INFO

Miren Arzalluz izango da Guggenheim Bilbao Museoaren zuzendari nagusia

Miren Arzalluz historialari eta komisarioa izendatu dute Guggenheim Museoaren zuzendari nagusi; apirilaren 1etik aurrera hartuko du kargua. Azken sei urteotan Parisko Moda Museoaren zuzendaria izan da. «Tokiko balioak eta balio globalak integratzeko duen gaitasuna» azpimarratu du patronatuak.

Miren Arzallus. (JAMES WESTON)

Guggenheim Bilbao Museoaren Patronatuak Miren Arzalluz Loroño (Bilbo, 1978) historialari eta komisario ezaguna izendatu du gaur Museoaren zuzendari nagusi, azken hilabeteotan osatu den hautaketa prozesua burutu ondoren. Apirilaren 1etik aurrera hartuko dio lekukoa Juan Ignacio Vidarteri.

Arzalluz aukeratzearen arrazoien artean dago hark nazioarteko kultur erakundetan duen esperientzia. Deustuko Unibertsitateko doktoregoa du Historian, Artearen Historiako Masterra egin zuen The Courtauld Institute of Art-en eta Politika Konparatuan Masterra London School of Economics-en; azken sei urteotan, berriz, Palais Galliera Parisko Moda Museoko zuzendaria izan da. «Artearen historiaren, ikerketaren eta museoen arloetan duen ezagutza sakona dakar, eta, horrez gain, eskarmentu handia du erakundeen kudeaketan eta nazioarteko harremanetan», azaldu du patronatuak.

Arzalluzek testuinguru kulturalekiko duen «sentsibilitatea» eta «tokiko balioak eta balio globalak integratzeko gaitasuna» ere azpimarratu du patronatuak.

Gaur egungo euskal kulturarekin lotura estuak ditu Arzalluzek: Bilboko Arte Ederren Museoaren Aholku Batzorde Artistikoaren kidea da, eta Parisera joan aurretik Etxepare Euskal Institutuaren zuzendaria izan zen. Arte aditu independente gisa izan duen esperientziari esker, erakusketak komisariatu ahal izan ditu munduko hainbat herrialdetan, eta bost urtez Balenciaga Fundazioaren eta Museoaren komisarioburu izan zen, erakusketen eta Bildumaren arduradun.

Aurten frantziar Kultura Ministerioak Chevalière de l'Ordre des Arts et des Lettres izendatu du, eta berriki Estatu Batuetako diseinu sari nazionaletan epaimahai hautatu dute, New Yorkeko Smithsonian-eko Cooper Hewitt Diseinu Museoak ematen dituen National Design Awards 2025eko sarietarako.

Hautaketa prozesua

Maiatzaren 20an Juan Ignacio Vidartek Guggenheim Patronatuan zuzendari nagusi gisa dituen ardurei amaiera emateko erabakia iragarri zuen, museoaren zuzendaritzan belaunaldi berriaren ordezkari bat sartzea ahalbidetzeko. Hortik aurrera, nazioarteko hautaketa prozesu bat jarri zen abian, artearen eta kulturaren sektoreko zuzendaritzakideak kontratatzeko zereginetan nazioarteko esperientzia handia duen Berlingo Antonia Josten enpresaren eskutik.

Ekainaren 3tik 30era bitartean hautaketa prozesuaren zabalkundea egin zen eta eskabideak museoaren webgunean aurkeztu ahal izan ziren.

Prozesuan, jatorri geografiko desberdineko 79 profesional hartu ziren kontuan (%32 nazioartekoak, %23 EAEkoak eta %45 Estatu espainiarreko gainerako herrialdeetakoak). Profilak aztertu eta elkarrizketak egin ondoren, Antonia Josten enpresak hautagai aukeratuen zerrenda bat osatu zuen, eta hautaketa batzordeari bidali zion baloratzeko. Batzorde horrek hautagaiak ebaluatu zituen eskatutako gaitasunen eta ezaugarrien arabera eta, azkenik, haien ustez hautagairik egokiena eta artearen munduko erronka berriei hobekien erantzungo ziena aukeratu zuten.

Miren Arzalluz 2025eko martxoaren 1ean izendatuko dute zuzendari nagusi eta izendapenak egun horretatik aurrera izango du eragina. Lau astez, apirilaren 1era arte, murgiltze prozesu bat egingo du Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim museoetan, Juan Ignacio Vidarterekin batera. Egun horretan, Miren Arzalluzek zuzendari nagusi kargua hartuko du, erantzukizun osoz.

Duela hilabete batzuk Vidarteri ZAZPIKAn egindako elkarrizketa honetan patronatuko orain arteko idazkari nagusiak haren kudeaketaren balorazioa egin zuen, eta bere ondorengoak izango dituen erronka batzuk azaldu zituen, besteak beste, Guggenheim Urdaibai Museoaren proiektu polemikoa.