzailearen laguntzaile izan da eta Parisko Olinpiar Jokoetan izan da –jokalari zela Londresen jokatu zuen– eta oraindik ofiziala ez bada ere, badirudi berak eramango duela Brasilgo selekzioa Petrovicek uzten duenean.
Tiago Splitter bera da Paris Basketball taldeko entrenatzailea ere eta Baskoniaren aurka jokatuko du ostiral gauean 20.45etan hasita, Parisko Adidas Arena pabiloian. Aurrez aurreko berezia izango da, ziur, duela sei talde gasteiztarrak gasteiztarrak Splitterren 21 zenbakia Buesa Arenako sabaian eskegi zuelako, Prigioni, Rakocevic, Vidal eta Scolaren kamisetekin batera. Hargatik, Saski Baskoniak ez du ahazten Splitter, Gasteizera 15 urterekin iritsi zen nerabe hura, «gutako bat» dela eta izango dela betirako.
퐏퐋퐀퐘퐄퐑 ✨ 퐂퐎퐀퐂퐇 ✨ 퐋퐄퐆퐄퐍퐃
— Baskonia (@Baskonia) October 31, 2024
One of us, @tiagosplitter
❤️ pic.twitter.com/7krNMx7V6b
Baina berriro diogu: Tiago Splitter Paris Basketball taldeko entrenatzailea da. Parisek mila proiektu ezberdin izan ditu saskibaloi munduan, baina mila arrazoi tarteko, ez du behar adinako jarraitutasunik aurkitu orain arte. Talde berri hau debuta egiten ari da Euroligan, hain zuzen, pasa den denboraldian Eurocupa irabazi ostean.
Tuomas Iisalo entrenatzaile finlandiarra eta TJ Shorts antolatzaile txikia buru ziren proiektu berri hau gorenera gidatzeko. Iisalo eta Shorts Alemaniako Bonn taldean ari ziren duela bi denboraldi eta FIBAren Txapeldunen Liga irabazi ostean fitxatu zituen Parisko taldeak, eta Frantziako Ligan txapeldunorde geratu zen, baina esan bezala, Eurocupean goia jo zuen, eta Euroligan aritzeko eskubidea irabazi.
Alabaina Iisalok NBArantz eman du pausoa, Memphis Grizzlies taldeko bigarren entrenatzailea da finlandiarra eta norbait behar zuten beronen lekua betetzeko Parisen, nahiz eta TJ Shorts txikia mantendu. Eta ezustean, Tiago Splitter azaldu zen. «Jendea harrituta zegoen NBAtik Europara nentorrelako, baina nik entrenatzaile buru izan nahi nuen, prest ikusten bainuen nire burua», adierazi zuen Joinvilleko erraldoiak pasa den uztailean.
«David Khan, Paris Basketballeko presidentearekin hitz egin nuen horretarako. Berak ez ninduen ni ezagutzen, baina bai Marcelinho Huertas, eta Marcelinhoren bitartez lortu nuen Khanekin egotea. Khan Minnesota Timberwolves taldetik zetorren, bertako ‘kirol operazioen arduradun’ izan zelako. Berarekin hitz egin nuenean, gustatu zitzaion nire diskurtsoa eta energia. Gustura entzun zuten nola egiten dudan lan eta nola ulertzen dudan jokoa, eta hara, deitu egin zidaten», gaineratu zuen Splitterrek.
Modernoa eta erotzekoa
Orain arte sei partida jokatu ditu Paris Basketballek eta erdibanaturik dauzka garaipenak eta porrotak. Etxean bi partida jokatu ditu bakarrik eta han ere, garaipenak adina porrot: Belgradeko izar Gorriak 77-80 irabazi zion Euroligako aurreneko jardunaldian, baina duela bi aste Panathinaikos egungo txapeldunari 84-80 irabazteko gai izan ziren.
Kanpoan ere, markagailu guztiak estu eta bina garaipen zein porrot: 79-74 galtzaile Armani Milanoren kantxan eta 109-107 –luzapenik gabe– Bayern Munichen etxean ere galtzaile. Aldiz, Monacori 80-87 irabazi zion eta 83-92 nagusitu zen asteartean Alba Berlinen etxean, markagailuan atzetik aurrera egin eta gero.
Berlingo partida hura betirako markaturik geratuko da. Tiago Splitterren taldeak 52 hiruko! bota zituen 80 jaurtiketatik –gehi 13 jaurtiketa libre–. Euroligan inoiz inork ezarri duen kopururik altuena, alde ikaragarriarekin: Montepaschi Sienak 45 bota baitzituen 2008an Maccabiren aurka.
52 horietatik 19 Nadir Hifi antolatzaile frantses gazteak bota zituen, eta beste 12 Tyson Ward hegaleko estatubatuarrak. Mikael Jantunen hegal-pibot finlandiarrak, berriz, 8 hiruko.
