INFO

130.000 haurrek 50 egun daramatzate Gazako iparraldean elikagai eta botikarik jaso gabe

Gazako iparraldean dauden 130.000 haur inguruk 50 egun daramatzate laguntza humanitariorik gabe, ura, elikagaiak eta botikak jaso gabe, Save the Children erakundearen arabera.

Emakume batzuk beren haurrekin Jabaliatik ihesi, Gazako iparraldean. (Omar AL-QATTAA | AFP)

130.000 haur inguruk isolatuta jarraitzen dute Gazako iparraldean Israelgo Armadaren erasoen ondorioz, laguntza humanitariorik gabe eta ura, elikagaiak eta botikak jaso gabe, Save the Children erakundeak salatu duenez.

«Gazako iparraldean bizi den egoera ez da egokia gizakien superbibentziarako; badakigu 10 urtez azpiko 130.000 haur daudela egoera horretan harrapatuta. Ez dira ahaztu behar, gainera, adin horretatik gorako haurrak eta haien familiak», ohartarazi du Jeremy Stoner erakundeko zuzendariak ohar batean.

GKEak salatu du zazpi aste daramatzala 5.000 elikagai pakete banatu eta produktu medikorik banatu ezinik, eta Kamal Adwan ospitaleari, zerrendaren iparraldean oraindik partzialki funtzionatzen duen bakanetakoari, etengabe eraso egiten diola Israelgo Armadak, haren hornidurak izugarri jaitsi direlarik.

NBEren datuen arabera, Israelek ukatu egin zion urrian Gazako eremu horretara bideratutako misio humanitarioen %85 sartzea; 98 bidalketetatik 9 bakarrik sartu ziren.

Stonerrek nabarmendu duenez, «Gazako gerra haurren aurkako gerra bat da», eta oraintsuko datuek hori berresten dute, 17.000 haur baino gehiago hil baitira ia 14 hilabeteko erasoaldian.

«Gazan hildako gisa egiaztatutako 10 pertsonatik 4 baino gehiago haurrak dira. Horietatik gehienek 5 eta 9 urte bitartean dituzte», gaineratu du NBEk berriki egindako txosten bati erreferentzia eginez. Gainera, 44.200 hildakoetatik ia %70 haurrak eta emakumeak dira.

Bestalde, Save the Childrenen arabera, hildakoen %44 10 urtetik beherako umeak dira.

Israelgo Armadak itxita dauka Gazako iparraldea joan den urriaren 6tik eta horren ondorioz gaixoen lekualdaketa, herritarren mugimendua eta laguntza humanitarioa mugatu du, bizitegi-guneak eta etxebizitzak etengabe bonbardatzen dituen bitartean.

Ordutik, 2.500 pertsona baino gehiago hil dira eta 6.000 zauritu, Gazako Defentsa Zibilaren datuen arabera. Israelgo Gobernuak argudiatu duenez, Gazako iparraldean setio militarra egiten ari da Hamaseko milizianoak eremu horretan berriz elkartu ez daitezen.