INFO
Entrevue
Asisko Urmeneta
Marrazkigilea

«Sorgin-ehizan eta ondorengo mendeetan isilarazi dituzten emakumeeei ahotsa itzuli nahi diegu»

‘Ni ez naiz sorgina. Suak errerik, keak gorderik’ dokumentala prestatzen ari da Asisko Urmeneta. Lehenik jazarriak eta hilak izan ziren eta ondoren lau mendez isilduak izan diren emakumeei ahotsa eman nahi die. Nazioarteko adituak zein euskal aktibistak ditu bidaide ikus-entzunezko proiektuan.

Herriz herri dabil Asisko Urmeneta elkarrizketak egiten eta irudiak filmatzen. Irudian, Bidankozen. (NIEZNAIZSORGINA.EUS)

Herriz herri dabil Asisko Urmeneta (Iruñea, 1965) irudiak filmatzen, elkarrizketak grabatzen, dokumentatzen… Nazioarteko adituen kasuan bideokonferentziaz egiten ditu elkarrizketak. Diarmaid MacCulloch (Oxford), William Monter (Chicago), Roldan Jimeno (NUP), Amaia Nausia (NUP), Koro Iratzoki (Zugarramurdi), Anne Pagola (Senpere), Joxepe Irigarai (Auritz)... proiektuan bidaide dituen nazioarteko adituak zein euskal aktibisten zerrenda luzea da. 

Mendez mende zabalduz joan diren hainbat legenda eraitsi nahi ditu ‘Ni ez naiz sorgina. Suak errerik, keak gorderik’ dokumentalarekin.

Euskal Herrian sorginez dugun ikuspegia aztertuz hasi nahi izan du elkarrizketa, filmari testuingurua emate aldera. «Batetik, mitologiaren aldetik botere bereziak ditu sorginak. Eta lurrekoa da, edo Joxemigel Barandiaranek esan bezala, lurpeko izakia da, zehazkiago. Eta gauekoa», azaldu du.

Herri guztietan zegoen sorgin ezagun bat. Bertute positibo zein negatiboei lotzen zitzaien, ikuspuntuaren arabera. «Onerako, emagina, belargilea, sendagilea eta igarlea zen. Eta txarrerako, pozoinketak, ekaitzak erakartzea edo begizkoak egitea leporatzen zitzaion», adierazi du.



Gaur egun eraikitzen ari den irudikapen garaikidearen arabera feminismoaren ikur bilakatu da sorgina. «Emakume ahaltsua, librea eta naturaren jakitun bezala berreraikitzen ari gara. Ospakizunetan (Inauteriak, akelarreak…) erritu iniziatikoa da nerabeentzako. Horrek ere badu bere garrantzia», dio. 



Hernanin urtero egiten dute akelarrea. (NIEZNAIZSORGINA.EUS)

Akelarreari lotuta doa gurean sorgina. Usteak ustel. «Akelarrea oso gurea dela iruditzen zaigu, euskal kulturari lotutakoa. Azkenaldian errebeldia zeinu gisa berreskuratzen ari da, Elizaren kontrako oldartzea, feminismoa… Baina historikoki eta positibismo zientifikoaren argira, Akelarrerik ez da izan Euskal Herrian sekula. Elite intelektualaren asmakeria izan zen sekta satanikoaren alibiari lotuta», esan du iruindarrak. 



Sorgin-ehiza, alibi juridikoa

Sorgin-ehiza du ardatz filmak, hain zuzen ere. «Momentu historiko jakin batean Mendebaldean eraiki den alibi juridikoa da disidentzia oro suntzitzeko», azpimarratu du. «XVI. eta XVII. mendeetan ekuazioan deabrua sartzen da lehenbiziko aldiz. Sorginkeria demoniakoa edo sekta satanikoa asmatzen da. Jada ez dira herriko pertsona jakin batzuk hortik bizi direnak, kolektiboa da. Populazio osoa jazarri, harrapatu eta suntsitzeko aukera ematen du defentsa posiblerik gabe».

Herrialde askotan gertatu da sorgin-ehiza. «Gure markoa Euskal Herria da, nahiz alderatzen dugun hemen gertatutakoa Europako beste hainbat herrialderekin», argitu du Urmenetak. «Europarrek segur aski Ameriketatik ekarri zuten sorgin-ehizaren kontzeptua. Izan ere, Ameriketan populazio osoa suntsitzen aritu ziren. Nola justifikatu? Kanibalismoa, idolatria... egotziz. Europara ekartzean akusazio horiei deabrua eta akelarreak gehitu zizkieten», azaldu du.

Izenburuak argi islatzen du zeri jarri nahi dion fokua dokumentalak. ‘Ni ez naiz sorgina’ ideia da lehena. «Sumario aunitzetan agertzen den deklarazioa da. Herritarra ehizatua izan da bere herrian, ondasun guztiak bahitu dizkiote, bera ere bahitua izan da, Calahorrara edo Logroñora eramana izan da, Inkisizioaren presondegi sekretuetan inkomunikatu eta halako batean hasi da galdeketa. Jakinarazten zaiolarik zein delitu duen kontra, sorgina izatea, akusatuaren erantzuna da ‘ni ez naiz sorgina, nik nire bizitza ateratzen dut garbiki ene izerdiaz, ez dakit zer den sorgin izatea’. Sekta satanikoaren akusaziopean jazarriak, punituak, bortxatuak, hilak, sarraskituak izan diren horiek guztiak ez dira sorginak izan», nabarmendu du. 



