«Berunezko urteetan» Euskal Herrian «Estatu sakoneko» buru izan zen Cassinello hil da
Frankismoaren azken urteetan zein ondorengo hamarkadan espainiar zerbitzu sekretuen eta ETAren aurkako estrategiaren disenatzaile izan zen Andres Cassinello teniente jenerala hil da. Franco bezala, azaroaren 20an, eta bera bezala, ohean eta auzitegietan errugabe, 97 urte zituela.
1999ko abenduan abiatutako Lasa eta Zabalaren auziko epaiketan, aurpegi ezagun bat ageri zen ia egunero Auzitegi Nazionaleko pasilloetan, gora eta behera. Ordurako jada ofizialki erretiratua zegoen arren, bistan zen «lanean» ari zela Andres Cassinello espainiar Armadako teniente jenerala. Espainiar hedabideetan ere nabarmendu zutenez, lekukoei –zuzenean edo zeharka– mehatxu egitea eguneroko ogia zen prozesu horretan, Enrique Rodriguez Galindo eta bere gizonak salbatzeko saiakeran. Cassinello ez zen orduko hartan irabazle atera, baina nonbait ahalegina egiteko beharra sentitu zuen, Felipe Gonzalezek Guadalajarako espetxeko atean bezala.
Ordurako gerra zikinaren susmopean bazen, eta ez soilik Euskal Herrian, espainiar auzitegietan ere. ‘Oñederra auzia’ delakoan hasiera batean Cassinello inputatu zuen Baltasar Garzon epaileak, Galindo eta beste zenbaitekin batera «GAL berdea» sortzean nahastuta zegoelakoan. Berarekin batera Euskal Herrian «berunezko urteetan» jardun zuen Jose Antonio Saenz de Santamaria ere ageri zen epai-idatzi hartan. Baina azkenean ez zituzten epaitu, ez bata, ez bestea.
Saenz de Santamaria garbi mintzo zen gerra zikinari buruz urte luzetan, 2003an hil arte, horretaz zekiena agerian utzirik. Cassinello isilago ibili da beti, sotilago jokatu du. ETAren aurkako estrategiari dagokionean, publikoki legezko tresnen egiletza bat baino ez du aitortu: ZEN Planarena esaterako, Felipe Gonzalezen Gobernuen hastapenean asmatua, GALen sorrerarekin batera alegia.
Franco, Suarez, Gonzalez... eta CIA?
ETA ez zen bere aurkari bakarra izan. Andres Cassinellok 1974ko urrian PSOEk Suresnesen egindako kongresuaren kontrol lanetan parte hartu omen zuen Francoren Informazio zerbitzuen aldetik. Felipe Gonzalez alderdiko buruzagi izendatu zuten han eta biak eskutik helduta arituko ziren hamarkada bat geroago.
Gonzalezekin egin zuen lan orain hil den militarra, aurretik Adolfo Suarezekin bezala, eta lehenago Francorekin egin zuenaren antzera. Espainiaren alde eta independentismoaren aurka, alegia. Jokabiderik baztertu gabe (gaur egungo «fake news»ak ofizializatu zituen ZEN Planak) eta inpunitate osoz.
Galindo Torturaren Aurkako Egunean hil bazen, otsailaren 13. batean, 2021ean, Cassinello Franco ohean bizia galdu zuen egun berean hil da, azaroaren 20 batean. Edo Santi Brouard eta Josu Muguruza Estatu terrorismoak akabatu zituenean, horrela nahiago bada.