NBAko azken urteetako ohiturak barruraino bereganatu ditu, antza, Tiago Splitterrek. Batez beste, 46 segundotik behin hirukoa bota zuen Parisko taldeak. Eraso bakoitzarentzat 24 segundo daudela aintzat hartuz gero, bi erasotik behin hirukoaz amaitzen du Splitterren taldeak. Aurtengo NBAko aurreneko jardunaldian Boston Celticsek 61 hiruko bota zituen. Bada, 48 minutuko partida baten 62 hiruko pasatxo botako zituzkeen Splitterren taldeak.
Ez zituen ba hiruko asko bota Tiagok berak bere kirol bizitzan! Orotara 16 ACB Ligan eta NBAn, 14. Orotara, 30 hiruko bota eta 5 sartu zituen 2003tik 2017rainoko tarte horretan. Zein da, ba, gure «Ibiltaria» –Gasteizko Dato kalean dagoen estatua horren omenez Tiagori ezarritako ezizena– hainbeste aztoratu duen hego-haizea?
Espazioak hain maite eta behar dituen kirol honetan, hiruko jaurtiketak espazioa eta oxigenoa damaizkio jokoari. Denean bezala, oreka bilatu behar da eta 80 jaurtiketatik 52 hirukoak izanda, oreka askorik ez dago. Baina Euroligaren estatistika orrialdera bagoaz, sei neurketaren ostean Paris Basketballek 191 hiruko bota dituela ikusiko dugu; hau da, partida bakoitza 32 baino zertxobait gutxiago. Egia da partidako hiruko gehien botatzen dituen taldea dela Euroliga guztian, baina sei partidako lagina baino ez denez, Berlinen botatako 52 hiruko horiek estatistikan egundoko jauzia egin arazten dute.
Aurreneko bost partidetan 139 hiruko bota zituzten Splitterren mutilek; partidako 28 baino zertxobait gutxiago. Egia da Alba Berlinek ere izan zuela zeresanik halako marka ezartzeko orduan. Hau da, Israel Gon zalez espainiarraren gizonek «box and one» izeneko defentsa mistoa egin zuten TJ Shorts antolatzaileak jokatu zituen 27 minutu luzeetan. Alegia, aurrez aurre defenditu zuen Alba Berlineko jokalari batek eta beste lau taldekideek zonakako defentsa egin zuten, «lauki» edo «kutxa» antzeko bat eratuz. Parisek baloia azkar mugitu zuelarik, zonakako defentsa desorekatzea lortzen zuten Splitterren gizonek eta horrek hirukoak botatzeko parada sortzen zion talde frantsesari, sartu zein ez.
Saski Baskoniak berak 25 hiruko botatzen ditu partidako eta Euroligako zerrendan zazpigarren postuan dago hiruko gehien botatzen dutenen artean. Alegia, hirukoa ezinbesteko arma dela egungo saskibaloi modernoan.
Izaera zenbakien gainetik
Harrigarria bada ere, Paris Basketball Euroligan asistentzia gutxien ematen duen taldeetako bat da, orain arte 96 asistentzia banatu ostean. Alabaina, TJ Shorts bere antolatzaile nagusia, partidako ia 8 asistentziarekin, hirugarren postuan dago taldekideei puntu gehien oparitzen dizkien jokalarien artean. Hain zuzen, paristarren asistentzien erdia Shortsen bidez iritsi dira. Alegia, Saski Baskoniak badakiela, ondo jakin ere, zeinen eskuetatik pasako dela Tiago Splitterren taldearen jokoa.
Harritzekoa da, azkenik Baskoniak ia 11 baloi galtzea partidako eta 9 Paris Basketballek. Orotara, Baskoniak partidako 70 jabetza pasatxo jokatzen ditu eta Tiago Splitterren taldeak, berriz, ia 80. Egia da partidako hiru bakoi gehiago osten dituela talde frantsesak eta horrek kontraerasoei bide ematen diela. Baina era berean, Baskonia askoz sendoagoa da defentsako errebotea zaintzerakoan Paris baino. Ondorioz, frantsesek gasteiztarrek baino 10 puntu gehiago jasotzen dituzte batez beste, eta ezinbestean puntu horiek erasoan berreskuratu behar dituzte.
Zer-nolako aurkaria espero behar du, orduan Saski Baskoniak? Bizia, segundo gutxian saskira begira jarriko dena eta baloiak lapurtzera inolako lotsarik gabe joango dena. Horixe da Tiago Splitterren Paris Basketball: talde ausarta eta bizia inondik ere, Gasteizen gizon bihurtzera behinola etorri zen nerabe haren ispilu.