Erratz gainean doan ‘sorgina pirulina’ fantasiari lotuta dago Urmenetaren esanetan. «Sorgina lurreko izakia da euskal mitologiaren arabera eta aldiz, XVI. mendetik aurrera airez aire joatea leporatzen zaie sorginei». Euskal Herrian erratzik ez da      –Europako beste herrialde batzuetan bai–, ahuntzaren edo zaldiaren gainean ibiltzen dira, edo haiek beraiek hegalka. Erratzarena ondoren guk egokitu egin dugu gaur egun sortu dugun nahaste-borrastean».

Lehenbiziko exekuzio kolektiboa duela 500 urte Auritzen eman zen. «Urte hartan bertan ala hurrengoan adituen bilera egin zen Granadan. Sorginak airez aire ibiltzen ziren egiazki ala drogen erabilpenaren bidez edo ametsen bidez abiatzen ziren erabakitzea zen helburua. Eztabaida telologikoa edo juridiko oso sakona izan zen. Sorginik bazen ez zen dudan jarri. Hori egia ‘erosia’ zen. Momentu hartan botereari etsai bat izatea komeni zitzaion jendearen kontra jotzeko. Sekta kolektibo satanikoa zen etsaia».

‘Suak errerik’ da bigarren klabea, izenburuak indartzen duena. «Akusatuak sorgina zela aitortuz gero bizitza salbatzen zuen usaian. Bukaera arte ukatu zutenak erre zituzten. Hala ere, aunitzek, torturapean ere, eta jakinik sutara joanen zirela ukatuz gero, atxiki zuen bere egia hil arte», esan du.

Lehenengo urkatu eta ondoren erre egiten zituzten. «Bizitza arrastoa bera ere desagerrarazi nahi zuten, ‘damnatio memoriae’, existituko ez balitz bezala, nahiz eta bere familia hiru belaunaldiz zigortua izan. Sorgina zegoen familiaren kasuan ondoko hiru belaunaldietan ez ziren Ameriketara joaten ahal, ez zuten armarik eramaten ahal, ezin zaldiz ibili… azpi-lumpen bat bihurtzen ziren kondenatuaren familiako kideak».   



Suntsitu herritarrak, suntsitu erresistentziak  



«Suak suntsitu zituen pertsonak, suntsitu zituen erresistentziak. Momentu hartan Absolutismoa pizten ari da Europan eta herritarrei diziplina ezarri eta ordena ezartzeko beharra du, autoritarismoaren bidez sorgin-ehizaren mitoa asmatu du. Sophie Houdard, Sorbonneko irakasleak egin diogun elkarrizketan dio behar dutela sekta satanikoa beraien muga-eskualdeak garbitzeko eta absolutismo politiko, kultural eta erligiosoa ezartzeko. Europa osoan ematen da. Kasualki, potentzia handi horien arteko muga-eskualdeetan ematen dira prozesu latzenak, besteak beste, Euskal Herrian. Hemengo jazarpen kolektiboa ikaragarria izan da. Hemengo haurren instrumentalizazioa beste inon baino handiagoa izan da prozesuetan».

Euskal Herriko emakumeak XVI. mendean. (NIEZNAIZSORGINA.EUS)

‘Keak gorderik’ da giltza den hirugarren ideia. «Une jakin batean, arrazoi geopolitikoengatik, Espainiako Monarkiak deliberatu du sorgin-ehizari bukaera ematea. Kasualki Espainia eta Frantzia bake bidean sartzen ari direnean gertatzen da. Inkisizioak dekretatu du isiltasun ediktoa. Ezin da salatu edo aipatu ordura arteko jazarpena. Isiltasun ediktoa 1614. urtean gertatu zen, horrek esan nahi du azken lau mendeotan ez dugula beste bertsiorik izan. Kontakizun bakarra izan da. De Lancre-ren liburuan Ciarducok edo Goyak XIX. mendean erabili zuten iruditerian akerra erdian, sorgin zaharrak inguruan begi-niniak jaten, lau mendez errepikatu izan den errelatu bakarra da. Horregatik lau mendetako kea da isiltasun ediktoak markatu duena. Egiatik oso urrun eta inkisidoreen bertsio interesatua bakarrik ezagutu dugu. Horrek zer ekarri du? Gaur egun gure herrietan jotzen dugu inkisidoreen ipuin edo fabula horretara. Akelarreak, sua, sexu praktika debekatuak… oraingo egunean mistifikazio berriak sortzen ari direnez, fokua jauntxoen gainean eta probetxua atera dutenengan ehiza horretatik. Bidaia biziko du ikusleak. Ez genuen XVII. mendean geratu nahi. Ezta buru kalakariak bata bestearen atzetik jarri ere. Bisualki planteatu dugu, manera berritzaile batez egin nahi dugu. Bidaia izango da, egia atzematen saiatuko naiz. Nazioarteko adituak, herrietako ikerlariak edo aktibistak –Hernanin zergatik egiten duten Akelarrea edo Bidankozen Sorginaren Jaitsiera– ikusten transmisioa nola eman den edo ez den eman gure etxeetan. Duela lau mende hain latza izan den jazarpenak arrastoa utzi du gure herrian eta interesa bada jakiteko zehazki zer gertatu zen», azaldu du.

