Foruzaingoak euskaraz informatuak izateko eskubidea urratzen duela salatu du Behatokiak
Foruzaingoak sare sozialetan ez duela euskaraz informatzen eta horrek herritarren eskubideak urratzen dituela eta foru dekretu baten aurka doala salatu du Behatokiak. Foruzaingoko Komunikazio eta Herri Partaidetza Taldeko buruak argudiatu du lanpostu horretarako ez dela euskara jakitea eskatzen.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak salatu duenez, Foruzaingoak ez du euskara erabiltzen sare sozialetan, «Nafarroako herritar guztiei zuzendutako informazioa izan arren». Dioenez, hori 103/2017 Foru Dekretuak ezarritakoaren aurka doa.
Ohar batean azaldu duenez, herritarrek hainbat kexa aurkeztu dituzte horren aurka eta 2024ko urrian Nafarroako Arartekoak ebazpena eman zuen.
Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Kontseilariak Arartekoari emandako erantzunaren arabera, 2023-2027 epealdiko Hizkuntza Planari jarraiki, «dagoeneko zehaztuta dago Nafarroako Foruzaingoko Komunikaziorako eta Herritarren Partaidetzarako Taldearen agente lanpostuko plaza batek nahitaezko baldintza gisa euskararen ezagutza izan behar duela, eta Nafarroako Gobernua dagokion prozedura bidea jarraitzen ari da plantilla organikoan aldaketa hori gauzatzeko».
Hala ere, Behatokiak «argi» ikusten du langile bakar batek ezingo duela jarduera komunikatibo guztia euskaraz bermatu, egunero eta edozein ordutan zabaltzen diren gertakariak izanik.
Foruzaingoko Komunikazio eta Herri Partaidetza Taldeko buruak berak argudiatu duenez, sare sozialak kudeatzen dituen taldearen lanpostuetara sartzeko ez da euskara jakitea eskatzen eta baldintza horiek aldatzen ez badira, sare sozialetan euskaraz ezin izango da arreta eman.
Behatokiaren arabera, baina, «plaza bakan batzuei euskararen ezagutza ezartzeak ez du aldatuko errealitatea: Nafarroako Gobernuak informazioa eta baliabideak gaztelania hutsean zabaltzen jarraitzen duela, alegia».
Gainera, erantsi du, bitarteko neurri gisa itzulpengintza zerbitzuak erabiltzeko Nafarroako Gobernuak berak egindako gomendioak «ez die behar errealei erantzuten; zerbitzu publikoen efikazia kolokan jartzeaz gain, ez dio unean bertan herritarren euskaraz informatuta egoteko beharrari egoki erantzuten. Are gehiago, euskaraz komunikatzeko itzulpengintza zerbitzuak ezartzeak ez du egungo Nafarroako araudiaren beraren aplikazioa ere ahalbidetzen».
Kasu honetaz gain, Komunikazio eta sentsibilizazio buruaren lanpostua betetzeko lan deialdian ez dela euskararen ezagutza eskatzen salatu du Behatokiak.
Beraz, «Foruzaingoan ez ezik, Nafarroako administrazio publiko ezberdinetan komunikazioa eta informazioa kudeatzen duten lanpostu eta zerbitzuetan euskararen ezagutza bermatuko duten berehalako neurriak eskatzen ditugu. Nahitaezkoa da berehala komunikazio ataletako euskararen nahitaezko ezagutza duten lanpostuak ezarri eta egun dauden langileak euskalduntzeko neurri irmoagoak ezartzea, zonifikazioaren gainetik herritar guztiei informazioa euskaraz eta baldintza berberetan heltzeko irtenbide egokiena delako».