INFO

DSBEaren kanpaina erretiratzea exijitu du EH Bilduk, «zaurgarrienak seinalatzen dituelako»

Lakuako Gobernuak Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren inguruan hasi duen kanpaina «irmoki» salatu du EH Bilduk eta erretiratzeko eskatu dio, «onartezina baita pertsona zaurgarrienak seinalatzea».

Alfonso Gurpegui Enplegu eta Gizarteratze sailburuordea, Francisco Pedraza Lanbideko zuzendari nagusia eta Sara Buesa Lanbideko Prestazio eta Gizarteratze zuzendaria, kanpainaren aurkezpenean. (IREKIA)

EH Bilduko bozeramaile Nerea Kortajarenak «irmoki» salatu du Lakuako Gobernuak, zehazki Lanbidek, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) inguruan hasi duen kanpaina, eta erretiratzeko exijitu du, «onartezina» baiteritzo «pertsona zaurgarrienak seinalatzea».

Kanpaina horren baitan, izan ere, Lanbidek «iruzurraren aurkako komunikazioen postontzia» jarri du martxan, herritarrek DSBE kobratzeko orduan iruzur edo irregulartasunen bat atzemanez gero edo susmoa izanez gero modu anonimoan salatu ahal izan dezaten.

Kortajarenak nabarmendu duenez, gizarte laguntzetan dagoen iruzurra «hutsaren hurrengoa da, %0,25eko ingurukoa,» eta, beraz, datu horiek eskuan, «kritikagarria» deritzo horrelako ekimenak martxan jartzea, «DSBE jasotzen duten herritarren inklusioaren eta babesaren kontra doazelako».

«Non daude buzoiak zerga iruzurra eta ustelkeria salatzeko?», galdetu du EH Bilduren legebiltzarkideak, inpaktu ekonomiko «askoz handiagoa duten halako jokabideen aurkako neurriak hartzen ez direla» agerian utzita.

Gainera, Kortajarenaren ustez, Lakuako Gobernuaren kanpainak «bere egiten du» eskuin muturraren marko narratiboa. «Onartezina da Jaurlaritzak diskurtso horiek modu horretan bere egitea. Mikel Torresek azalpenak eman behar ditu», adierazi eta atzera egin eta kanpaina erretiratzeko exijitu dio.

Kortajarenak Torres lehendakariordeari galdetuko dio ostiralean gai honen inguruan Gasteizko Legebiltzarrean, Kontrolerako Osoko Bilkuran.

ELA ere, aurka

ELAk ere arbuiatu egin du «iruzurraren aurkako postontzia eta «oso larritzat» jo du neurri hori martxan jartzea, «gizarte prestazioak jasotzen dituztenak kriminalizatzeko» kanpaina dela uste baitu.