INFO

Durangoko Azoka indartsu dator: egun bat gutxiago, baina 933 nobedade eta 200 ekitaldi

Iazko nobedade eta ekitaldi kopuru berdintsuarekin, erakusmahai gehiagorekin eta, aldiz, egun bat gutxiagorekin, Durangoko Azokaren 59. edizioa indartsu datorrela suma daiteke. Abenduaren 5etik 8ra, euskararen plazak bisitari anitz hartuko ditu, horien artean Irene Vallejo eta idazle kurduak.

Beñat Gaztelurrutia, bere taldearekin. (Marisol Ramírez | FOKU)

59. Durangoko Azoka ate joka dagoenean, euskal kulturaren hitzordu beterano honetarako antolakuntzak abenduaren 5etik 8ra bitartean ‘Hartzea ematea da’ lemapean egingo den ediziorako prestatutako guztiaren berri eman du San Agustin kulturgunean, hau da, Azoka egunetan Szenatokia gunea hartuko duen aretoan.

Aurten, egutegiak horrela aginduta, lau egunetan kontzentratu da iaz bost egunetan egin zena. Halere, Beñat Gaztelurrutiak, Azokaren koordinatzaileak, aurreratu duenez, Landako gunean erakusmahai gehiago sartuko dira (274 erakusmahai 153 partaideentzat), iazko kultur nobedade berdintsuak aurkeztuko diren arren. Hau da, 933 nobedadeez osatuko da aurtengo ‘euskal ekosistemaren uzta’, horietatik 639 liburu, 216 musika produktu, 47 aldizkari eta 31 bestelako produktuak.

Sormen guzti hori aurkezteko 200 bat ekitaldi antolatu dira Azokak hartzen dituen guneetan. Horretarako 735.000 euroko aurrekontua izan dute: %47 erakunde publikoengandik jasota, %25a Azokak berak lortuta batez ere stand-en alokairuarekin eta %18a babesle pribatuek emana.

Goizeko 10.00etan zintzilikatu da durangokoazoka.eus webgunean egitaraua, etengabe eguneratzen joango dena, eta asko dago entzun, ikusi eta parte hartzeko. Hemen zertzelada batzuk:

Datu praktikoak

Goizeko 10.30etan ateak zabaldu eta 20.00ak arte egongo da irekita Azoka, azken egunean izan ezik (18.00etan itxiko ditu ateak 8an). Garraio publikoa gomendatzen den arren, autoan gerturatzen direnek ostirala 6tik Iurretan aparkalekua izango dute, autobus-lanzadera zerbitzuarekin herrira gerturatzeko.

Indarkeria matxistaren aurkako protokoloa ere martxan jarriko da. Puntu morea Landakon egongo da, eta gune desberdinetan antolakuntzako ordezkariak izango dira. Eta Azokako norbait galdeketa batekin gerturatzen bazaizue, erantzun ezazue, datorren urtean 60. edizioa ospatuko denez, gaur eguneko azokaren ‘argazkia’ emango duen ikerketa egiten hasi bata antolakuntza.

Ikasle eta gaztetxoak... eta Katxiporreta

Lehen egunean, ostegunak 5, ohi denez, ikasleak izango dira protagonista, nahiz eta Azoka mundu guztiarentzat zabalik egon. 40 eskoletako ikasleak aurrikusten diren arren, seguruenik gehiago gerturatuko dira. Saguganbara, Kabi@, Ahotsenea... gune desberdinetan tailerrak, solasaldiak, jokoak prestatu dituzte.

Abenduak 6an, ostiralean, hirugarren urtez Gazte eztanDA! egingo da. Egun osoko plana da, eta gauez ere kontzertua egongo da Landako plazan ezarriko den karpan, Nekktar, Naxker eta Xaukena Xauk taldeen eskutik.

Seguruenik ilara handiak eragingo dituen beste ekitaldi bat egun horretako eguerdian izango da, 14.00etan, Katxiporretaren ‘Zeruak lapurtuko dute’ aurkeztuko baita. Gonbidapenak 10.30etatik aurrera banatuko dira Saguganbarako atean bertan.

Nestor Basterretxea, gogoan

Ehun urte bete dira aurten Nestor Basterretxea jaio zenetik eta Azokan ere gogora ekarri nahi izan dute artista honen memoria. 2012an Azokaren kartelaren egilea izan zen bermeotarra, eta hain justu, kartel horren originala ikusi ahal izango da datorren astean Durangoko Museoan zabalduko den erakusketan.

Larunbata 7an, gainera, 10.30etan bere esker ona emango dio Gerediaga elkarteak Talaian egingo den omenaldi ekitaldian. Bertan Basterretxearen senitartekoak egongo dira.

Nobedadeak Ahotsenean

2007. urtean sortu zenetik, lehenengo aldiz ez da genero arrakalarik egongo Ahotseneako aurkezpenetan. Albiste hau azpimarratu nahi izan du Gotzon Barandiaranek, gune honetako arduradunak, aspaldidanik bilatutako zerbait delako. Liburuen aurkezpenetan erdia baino gehiago izango dira emakumeak; musikan, antzekoa da datua.

Euskal Herriko literatura eta musikaren taupada biziaren isla den gune honek –50 liburu eta 34 musika lan aurkeztuko dira– beste nobedade bat dakar aurten: musika eskola obretan dagoenez, liburuen aurkezpenak Landako gunearen albo batean, parkeko eremuan egingo dira; musikako aurkezpenak, beti legez, Plateruenan.

Palestina gogoan eta kanpoko bisitariak

Kanpoko bisitariei dagokienez, izen propio bat gailentzen da: Irene Vallejo idazle zaragozarra. Pamielarekin dator ‘Infinitua ihi batean’ saiakeraren idazlea Durangora, aurten bere beste lan bat ekarri baitu euskarara Fernando Reyk. ‘Infinitua ihi batean’ liburuaren 200.000 bat liburu saldu ditu hizkuntza desberdinetan.

Euskal Editoreen Elkarteak hizkuntza minorizatuetako editoreen topaketa bat antolatu du ere Museoan, eta palestinarren eta kurduen egoera aurrez-aurre ezagutzeko aukera egingo da Azokaren egunetan.

Esaterako, Suargi elkartean antolatuta, larunbatean mahai inguru bat egongo da museoan –horretarako kultura honetako idazleen ordezkaritza bat etorriko da Durangora– eta Ahotsenean, larunbatean ere, Euskal Herriko eta Kurdistango artistak elkarrekin egindako ekitaldi bat izango da 22.30etan. Parte hartuko dutenen artean, Ingot, Itziar Ituñoren taldea.