‘El arte en el croquis de escalada’ protagonista izan da Vic-eko liburu azokan
Juancar Sanz, Eli Azurmendi eta Rafa Elorzaren obrak Fira del Llibre de Muntanyaren hamargarren ekitaldiko ‘Collsacabra’ saria jaso berri du. Egileek baieztatu dute liburua izaten ari den ibilbide arrakastatsuarekin pozarren direla.
Urriaren amaieran aipatzen genuen ‘El arte en el croquis de escalada/Art in climbing topos’ liburuak aitortza jaso zuela sona handia duen Banff-eko Mendi eta Liburu Jaialdian. Hain zuzen ere, ‘Mountain Image’ sailean finalista izan zen. Bada, arrakasta hori barneratzeko ia astirik gabe, Juancar Sanz, Eli Azurmendi eta Rafa Elorza egileak beste sari batekin egin dira.
Hori joan den asteburuan Vic-en (Herrialde Katalanak) jaso zuten Fira del Llibre de Muntanya ekimenaren barruan. Liburu azoka horrek hainbat atal ditu, eta ‘El arte en el croquis de escalada’ lana ‘Collsacabra’ sailean protagonista izan da; zehazki esanda, irabazi du. Hortaz, oso denbora gutxian euskal ekoizpen honek bi aitortza izan ditu; biak ala biak, gainera, nazioarteko erakusleihoetan.
Vic-eko azken sari horren inguruan, hiru egileok denbora hartu nahi izan dute liburua izaten ari den ibilbide arrakastatsuaren inguruan hausnarketa orokor bat egiteko. NAIZi adierazi diote duela hiru urte hasitako proiektua hiru lagunen arteko zorakeria izan zela: «Liburu hau ‘Harri, Orri, Arkatz’ erakusketaren alboko aukera bat izan zen. Horrek guztiak ‘Expocroquis’ proiektuan isla izan zuen. Lasai asko esan dezakegu Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteko hiru lagunen artean sortutako proiektu ero bat izan zela. Xede batekin burugogor jarri ginen; izan ere, gure asmoa zen eskaladako ibilbideen inguruan dagoen ekoizpen artistikoa dibulgatzea. Harrituta geratu ginen xede hau aurrera ateratzeko jaso genuen krokisen kopuru itzelarekin. Egile asko inplikatu ziren, eta teknika zein estilo ezberdinetako lanak jaso genituen».
Lan handia
Izandako erantzunarekin, Sanz, Azurmendi eta Elorzak argi zuten liburu bat egin behar zutela. Jakina, landutako kontaketa baten laguntzarekin. Era horretan sortu zen ‘El arte el croquis de escalada/Art in climbing topos’. Lehen arrakasta edo bultzada crowdfunding bitartez jaso zuten, eta lehen argitaraldiaren 1.500 liburuak oso azkar agortu ziren.
Protagonistok baieztatu dute horrek guztiak ezustean harrapatu zituela: «Arrakasta horrek gaindi egin zigun; izan ere, munduko bazter ugaritik interesa jaso genuen. Gogoratu behar dugu liburua bi hizkuntzetan dagoela: gaztelaniaz eta ingelesez. Pozarren ginen erantzun horrekin, baina, ondoren, nazioarteko mendiko kulturarekin lotutako ekimenetan liburuak izan dituen aitortzekin erabat zoratuta geratu gara».
Lehenik eta behin, Trentoko mendi zinemaldi historikoak liburuei egiten dien tartean ‘El arte en el croquis de escalada’ onartu zuen. Bigarrena Baff-ekoa izan zen, eta hirugarrena eta azkena aipatu dugun Vic-eko liburu azokan jaso dute: «Egin berri den hamargarren ekitaldiko ‘Collsacabra’ saria irabazi dugu; hots, katalanez idatzita ez dagoen liburu onena izan da. Une jakin honetan ez dakigu zer gehiago esan. Ufa, ibilbide distiratsu honek asko betetzen gaitu. Baina batez ere konpentsatzen ditu azken hiru urteotan hirurok egin dugun lan handia eta bizitako lo-galtzeak. Eta irakurleak jakin dezan, lan hori desinteresatua izan da».