Afari solidarioen aurka egin zutenen aurrean, «faxistak kanpora» oihuak Donostian
Larunbat honetan ‘Lo que no te cuentan de Donosti’ mugimenduak mobilizazio bat deitua zuen Donostiako Easo plazan, «segurtasuna» aldarrikatuz. Egia auzoan antolatzen den afari solidarioen aurka agertzean hartu zuen nolabaiteko sona mugimendu honek, Donostiako Udaleko PPko ordezkarien babesarekin.
Larunbat honetan, 18.00etan, Easo Plazan elkarretaratzea deitua zuen ‘Lo que no te cuentan de Donosti’ mugimenduak. Egia auzoan KAS kolektiboak antolatzen dituen afari solidarioen aurka egitearren hartu zuen hauspoa herritar talde honek, beraien lehen mobilizazioan Donostiako Udaleko PPko hiru zinegotziak ere gehitu zirela.
Aipatu elkarretaratze horren ondotik sortu ziren tentsio uneak aitzaki hartuta, Udalak afari solidarioak debekatzeko hautua egin zuen eta KASeko kideek antolakuntza «kriminalizatu» nahi dutela salatu zuten.
Ordutik, «segurtasunaren» izenean aritu dira batzuk, aipatu afari solidario horiek hirian «intseguritatea» hauspotzen zutela argudiatuta. Alegia, delinkuentzia eta afari solidarioen hartzaileak lotuta zeudela arrazoitu zen ‘Lo que no te cuentan de Donosti’ izeneko Telegram kanalean. Beharrizan gehien dutenak laguntzeak –ezer edo gutxi daukatenei mokadu bero bat eskaintzeak–, «zikintasuna eta delinkuentzia» areagotzen dituztela, alegia.
Diskurtso populistak indarra hartzen duten garaiotan –esfera handietatik hasi eta herriko mugimenduetaraino–, ‘Lo que no te cuentan de Donosti’ mugimenduak kalean eragin nahi izan du. Hala, larunbat honetan mobilizatzera deitua zeuden, «hiri seguruago bat lortzearren» lelopean. Easo plazan batu dira hamarnaka pertsona baina ordurako, herritar talde bat ere mobilizatu da, «faxistak kanpora» oihuekin hauen ideia atzerakoiak argitara atera asmoz.
Gaur jendetza batu da Donostian, Easo plazan, «Lo que no te cuentan de Donosti» deialdi xenofoboaren aurka.
— Malcolm iXa (@ideiazabaldub) November 16, 2024
Ertzaintza bertaratu direnen kontra oldartu da.
Faxismoaren, arrazakeriaren eta klasismoaren aurka; ez dira pasako! ❌✖pic.twitter.com/mvMiIS6B6R
Tentsio uneak ere bizi izan dira, ertzaintzak aurre egin baitie «faxistak kanpora» lelopean gerturatu diren herritarrei, ‘Lo que no te cuentan de Donosti’ mobilizazioak Udalaren baimena edukita, poliziaren babesa izan baitute.
EH Bildu: «Eskain diezaiekegun gutxienekoa da»
Easo Plazan larunbat iluntzean jazotako gertaeren inguruko bere irakurketa partekatu du EH Bilduk. Lehenik, azpimarratu du errealitate bat dagoela Donostian ezkutatu ezin dena: «300 pertsona inguruk ez dute zer jan eta egunean behin otordu bero bat izatea herritar hauei eskaini diezaiokegun gutxienekoa da».
Koalizio subiranistarentzat, «irtenbidea da, partziala beti ere, erakundeek, Donostiako Udalak kasu honetan, bere betebeharrak betetzea eta herritar hauei gutxieneko horiek eskaintzea oinarrizko premiak eta eskubideak asebeteta izateko. Legeak egoera hau aurreikusten du; hortaz, baliabideak badaude, borondate politikoa da falta dena».
Kaleko Afari Solidarioen lana, boluntarioek osatzen duten sareari esker, «estimatzekoa eta goraipatzekoa da, musu-truk egindakoa», adierazi du. «Asmo onenarekin egiten dute egunero, 2020. urteaz geroztik, instituzioen arduragabekeriak utzitako gabezia betez».
Kezkatuta dago EH Bildu egoera honen aurrean eskuineko eta ultraeskuineko diskurtsoek hartzen duten leku eta indarrarekin. Donostian ideologia hau «erresiduala izan da eta denon ardura da horrela izaten jarraitzea».
EH Bilduk Kaleko Afari Solidarioen aurka egin diren eta etorkizunean egin daitezkeen deialdiak salatu ditu. Eta probokazioetan erori gabe, ideologia faxistaren aurka arlo guztietan lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du.