INFO

Zabalza oroitu dute Altzan, Donostiako Udalari «agente aktiboa» izatea eskatzearekin batera

Larunbat goiz honetan Mikel Zabalza gogoratu dute Altzan. Azken urteetako pausoak «baikorrak» izan direla esan dute, baina oraindik bidea dagoela urratzeke. Azaroaren 30ean Donostiako Udalak plaka bat jarriko du Zabalzaren omenez, eta judizialki ere «agente aktibo» izateko galdegin diote.

Idoia Zabalzak, Mikelen arrebak, eskerrak eman dizkie bidalgun guztiei. (Maialen Andres | FOKU)

Beste urte betez, Altzan dagoen Mikelen Txokoan elkartu dira Mikel Zabalzaren senide eta lagunak bere heriotzaren 39.urteurrenean. Azken urteetan maila instituzionalean Zabalza Estatu indarkeriaren biktima aitortu izana pauso «baikorra» dela azaldu dute, baina «erantzunkizun politikoa dutenek gezurretan» jarraitzen dutela salatu dute, eta erantzule politikoei ardura hartzeko eskatu diete.

Lagunez inguratutako omenaldia izan da, bertso, kantu eta lore eskaintzaren artean bildu dira ehun lagunetik gora, eta Zabalzaren arreba Idoia Zabalzak ere hartu du hitza. Lehenik eskerrak eman dizkie bidean lagun izan dituzten guztiei, eta, bigarrenik, dei bat egin die: azaroaren 30ean Donostiako Udalak plaka bat jarriko du Intxaurrondon Zabalzaren omenez, eta 12.00etan egingo den ekitaldira bertaratzeko dei egin du. «Beste pauso garrantzitsu bat da, gure herriaren memoria gordetzea, gure herriaren historia zabaltzeko eta kontatzeko, gure herrietan hedatzeko horrelako euskarriak zabaltzea. Eta mesede bat, zaindu dezagun guztion artean oroigarri hori, kalean mantentzen dela bermatzeko».

«Dagoeneko Mikel biktima gisa aitortua izan da Donostian, EAEn eta Nafarroan. Estatuko polizia indar biktima izan dela argi dago, ez soilik jendartean eta maila politikoan, baita instituzio mailan ere», adierazi dute Mikel Zabalza Herri Ekimena taldekoek, eta hilaren 30ean Udalak egingo duen ekimena ere gogoratu dute. Hala ere, Udalari «oraindik aktiboagoa» izateko dei egin diote: «39 urte hauetan bi mozio onartu baditu ere, agente aktiboa izateko konprimisoa har dezan baita judizialki ere».

«Egia faktikoa hasieratik ezagutu dugu, egia sozial eta politikoa beti presente egon da eta gaur egun oso zabaldua dago; euskal instituzioen aitortza dugu orain. Baina beste osagai bat falta dugu: erantzukizun politikoa dutenek gezurrean enrokatuta segitzen dute. Espainiako Gobernuak eta PSOEk ez dute egia aitortu, ez dute barkamenik eskatu», gehitu dute, eta erantzunkizuna eskatu.

Torturatuen aitortza

Gaineratu dute «kontrakoa» egin dutela indar politiko horiek. «Tortura eta torturatzaileak babesten eta goraipatzen» jarraitzen dutela esan dute, eta Gasteizen urriaren 12an Guardia Zibilak egindako desfila gogoratu dute. «Euskal jendarteak torturatzaileak normalizatzea dute xede», adierazi dute.

Marisol Garmendia espainiar Gobernuaren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkariaren adierazpenak ere mahai gainean jarri nahi izan dituzte, «mingarriak» izan zirela gogoratuz. «Soilik biolentzia mota bat eta haren erantzuleak aipatu zituen, baina Espainiako Estatuak eragindako biolentzia eta haren erantzuleak aipatu izan balitu, giza eskubieen urraketa Euskal Herrian oso zabala izan dela onartu beharko zuen», zehaztu dute. «Mikel, Idoia, Jon eta 5.000 torturatu baino gehiagok erakusten duten bezala».

Garmendiaren beraren adierazpenak moldatu dituzte, «biktima guztientzako eskubideak» aldarrikatuz, eta amaieran baieztapen batekin borobildu dute: «Zentzu honetan, PSOEk ere, zor historiko ikaragarria du herri honekin».

40.urteurrena

Datorren urtean beteko dira 40 urte Zabalza hil zutenetik, eta Altzako lagunek Orbaizetako lagunekin batera urteurren borobilerako hainbat ekimen prestatuko dituztela aurreratu dute. Orbaizeta eta Altza lotuko dituzte, «Mikelek egin bezala»; urte osoko programazioa egitea dute buruan, eta bi plataformentzako zein Zabalza gogoratzeko bidean «mugarri izan daitezkeen uneak» bilatuko dituztela esan dute. «Gure ekimenek auzolana dute oinarri, beraz erne egon zaitezte datozen hilabeteetan deituko ditugun bilkuretara», esanez amaitu dute.