INFO

Ondrej Huserka zendu da Lantang Lirung-en eskalada bikaina egin ondoren

Eslovakiarrak Marek Holecek herrikidearekin ukitu gabe zegoen ekialdeko horman 2.500 metroko bide berria zabaldu zuen. Jaitsieran, berriz, Huserka arrakala batean erori eta zendu zen. Talde batek gorpua berreskuratu du.

ndrej Huserka Lantang Lirung mendian zendu berri da. (Ondrej Huserka)

Joan den urriaren 30ean, Ondrej Huserka eta Marek Holecek eslovakiarrek ekarpen berria egin zuten Himalaian. Bi alpinistok Lantang Lirung mendiak (7.227 m) ukitu gabe zuen ekialdeko horma luze eta zorrotza helburu izan zuten. Bost egun eta erdiko lan gogorraren ostean, sokada horrek arrakasta lortu zuen 2.500 metroko ibilbidea osatu eta gero. Murru ikaragarri hori estilo alpinoan gainditzeko gai izan ziren. Baina jaitsieran, arrakasta hori erabat ilunduta geratu zen. Glaziarrean zirela, Huserka arrakala sakon batean erori eta zendu zen.

Espedizioari dagokionez, Huserka eta Holecekekin bat egin zuen Ondrej Mrklovsky gazteak. Baina azken honek behin betiko ekinaldian ez zuen parte hartu. Azken igoera horren inguruan, Holecekek azalpen gutxi batzuk eman ditu: «Klima baretu zenean, urriaren 25ean, azken ekinaldiari ekin genion. Horma nahiko garbia zegoen, eta elur-jausien arriskua ez zen handia. Oso goiz irten ginen, eguzkiaren lehen izpiak saihesteko. Halere, elur-jausi txiki batekin ezustekoa izan genuen. Zorionez, onik atera ginen. Mistoko sekzio bat gainditu eta lehen bibaka antolatu genuen».

Biharamunean, Huserkak lan eskerga egin zuen aurretik zituzten ehunka metro igotzeko. Erlaitz txiki batean bibak deserosoa igaro zuten. Hirugarren eskalada egunean, eslovakiarrek zati teknikoak aurrez aurre izan zituzten: «Egun horretan gailurra lortzeko aukerak genituen, baina sekzio teknikoek gure erritmoa mantsotu zuten. Bibaka non egin aztertu genuen: aldats piko batean (70º) edo gailurreritik 50 metrora. Azken hori erabaki genuen. Biharamuna, berriz, infernua izan zen. Tontorra zapaltzeko gertu ginen, baina gailurrera heltzeko azukre moduko elurrarekin topo egin genuen. Erabat leher eginda, azken bibaka egin genuen. Seigarren eskalada egunean tontorrera heldu ginen».

Istripua

Eslovakiarrek jaitsiera luzea zuten aurretik. Abalakovak antolatzen hainbat rappel egin zituzten. Horietako batean ezbeharra gertatu zen. Abalakova puskatu eta Huserka amildu zen. Holecekek dio arrakala sakon batean erori zela: «Ondrejengana iritsi nintzen, baina gorputza osoa jarrera txarrean zuen. Bizirik zegoen, eta saiatu nintzen handik ateratzen. Baina ezinezkoa izan zen. Pixkaka bere bizitza itzali egin zen».

Ostegunean, berriz, talde batek Huserkaren gorpua arrakala horretatik atera zuen eta, antza denez, aberriratuko dute. Modu horretara, Eslovakiako alpinista zailduenetako bat desagertu da. Lantang Lirung-en izan zuen sokakideak, Holecekek, honako hitzak izan ditu: «Taldeburu bikaina zen. Txispa izateaz gain, oso azkarra zen. Lider bat ere, eta etorkizun oparoa zuen aurretik. Mendi garaietan ez zuen eskarmenturik, baina lan ikaragarri ona egin zuen. Zati teknikoetan sokaburu joan zen; ni, ordea, sekzio fisikoetan».

Zendu berri den 34 urteko alpinista horrek nortasun handia zuen, eta, oro har, alpinismoaren adar guztiak bikain menderatzen zituen. Jozef Kristoffy alpinistak dio oso lasaia zela: «Horri esker, egoera zailak ondo kudeatzen zituen. Inoiz ezagutu dudan alpinista zuhurrena zen. Une kritikoetan ere bestearen iritzia entzuten zuen, eta erraza zen harekin ados jartzea. Hortaz gain, eskaladarako eta ibilbide berrietarako sentsibilitate berezia zuen».

Bere curriculumari begiratzen badiogu, ohartuko gara alpinista teknikoa zela. Pamirren, adibidez, Pik Alexander-en eskalada oso ona egin zuen. Patagonian: Cerro Torreko hego-ekialdeko ertza, ‘Bizcochuelo’ El Mochon, Mermoz erpinean ‘zutoin gorria’… Alpeetan ere, goi-mailako jarduerak egin zituen Eigerren, Aiguille Noiren, Petit Drun… Eta, jakina, etxean bertan; hots, Tatrasetan.
Oso gaztetik gaitasun handia erakutsi zuen alpinismoa praktikatzeko. Adibidez, selekzio eslovakiarrarekin makina bat sari irabazi zituen. Sasoi ikaragarria zuen, eta bazirudien Lantang Lirung-eko espedizioak mendi garaietan jarduteko lorbidea izango zuela. Baina, etorkizun oparo hori Huserkari eten egin zaio.