INFO

Imanol: «Derbiak beti parekatu egiten dira, detaile txikiek erabakiko dute»

Realaren entrenatzaileak onartu du bere taldea denboraldiko unerik onenean iritsiko dela Athleticen aurkako derbira, baina ez dio garrantziarik eman sailkapenean dagoen bi puntuko alde txikiari.

Imanol, Brais Mendezi azalpenak ematen Bartzelonaren aurkako partidan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Reala prest da igande honetan, 21.00etan, San Mamesen Athleticen aurka jokatuko duen derbirako. Goizean eman du deialdia talde txuri-urdinak, eta ez da ezustekorik izan. Espero bezala, Oskarsson ez da osatu soleoan duen lesiotik, baina bai Zubeldia eta bai Zubimendi zerrendan sartu ditu Imanolek. 23 aukeratuen artean ageri ez direnak Alvaro Odriozola eta Urko Gonzalez de Zarate izan dira.

Entrenatzaile oriotarra pozik agertu da jokalari ia guztiak puntu-puntuan dituelako, ostegunean Kopako neurketan arazo fisikorik jasan gabe. «Hemen geratu zirenak karga ekiditeko izan zen, bidaiak ekiditeko. Eta jokatu zuten gehienek 45 minutu jokatu zituzten. Entrenamendu bat bezalakoa da hori. Beraz, prest daude hasieratik jokatzeko. 23 jokalari ditut deialdian, denak erabat fresko ez, batzuk 90 minutu jokatu zituztelako, baina gehienak bai», azaldu du.

Alde horretatik, Kopako partida jokatu behar izanari garrantzia kendu dio Imanolek. «Hiru egunetik behin jokatzeak ekartzen dizu partidak prestatzeko horrenbeste denbora ez izatea, baina denok hori nahi dugu. Ohituta gaude, aitzakiarik gabe, eta derbia izanda oso gogotsu», aipatu du lehenik euskarazko galderen txandan. «Zortez urte asko dira hiru egunetik behin jokatzen eta taldean internazional askorekin», gehitu du ondoren gaztelaniaz.

Entrenatzaileak onartu du seguruenik taldea bere unerik onenean iritsiko dela derbira, Kopakoaz gain, Sevilla eta Bartzelonaren aurkako garaipenak kateatu ondoren, baina derbiak beti derbi. «Seguruenik bai, baina hiru partida izan dira eta horri jarraipena eman nahi diogu. Badakigu Athleticena partida zaila dela, beraien zaletuen laguntza izango dutelako, baina gu ere prest gaude eta seguruenik gure momentu onenean».

Athletic aldakorra

Aurkariaz, aipatu du Athleticen jokoa asko aldatzen dela zelaian dauden jokalarien arabera. «Urtean zehar aldatzen joan dira, segun eta zer jokalari dauden zelaian, gauza batzuk era batera egiten dituzte edo bestera. Eta jokalari horiek duten kokapenaren arabera ere asko aldatzen da jokoa. Desberdina da hiru egunetik behin jokatzea, horrelako zikloak izan direlako, edo astean partida bat jokatzea».

Baina aldaera horien gainetik, onartu du talde zurigorriak badituela urtez urte mantentzen diren ezaugarriak. «Egia da azken urteetako joerari eusten diotela. Abantaila egoerak sortzen dituzte aurkariaren arean, goian estutzen dutenean oso ongi egiten dute, baina atzean babesten denean ere badakite ongi egiten, trantsiziorako oso jokalari onak dituztelako, gainera. Berdin du Williamstarrak egon edo ez. Baloi geldian ere oso indartsuak dira, bai erasoan eta bai defentsan».

Azken batean, eta sailkapenean bi puntuko tartea besterik egon ez arren, gakoa detaile txikietan egongo dela nabarmendu du. «Zenbakiek erakusten dute etxetik kanpo ongi lehiatzen duen taldea garela. Baina biharkoa desberdina da. Beti esaten dugu, derbi batera talde bat edo beste une onean iritsi arren, edo taldeen artean puntu tarte handia egon, derbiak beti parekatu egiten direla. Bihar berdin. Detaile txikiak izango dira erabakiko dutenak. Are gehiago San Mamesen, bertan jokatzea beti zaila delako, derbia izan edo ez».