INFO

‘House’ telesailak 20 urte


Azaroan 20 urte beteko dira ‘House’ telesaila estreinatu zenetik. Hugh Laurie aktorea izan zuen protagonista ahaztezinaren rola jokatzen eta, Sherlock Holmesen antzeko dedukzio ahalmenari esker, kasu mediku bitxiak eta ezohikoak argitzen zituen. Lehen mediku antiheroia dela esan daiteke.

Umore beltza helduleku gisa erabiliz, medikuntzaren munduan girotutako telesailek ordurarte jorratzen ez zituen hainbat gai mahaigaineratzen zituen, sakonak zein polemikoak; sendagaien gehiegizko erabilera, buru-osasun arazoak, gaixotasun arraroen aurrean nola jokatu edota medikuen etikari buruzkoak, esaterako. Telesailak 177 atal eta zortzi denboraldi izan zituen guztira, eta azken atala 2012an eman zuten.

‘Scrubs’ telesailarekin ere asko gozatzen nuen, baina ospitaletan girotzen diren serieen artean ‘House’ izan zen ziurrenik harrapatu ninduen lehena; gai horri loturikoak ez dira sekula nire gustukoak izan, galbana eragiten didate. Barkatuko didazue, baina 2005. urtean iritsi zen ‘Grey's Anatomy’, adibidez, ez zait sekula gustatu.

Gregory House ezagutu nuenetik, ordea, nire ikuspuntua apur bat aldatu da eta geroztik oso gustura ikusi ditudan zenbait izenburu estreinatu dira: ‘Polseres vermelles’, ‘Nurse Jackie’ eta bereziki ‘This Is Going to Hurt’ eta ‘The Knick’. Azken bi hauek, jorratzen duten gaiaz harago hizkuntza zinematografikoak eskaintzen dituen erremintak ezin hobeto zukutzen dituzte. Oso bereziak iruditzen zaizkit eta nortasun handikoak. Bikainak dira biak.