INFO

Valentziarrei laguntzeko hamaika ekimen jarri dira martxan Euskal Herri osoan

Aunitz dira Euskal Herrian DANAk kolpatutako valentziarrei laguntzeko abian jarri diren ekimenak. Oinarrizko ondasunak biltzeko puntuak zabaldu dituzte herri ugaritan, mantak, arropa, iraupen luzeko janaria, ura zein botikak bidaltzeko helburuarekin.

Donostian, janaria eta oinarrizko bertze ondasunak biltzen, igande honetan. (Jon URBE | FOKU)

Supermerkatu bateko sotokoak bezalako irudi gogorrak, hondamenarenak, azpian zer dagoen begiratzeko beldurraren isla; agintariek bilatutako argazkiak eta gero atera eta zabaldu diren hagitz bertzelako momentuak eta horiek sortutako emozio oldea... Min eta haserre ikaragarria. Bertze aldean, ordea, boluntario pila bat, aunitz gazteak, edozertan laguntzeko prest, zikindu gabe ageri diren militarrekin kontrastean. Batzuk Valentzian bertan ari dira jo eta su, eta bertzeek kanpotik bidaltzen dute laguntza, bertzeak bertze Euskal Herritik.

Nafarroan, luzea da bilketa solidarioa egiten ari diren herrien zerrenda. Iruñean, ur edangarria, berokiak, mantak eta toallak, botikak, iraupen luzeko janaria, garbitzeko produktuak eta bertzelako ondasunak jasotzen ari dira auzoetan. Gauza bera egiten ari dira Noainen, Tuteran, Lizarran, Lodosan, Cárcarren, Berriozarren, San Adrianen, Orkoienen, Huarten, Ribaforadan, Fontellasen, Corellan, Peraltan eta Cintruénigon. Ekimen batzuk erakunde publikoek antolatu dituzte eta bertze batzuk herritarrek eta enpresek.

Irunen, Anaka-Puianako auzo elkarteak prestatu du bilketa, eta Hondarribian, Hondarribiko Emakumeak elkarteak. Eibar, Errenteria, Tolosa, Zarautz, Ordizia, Ormaiztegi, Aduna, Astigarraga, Oiartzun... Gipuzkoako herri pila batean ari dira mugitzen, Euskal Herri osoan bezala.

Kirolaren mundutik

Donostian, Kaiarriba arraun elkartetik bi furgoneta joanen dira Valentziara, urez eta esnez beteta.

 

 

Futbolaren arloan, Osasunak Massanassa herriari lagunduko dio bereziki, bertakoa baita Vicente Moreno entrenatzailea. 10.000 biztanle inguruko herria da, Valentzia kanpoaldean kokatua. Kolpe latza jaso du uholdeekin eta galera larriak izan ditu, hildakoak eta kalte materialak.

 

 

Realak ere bat egin du valentziarrekin, eta bazkideak eta jende guztia animatu du Reale Arenan janaria eta oinarrizko ondasunak uztera.

Gurutze Gorriak eta Caritasek ere hasi dituzte kanpainak DANAk kaltetutako pertsonak babesteko.