Deseraiketak

Herri askotan desaraikitzea ematen ari da. «Senperen, adibidez, Katalina Elizalde sorgin bezala prozesatu zuten emakumearen izena du Seaskak ireki duen kolegioak. Hau ere bada herritarrek berrirakurketa berria egiten dutenaren zantzua. Parte hartu nahi dugu egiten ari den desaraikitzean. Arras interesgarria zaigu gure bidaian eta horren partaide eta horren lekuko izan gara», dio.

Garapen fasean da proiektua. «Esploratzen ari gara ze narratiba bisual eman nahi diogun. Garai bateko eta oraingo pertsonaiekin bestelako kontakizuna egin nahi dugu, komikiaren kulturatik eta biñetatik abiatuta. Emozioek eta sentimenduek tokia dute, dudarik gabe. Sorgin-ehizarekin eta ondoren isilarazi zituzten emakumeeei ahotsa itzuli nahi diegu. Bidegabekeria ikaragarria eman da haien kontra. ‘Ni ez naiz sorgina’ dokumentalean haien orroa gure egiten dugu».

Ikusita zenbat material ari diren biltzen webgunean elkarrizketa osoak jarriko dituzte podcast formatuan. «Dokumentalean, nahi eta nahi ez, mozketa lana egin beharko dugu, gauzarik gehienak kanpoan utziz. Ikuspegi oso anitza eskaintzen du gaiaren inguruan, aditu bakoitzak bere hipotesia du eta batzuetan bat egiten du beste elkarrizketatuenarekin, baina bestetan ez. Podcasta izango da modu zintzoa bakoitzaren mintzoa osorik jakiteko. Eta konparatu ahal izango da bataren eta bestearen hipotesia», azaldu du Urmenetak.

Gidoilari eta zuzendari lanak hartu ditu bere gain iruindarrak. «2020an argitaratutako saiakera grafikoan, ‘Sugarren mende’, hurbilketa lanak egin genituen. Oinarrizko planteamendua bageneukan. Lau lagun elkartu gara orain». Aitor Karasatorre –errealizadorea–, Adriana Urmeneta –sare sozialak eta crowdfunding kanpaina– eta Eneko Gallartzagoitia ekoizle exekutiboa ditu ondoan Urmenetak.

Gaiak erabat sorginduta dauka. «Hartzen dut zure ideia eta erabiliko dut!», dio barrez. Bidaia pertsonala ari da izaten. «Dudarik gabe. ‘Hau kontatu egin behar dut’ pentsatzen dut. Film edo dokumental asko egiten dira, gaia denon interesekoa da. Inkisidorearena egiteko batere asmorik gabe herri honetan gertatu dena kontatu nahi dut. Bai, gaiak guztiz sorginduta nago. Hori da hitza», aitortu du.

Historiagilea ez izateak eskaintzen dio abantailarik. «Badut bestelako askatasuna gertaerak lotzeko. Liburuetan agertzen diren datu objektiboak lotzea ezinbestekoa egiten zait. Sorgin-ehizatik aberastu zen jauntxoak zein rol jokatu zuen momentu horretako politikan? Ofizioko batek agian ezin ditu egin baina agian nik bai. Historia bezain inportantea edo inportanteagoa da nola barneratzen dugun eta zein irudi egiten dugun horretaz. Nahasketa da. Kritiko izan kontatu digutenarekin, hori oroz lehen».

Crowdfunding kanpaina



Astearte honetan abiatuko da proiektua aurrera ateratzeko martxan jarri duten crowdfunding kanpaina. Egitasmoak aurrera egingo du, bilduko duten dirua diru. «Proiektua egiten ari gara eta egingo dugu, zernahi gisaz. Osotasun estetikoa eta teknikoa ematearren beharko genuke sosa. Ikusleari diogun errespetuagatik. Eta diru gehiago lortuko bagenu ari gara planteatzen garai bateko ilustrazioak marraztuak agertzea edo dirurik bagenu Adur Larreak animaraztea marrazkiak. Eta nazioartean ere ikusarazi nahi dugu. Irakurketa oso interesgarriak ari dira Europako beste eskualde kaltetu batzuetan eta horiekin noizbait irakurketa integrala egitera iristea interesgarria da», kontatu du.

Momentuz dirua jartzen ari dira. «Gure gastuak eta tapatzen hastea ez legoke gaizki. Edo zergatik ez, zerbitu batzuk ematen dizkiguten lagunei ordaindu ahal izango genieke manera duin batez lan egin dezagun denok».



Webgunean diru aportazioa egiteko aukera dute interesatuek.