INFO
Entrevue
Alba Menendez
Bera Berako kapitaina

«Defentsan ohi baino indartsuago aritu behar dugu; ez dugu beldurrik»

Bera Berak igande honetan jokatuko du Europako azken kanporaketa, Lublin taldearen aurka (18.00etan). Irabaziz gero, multzoen fasea jokatuko lukete. Alba Menendezek (Zarautz, 1991) adierazi du azken bi partidetan taldeak «sentsazio onak» berreskuratu dituela.

Alba Menendez Bera Berako kapitaina Bidebidetako kiroldegian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Alde batetik bestera dabil Alba Menendez Bera Berako kapitaina, lanetik hitzordu batera, ondoren entrenatzera, eta azkenik beste konpromiso batera. Osteguna da eta hiru egun besterik ez dira falta igande honetako hitzordu handirako: «Europak hori du, eta ez gara kexatzen». Aukariaz zarauztarrak esan du Europako talde «tipikoa» dela, kanpotik jaurtiketa asko egiten dituztela, eta horretara «ohituta» ez dagoen arren, taldea «kapaz» ikusten du horretara moldatzeko.

Joan den astearteko partidatik atseden hartuta?

Ezin izan dugu atseden handirik hartu, asteazkenean entrenatu ginen eta, baina Europa jokatzera zoazenean, deskantsu gutxi izatea gustura hartzen da. Ondo gaude eta gogotsu igandeko partidarako.

Ohituta zaudete astebetean hiru partida jokatzera, baina partidek baino gehiago, horien arteko bidaiek eragiten dizuete neke handiagoa?

Bai, askotan bai. Ordu asko dira autobusean edo aireportuan, eta itxaronaldi hori luzea egiten da. Askotan bidaiak gehiago nekatzen gaitu, gero partidak baino. Europan ez dira bidaia motzak, ezta ordu gutxikoak ere, baina hori nahi dugu. Hori beti da albiste ona.

Azken partida Zumaian jokatu zenuten, Lubakin, Pulpo Eskubaloiaren 50. urteurrenaren harira. Garrantzitsua da Bera Berarentzat halako lekuetan jokatzea zaleak erakartzeko?

Uste dut klubaren helburuetako bat hori dela. Bera Bera kluba Gipuzkoako beste herri batzuetara zabaldu, eta gu talde profesional bezala ezagunak izatea. Eta zergatik ez, neska-mutilak eskubaloira zaletzea, eta Bera Berako zaleak izatea. Uste dut helburua hori dela, eta luzera begira, horrelako gauza txikiekin lortzen da.

Partidan 26-19 azpiratu zenuten Gijon, azken sailkatua. Etxeko lanak eginda?

Bai, asteko lehenengo helburua hori zen. Sentsazio onak hartzea astearteko partidan igandera begira. Etxeko lanak eginda, eta bi puntu gehiago.

Konfiantza hartu duzue Europako hitzorduari begira?

Bai, beharrezkoa genuen. Guardesen aurka dinamika pixka bat aldatu genuen; zelai oso zaila zen eta bi puntuak lortu genituen. Joan den astearteko partidak hori berretsi zuen. Neurri handi batean, azken bi lehia horiengatik da. Sentsazio onak hartu ditugu, eta orain ondo goaz Europara.

«Ez gaude gure momentu gorenean. Helburua da apirila-maiatzera gure momentu onenean iristea eta bidean gaude»

Lublin taldearen aurkako partida prestatzeko, zer egin duzue hilabete honetan?

Egia esan, aste honetan ikusi dugu lehenengo aldiz bideoa. Asteazkenera arte ez genituen ezagutzen, edo behintzat, talde bezala ez ditugu ikusi. Bakoitzak bere etxean, bai, eduki ditu partiden bideoak ikusteko, baina asteazken honetan hasi gara zehatzago taldea aztertzen. Aurreko partidetan iruzkinen bat izan dugu, Europarako partidarako defentsa indartsuagoa izan behar dugula, baina aste honetan hasi gara zehatzago prestatzen.

Bideoak ikusi dituzunean, beldurra sartu zaizue gorputzean edo lasai zaudete?

Beldurra ez. Azkenean, badakigu partida zaila izango dela; Europako talde tipiko bat da. Jokalari oso handiak dituzte, kanpotik jaurtitzen dutenak, eta ligan ez gaude horretara ohituta, baina ez da ez zailagoa ez errazagoa, desberdina da. Taldea kapaza da horretara moldatzeko eta, zergatik ez, Poloniatik errenta positiboarekin itzultzeko.

Poloniako ligan daude Cavo eta Fernandes taldekide ohiak. Haiekin hitz egin duzue?

Bai, gainera orain dela gutxi bisitan etorri ziren, justu talde honen aurka jokatu eta gero. Gauza gutxi batzuk esan zizkiguten. Jokalari handiak zirela eta xehetasun txiki batzuk esan zizkiguten. Espia batzuk izan ditugu Polonian.

Zein aukera ikusten dituzu multzoen fasera sailkatzeko?

Esango nizuke orain, jokatu gabe, %50ean gaudela. Aukerak baditugu, ez da erraza izango, baina kapazak gara multzoen fasera sailkatzeko.

Joaneko lehian helburua Gascara bizirik iristea izango da?

Errenta positiboa lortzea oso ona izango litzateke; zaila ere bai, baina horren bila goaz. Helburua hori da: gol bateko aldea lortzerik badugu, horixe; bikoa bada, are hobeto. Eta emaitza negatiboa bada, zenbat eta alde txikiagoa markagailuan, hobeto. Gero, hemen, gure etxean, itxiko dugu kanporaketa. Aurreneko zatia han izango dugu, eta bigarrena, etxean, gure zaleen aurrean.

Benficaren aurkako partidaren ostean, aipatu zenidan taldeak denbora behar zuela, oso talde ona izateko.

Oraindik gehiago behar dugu. Jokalari berri asko ditugu, eta ez gaude gure momentu gorenean. Helburua da apiril-maiatzera gure momentu onenean iristea eta bidean gaude. Egunero-egunero, talde bezala pixka bat hobeak izan behar dugu, baina oraindik falta da. Hiru hilabete bakarrik daramagunean batera, onenean egongo bagina, ez dakit albiste ona izango litzatekeen.

Etorri berriak badituzue taldean. Elba Alvarez, Eszter Ogonovsky, bi atezainak, Francisca Joao. Nola ikusi dituzu hasiera honetan?

Hasiera batean oso erraz eta oso azkar ulertu zuten zein zen taldearen jokoa eta dinamika. Baina azkenean maila honetan ulertzearekin ez da nahikoa, eta horregatik, oraindik bidean gaude talde oso on bat izateko. Beraiek aurretiko jarrera badute, eta gu ere ari gara egunero gutxinaka erakusten nora joan nahi dugun. Jarrera oso onarekin iritsi ziren, ikasteko gogotsu, eta horretan gaude.

Datorren astean ligako beste partida bat, itzuliko partida Lublinen aurka eta ondoren atsedenaldia duzue, Europako Txapelketa dela-eta. Non eta nola iritsi nahi du Bera Berak?

Orain bertan sinatuko nuke Europako bi partidak irabazita, hurrengo fasean egotea, eta Valentziako partida irabazita. Hori izango zen oraintxe bertan sinatuko nukeena. Baina ez da erraza izango, hori idealena izango zen, baina aurrena jokatu egin behar da. Kirola horrela da. Ez da nahiarekin bakarrik lortzen; kantxan erakutsi behar da.