INFO

‘Lurpeko ezkutuan idatziak’, Dostoievskiren eleberri introspektiboa euskaratu du Josu Zabaletak

XX.mendeko eleberrigintzan eragin sakona izan zuen Fiodor Dostoievskik, eta Josu Zabaletak bere ‘Lurpeko ezkutuan idatziak’ liburua euskaratu du. Errusian funtzionarioa izan zen gizon bat da protagonista eta bere lurpeko apartamentutik egiten dituen hausnarketak dira eleberriaren muina.

Josu Zabaleta, itzuli berri duen liburua eskuan duela. (Jagoba Manterola | FOKU)

Fiodor Dostoievskiren obran mugarria izan den eleberria euskara ekarri du Josu Zabaletak Igela argitaletxearen eskutik: ‘Lurpeko ezkutuan idatziak’. Izan ere, errusiarraren erbestealdi eta espetxealdiaren ostean idatziriko lehen liburua da, barrura begirako lan handia egiten duena eta itzultzailearen arabera eleberrien narratiba aldaketa ere ekarri zuena, ez baitago deskripziorik, guztia protagonistaren psikologiarekin lotutako pentsamenduen kontakizuna da. 

Hasiera batean oso liburu psikologikoa dirudien arren, ideia filosofikoek zeharkatzen dutela aurreratu dute aurkezpenean, eta idazle errusiarrak ondoren argitaratutako bost liburuetan sakondu zituen ideia horiek.

Inazio Mujika editoreak azaldu du zertan datzan eleberriak: «Bere burua antiheroitzat daukan gizon bat, funtzionarioa izan dena Errusian eta erretiratuta dagoena, hori da protagonista. Bakarrik bizi da eta bakarrik dago, saminduta eta frustratuta gizartearekin eta bere buruarekin; lur azpiko apartamentu batean dago eta hango ilunetik ari zaigu bere pentsamendu zinikoa esaten, bere segurtasunik eza gurekin partekatzen, esentzialismoaren sorreratzat jotzen da».

Eleberriak bi zati ditu, lehenengoan protagonistak bere barne gatazkak azaltzen dizkio irakurleari; eta bigarren zatian, bere bizitzako pasarte batzuk gogoratzen ditu; lantokiko lankideekin egindako enkontru bat eta Lisa izeneko neska gazte batekin duen harreman gorabeheratsua aipatzen ditu bereziki.

Bost ezaugarritan laburbildu du Mujikak liburua: introspektiboa da, esistentzialista, pesimista, kritikoa gizarte modernoarekin eta psikologikoarekin. Lurpeko apartamentua bere bururaren metafora ez ote den ere iradoki du aurkezpenean.

Konplexutasunaren ertzak

«Liburu hau konplikatua da» aitortu du Zabaletak, «hainbesteraino da konplikatua oraindik zalantza egiten dudala ea ondo itzuli dudan»; sei hizkuntzatan idatziriko 23 itzulpen erabili ditu ahalik eta zuzenena izateko, hala ere. «Garai konplikatu batean idazle konplikatu batek» idatzitakoa dela nabarmendu du.

Oso liburu ironikoa dela azaldu du itzultzaileak, baina sarritan Dostoievskirekin gertatzen den bezala, ironia hori harrapatzea ez dela erraza gaineratu du. Idazlea bera protagonistarekin nahasteko arriskua ere ikusten du Zabaletak, eta argitu du liburuaren hasieran agertzen den oharra garrantzitsau dela: «Liburu honetako protagonista eta idazki denak asmatuak dira. Baina horrelakoek derrigor egon behar dute gizarte honetan, gizarte hau nondik datorren ikusita».

Garaian ulertuko ziren baina orain nekez ulertu daitezkeen hamaika «aipamen ezkutu» daudela kontatu du itzultzaileak, eta bere interpretazioak eginez idatzi duela azkenean eleberria kontatu du.

Askatasuna

Une jakin batean idatzitako eleberria da asteazken honetan aurkeztutakoa. Zabaletak azaldu du kartzelara sartu aurretik jada fama handia zuela idazleak, eta espetxetik atera eta ‘Lurpeko ezkutuan idatziak’ argitaratu zuenean inork ez zuela ulertu zertan ari zen. «Bazekiten noren aurka ari zen, Txernitxevskiren aurka ari zen, sozialismo berriaren burua zen orduan eta ‘Zer egin’ eleberria kaleratu berria zuen», argitu du itzultzaileak.

Baina ba omen ziren Txernitxevskiren pentsamenduaren inguruan Dostoievskik jasaten ez zituen zenbait ikusmolde: «Egoismo arrazionalaren ideiarekin ez zetorren bat, bere ustez gizakiak bere interes propioen aurka egin behar badu ere askatasunaren alde egiten du, eta liburu jonetan etengabe errepikatzen da ideia hau esaterako».

Liburua idatzi aurretik, Europan zehar bidaia bat egin zuen Dostoievskik, hamazazpi hiriburu bisitatu zituen eta ez du iritzi onik ematen Europaz, ez zen berak uste zuena eta horrek kontraesanak sortzen dizkio. Zabaletak azaldu du liburua idazlearen kontraesanez beteta dagoela, «gizarteak inposatzen duen jokabidea eta noberaren jokaeraren arteko kontraesanak azaltzen ditu, ez du irtenbiderik ikusten ez modu batera, ez bestera jokatuta».

Narratibari dagokionean, aldaketa handi bat ematen duela adierazi zuen Zabaletak: «Dostoievskik gauza bat egin nahi zuen eta hori baino gehiago atera zitzaion. Ziur aski ez zuen planteatzen deskripziorik gabeko eleberri bat egitea, dena buruko pentsamenduetan sartuta. Ez zuen planteatzen ziur asski baina narratiba modua aldatzen du, eleberri bat idatzeko modu berri bat plazaratuz».