INFO

Oihana Kortazar eta Lide Urrestarazu SWS zirkuituan top 10ean sailkatu dira

Skyrunning World Series-eko sailkapen orokorrean Kortazar laugarrena izan da eta Urrestarazu zazpigarrena. Asteburuan jokatutako SkyMasters edo final handian, Marato dels Dements-en, elgetarrak hirugarren postua sinatu zuen.

Oihana Kortazarrek laugarren postuan bukatu du SWS zirkuitua. (SWS)

Trail running-eko denboraldiaren azken hitzorduei dagokienez, joan den asteburuan Skyrunning World Series zirkuituak edo Munduko Kopak amaiera izan zuen. Denera, mundu zabalean 21 proba izan ditu, eta azken geltokia Eslida herrian (Castelló) izan da: Marato dels Dements.

Zirkuitu horretako SkyMasters edo final handia jokatu zen 43 kilometro eta 3.800 metroko desnibel positiboa zituen ibilbidean. Pizgarri berezia zuen azken lehia horrek; izan ere, behin-behineko sailkapenaren hogei onenek ohorezko postuak jokoan zituzten. Eta horien artean hainbat euskal ordezkari zeuden; den-denak, emakumezkoak. Top 10ean, adibidez: Lide Urrestarazu (5), Oihana Kortazar (7) eta Naiara Irigoyen (9).

Sailkapenaren puntuei begiratzen badiegu, hirurek ala hirurek oso zaila zuten garaipena lortzea, baina Urrestarazuk eta Kortazarrek aukera batzuk zituzten podiumera igotzeko edo kutxa horietatik gertu egoteko. Baina aldez aurretik, den-dena eman behar zuten maratoi horretan. Aipatu dugu ibilbidearen distantzia, baina gehitu behar dugu ere Eslidako hitzordu horrek benetako mendiko lasterketa baten izaera izan zuela: teknikoa, oso gorabeheratsua, exijentea…

Oro har, ez zen ezustekorik izan. Eta hori diogu behin-behineko sailkapenaren liderrek ez zutelako hutsik egin. Mutiletan, Roberto Delorenzik irabazi zuen 4:45:50 denborarekin. Nesketan, berriz, Anastasia Rubtsovak 5:38:50 kronoarekin.

Top 10

Emakumezkoen kategorian, euskal lasterkari batek, Kortazarrek, ez zizkion lanak erraztu irabazleari. Lehenbiziko kilometroetan, erritmo oso altuan, Rubtsova eta gipuzkoarra tropelaren buru joan ziren. Atzetik, tarte txikira, Julia Font katalana zuten. Baina une jakin batean, errusiarrak beste martxa bat jarri zuen eta Kortazar atzean utzi ere. Sasoi ikaragarri horri esker, lehena izan zen helmuga puntuan. Fontek ere lasterketa handia egin zuen, eta, Kortazar aurreratu ondoren, bigarrena izan zen. Hirugarren postua emozio handiz bizi izan zen. Nahiz eta maratoi baten distantzia zuen, postu hori esprintean jokatu zen. Hain zuzen ere, Kortazar eta Hillary Gerardiren artean. Segundo batengatik, gipuzkoarra frantziarrari gailendu zitzaion.

Oso gutxigatik bada ere, Urrestarazu ez zen lehen hamarren artean sailkatu.
Esprintetik arnasa berreskuratu ostean, Kortazarrek adierazi zuen pozarren zegoela lortutako emaitzarekin: «Hogeita hirugarren kilometrora arte erritmo bikaina eraman dut, baina hortik aurrera ezin izan diot eutsi errusiarrak ezarritako abiadurari. Gainera, igoera batean karranpak izan ditut bikietan. Lasterketa ederra izan da, eta ibilbidea eta giroa asko gustatu zaizkit. Amaiera ezin hobea izan du zirkuitu honek».

Puntu guztiak batu eta gero, nesken kategorian, Rubtsovak irabazi du Skyrunning World Series zirkuitua. Eta Delorenzik mutiletan. Euskal ordezkari erregularrena Kortazar izan da; elgetarra laugarren postuarekin egin da. Urrestarazu ere lehen hamar onenen artean sailkatu da: zazpigarren postuan.