‘Irakurketaren aldeko manifestua’, Fernando Reyk euskaratutako Irene Vallejoren lana
Irene Vallejok idatzi eta Fernando Reyk euskaratutako ‘Irakurketaren aldeko manifestua’ aurkeztu du Pamiela etxeak, «bizi garen abiadan gezur puztuek eta informazio ezegokiek argitasunik gabe gaituzten egunotan» berriz ere liburuari hel diezaiogun baliabide gisa eta «miraria salba dezagun».
Irene Vallejoren ‘Irakurketaren aldeko manifestua’ euskarara ekarri du Fernando Reyk, Pamiela argitaletxearekin. Astelehen honetako aurkezpenean azaldu dutenez, Filologia Klasikoan doktorea den zaragozarrak landu izan dituen gaien sintesi bat dakar saiakera txiki honek. Bederatzi puntutan deskribatzen du zergatik den garrantzitsua irakurketa, noiz eta ziztu bizian goazen aldi honetan, gezurrak eta informazio ezegokiak etengabe jasoz.
Lander Majuelo editoreak argitu du hau ez dela kultura hutsalki aldarrikatzeko liburu bat, baizik eta azken puntuan dioen bezala, ‘salba dezagun miraria’ dei egiten duen mamiz jantzitako lana. «Batzuetan iruditzen zait kultur mundu ofizialetik, akademiatik, kulturaren glorifikazio huts bat egitera jotzen dela, berez ona balitz bezala. Baina liburuak irakurtzeak ez gaitu salbatu. Munduak nahiko aldrebes funtzionatzen du. Ez da kasu honetan Irenek egiten duena».
2021ean ‘Infinitua ihi batean’ plazaratu zuen Pamielak, hura ere Reyk euskaratua. Vallejoren ‘El infinito en un junco’ 2019an atera zen gaztelaniaz eta arrakasta handia izan zuen. 2020an Espainiako Saiakera Sari Nazionala eskuratu zuen. Medikuntza eta Kirurgia ikasketak izan arren, 1980ko hamarkada bukaeratik Nafarroako administrazio publikoan itzultzaile dabilen iruindarrak adierazi du gutxitan gozatu duela hainbertze itzulpen batekin. «Sekulako oparia izan zen, asko ikasi nuen. Zoragarria iruditu zitzaidan idazteko modua, saiakera bat da ez adituentzat baizik eta edozeinentzat. Nolako sentsibilitatea duen Irenek, nola maite duen liburua. Esperientzia zoragarria izan zen. Irene bera ezagutu nuen eta lagun onak gara egun».
Liburu haren ondotik, 2020an, Espainiar Editoreen Federazioak manifestu hau idazteko eskatu zion Vallejori, eta «dotoreziaz» idatzi zuen saiakera txiki bat. «Plazer hutsagatik irakurri nuen, gustatu zitzaidan, eta Pamielari proposatu nion: ‘Nahi baduzue euskaratuko dut’. Estilo zainduan idatzia dago, berriz ere iraganeko eta egungo erreferentziak nahastuz».
Irakurtzeak ez gaitu berez hobeak egiten, baina...
«Irakurketak eta liburuak ez gaitu berez pertsona hobeak egiten, baina bizitzan eta gizartearen osasunean babes izan daiteke, salbatzaile, sosegu, utopiaren transmisore... Gaur egungo gizarte azeleraturako antidoto izan daiteke, adimenerako gimnasia, irudimenaren pizgarria», agertu du itzultzaileak.
«Beharbada, gonbita egiten digu gure zilborrari begira ez egoteko», erantsi du. «Errealitatea beste begi batzuekin ikusteko aukera eskaintzen digu, norbere ideia eta sinesmenetatik atera eta besteen ikuspuntuez jabetzeko. Norbere buruaz zalantza egiteko».
Ate batzuk irekitzen ahal dizkigu irakurketak, beraz.
Liburua bidaiatzeko aukera zoragarria ere bada, mugitu eta kutsatu gabe. «Beste toki batzuetara, beste pertsona batzuen buru-bihotzetara joan gaitezke eta hori oso inportantea da pertsonaren eta gizartearen osasunerako».
Erran duenez, liburu laburra da, goxoa, mamiz ongi betea, eta «oso tresna inportantea izan daiteke ohartzeko nolako baliabide egokia izan daitekeen irakurketa».
Humanizatzailea
‘Irakurketaren aldeko manifestuak’, Irene Vallejoren obra osoak bezala, «oso mezu humanizatzailea du, kulturaren demokratizazioaren aldekoa. Beti goresten du txikien handitasuna eta ahulen indarra. Hori bultzatu beharra dagoela dio literaturaren bidez», azaldu du Fernando Reyk.
Vallejo pozik dago euskaratu dugulako. Nahiko luke aurkezpenean egotea, baina ezin izan du. «Poztekoa da Irenek hizkuntza txikiei dien maitasuna eta itzultzaileekin beti erakutsi duen abegikortasuna», eskertu du itzultzaileak.