INFO

Bi aste falta dira Gure Eskuk «gure herria bat dela» erakusteko eta parte hartzera deitu dute

‘Bagara’ izeneko ikus-entzunezko maratoia prestatu du Gure Eskuk datorren azaroaren 16rako, bi aste barru. Helburua «gure herria bat dela» erakustea da, «gure aldarriak eta lorpenak azaleratzeko unea». Maratoiaz gain, hainbat ekintza antolatu dituze Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean.

Maratoiaren berri emateko Gure Eskuk egindako agerraldi bat. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

«Gure herria bat dela» erakutsiko du Gure Eskuk azaroaren 16rako, larunbata, prestatutako ‘Bagara’ ikus-entzunezko maratoian, «gure aldarriak eta lorpenak azaleratzeko unea» izango delako. Hamabi orduz jarraian Gure Eskuko kanalean eta Hamaika Telebistan edukiak zabaltzeaz gain, ekintzetan parte hartzera deitu dute.

Azaroaren 16an zehar Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean garatuko duten egitarau zabala atondu dute. Gasteizen goizetik hasiko da, 10.30etan, Herri Libre Bat mahai inguruarekin, Aldabe Gizarte Etxean. Itsaso Compañon Arabako Errioxako ardoen lehendakaria, Patxi Marta Munduko taichi txapelduna eta Euskal Herrian Federatua, Ruben Sanchez irakaslea, Iñaki Etaio irakaskuntzan aditua, Leire Garai pilotaria eta Edurne Agirre erizaina bertan izango dira.

12.00etan kalejira egingo dute eta, 13.00etan Auzolana Pilotalekuan Ereintza dantza taldea eta Maddalen Arzallus izango dira, ‘Gu, Agustina!’ lanarekin. Behin hori amaituta, 13.35ean, adierazpenaren irakurketa egingo da.

Bilbon, aldiz, eguerditik aurrera hasiko da egitaraua, Azkuna Zentroan. 12.00etan ekitaldia egingo dute eta 13.00etan kalejira abiatuko da. Ondoren, 14.00etan, sagardoa eta luntxa eskainiko dituzte Bira Kulturan.

Iruñean ‘Orreagatik iragan hurbilera’ antzezlana ikusteko aukera egongo da arratsaldean, 18.00etan, Escuela Navarra de Teatro antzokian. Ordu berean, Donostian herri erromeria hartuko du Intxaurrondoko kultur etxeak eta 21.00etan ‘Iratzar eta Lagunak’ emanaldia eskainiko dute.

Jarduera hauetara joateko beharrezkoa da aurretik sarrera eskuratzea izenaeman.gureesku.eus webgunean.