Goaz, bost hamarkada luze antzerkia euskaraz egiten amateur alorrean
Goaz konpaniak 50 urteko ibilbidea egin du. Euskal Herrian talde amateur bakarra da. Belaunaldiz belaunaldi, antzerkigintzarekiko eta euskarakiko konpromisoa erakutsi dute. Musutruk. Aisialdia kulturgintzari eskainiz.
1974ko iraila da. Debako Gazte Elkarteak aurreko belaunaldiek antzerkiarekin izan duten lotura berreskuratu nahi du. Goaz taldea sortuko dute. Antzerkia eta euskara izango ditu ardatz.
«Debako herria beti izan da antzerkizalea, gure aurretik ere egon ziren taldeak. Gure artxiboan badaude garaiko Itziarko eta Debako taldeen argazkiak, 8-10 urte bidea egin zuten. Baina hori dena galduta zegoen. Zeozer egiteko beharra ikusi genuen. Lukax Dorronsorori –Ataun utzi eta Deba bizitoki egin berria– eskatu genion zuzendaritza hartzeko. Mila Idiakez, Gilermo Urkiza eta Martin Idiakez elkartu ziren eta urtebete beranduago taldea sortuta zegoen», zehaztu du Karlos Larramendik. Bera da, Josu Iriondorekin batera, Goaz antzerki taldeko kide beteranoena. 46 urte daramatza lehenak, 47 bigarrenak. Erraz esaten da.
Hastapenetan Pierre Larzabal eta Daniel Landart bezalako idazleen lanak taularatu zituzten: ‘Senperen gertatua’, ‘Hil biziak’ eta ‘Xuri gorria’.
Idazleei omenaldiak egiten hasi ziren ondoren. «Hainbat hilda zeuden eta berreskuratu egin genituen Lukaxi esker. Emanaldi mordoska egitea lortu genuen», dio Larramendik. Bilaketa lana eskatzen zuen. «Lukaxek antzerki munduan jende asko ezagutzen zuen. Iparraldearekin ere lotura handia eduki du. Lauzpabost proposamen ekartzen zituen eta haietatik bi aukeratzen genituen. Moldaketa zetorren gero. Goazek egin dituen obra denak moldatuak dira», azaldu du.
Peter Robertsek ere bere aztarna utzi zuen geroago. «Mimo ikastaroa eskaini zuen gure lokalean bizpahiru hilabetetan. Berarekin beste salto bat eman genuen, ordura arte gorputz espresioa ez genuen lantzen». ‘Leherketa nuklearraren pantomina’ da garai hartako lana.
‘Gernika’
‘Gernika’ antzezlanak markatu zuen antzerki konpainiaren hurrengo aldia. «Hura estreinatu baino pare bat urte lehenago sartu nintzen taldera. Pausu handia izan zen taldearentzat. Kide berriak taldera sartzen joan ginen eta antzerkia modu desberdinean ikusten genuen. Obra klasikoak egitetik lan berri bat egitera pasa ginen. Xabier Mendiguren Elizegiri, adibidez, eskatu egin genion Pernando Amezketarraren inguruko obra bat idazteko. ‘Pernando bizirik hago’ izan zen emaitza. Hamabi pertsona ginen taldean eta denontzat egiteko enkargatu genion. Pello Zabala familiakoa da eta garaiko diapositibak eskatu genizkion. Oso polita izan zen, 52 saio egin genituen», gogoratu du.
«Izugarria izan zen. Esperientzia positiboa izan zen guretzat. 30 emanaldi inguru egingo genituen... Azpeitian eta Bilbon sari bana jaso genuen. Sasoi hartan ez zegoen talde profesionalik, geroago sortu ziren», jarraitu du.
Alfonso Sastrek kartzelan idatzitako ‘Ahola no es de leil’ ere taularatu zuten euskaraz, ‘Ez da pale egiteko oldua’ (1986).
Antzerki modernoranzko pausuak ematen ari ziren. Jose Martin Urrutia Txotxeren ‘Zubi gizakiak’ da beste adibidea. «Migrazioa zen gaia, gaur egun bizirik dago obra», dio Larramendik.
Lukax Dorronsoro konpainia utzi
Goazekoek ez daukate ahazteko urte luzez Lukax Dorronsorok taldeari eman diona. Euskal antzerkigintzan errefente, 93 urte beteta, taldea utzita dauka nahiz bera gabe ez duten konpainia ulertzen kideek. 2014an utzi zuen taldea. «Luis Mari Agirrezabalak ardura hartzea pentsatuta genuen baina minbiziaren ondorioz urtebetera hil zen. Sekulako egurra izan zen guretzat. Goaz umezurtz geratu zen. Lauzpabost kide ginen eta ez genekien nondik abiatu», aitortu du. Obrarik egin gabe egon zen bizpahiru urtez Goaz. 50 urtetan egon den geldialdi bakarra.
2019tik hona aro berria etorri da. Erika Olaizolak zuzendari kargua hartu zuenean indarberritu zen taldea. Taldeak jo zuen berarengana Udalaren bitartez. «2014etik haurrentzako aisialdi ikastaroa ematen du taldeak eta irakasle bezala Erika hartu zuten. Helduentzako ikastaroren bat ere eman zuen Goazekin elkarlanean eta pandemian haurrak utzi eta Goazenen zentratu zen». Amaia Arotzenaren hitzak dira. Belaunaldi berriko kidea, Erika Olaizolarekin batera sartu zen konpainian.
Antzerki Eskola martxan izateaz gain, Debako Antzerki Astea antolatzen dute urtero. 38 edizio egin dituzte. Baita Fokupean jaialdia ere. 2023an sortu zuten. «Duela lau urtetik Goazeko emakumeok antolatzen dugu emakumeon lana oholtzeratzea asmoz. Bi jaialdi egin ditugu eta bietan Debako sortzaileak elkartu eta pieza egin dugu. Lehenengoan aktuazio solteak ziren eta bigarren edizioan denok elkarrekin sortu dugu obra. Zazpi emakume elkartu ginen eta ama eta alabaren arteko harremanaren inguruko performancea da. Dantza, kantua, poesia eta antzerkia biltzen ditu. 40 minutuko obra da. 2023tik bederatzi emanaldi egind ditugu eta Zumaia, Irurtzun, Abadiño eta Lazkaon aritzekoak gara», argitu du Arotzenak.
Gainontzean, urtean zehar herrigintzara bideratzen dituzte indar gehienak. «Beste eragileek aurrera atera nahi dituzten proiektuetan –Arimen Gaua dela, Inauteriak, Kalderoak, Gabonak...– parte hartzen dugu. Horrez gain eszenatokia eta materiala (argia, soinua, oihalak...) badaukagunez erabiltzeko eskaerak jasotzen ditugu herriko eragileen aldetik. Gehienak dirua ateratzeko ekimenak izaten dira eta talde profesional batengana jotzen badute ez dute irabazirik izaten», esan du Larramendik.
Aretorik ez
Debak antzoki gabezia aspalditik eta horrek asko baldintzatzen du Goazeko lagunen jarduna. Batetik, programaziorik eza. «Ezin dugu edozein antzezlan egin guk, ezta edo edozein talde profesional ekarri ere. Antzerki Astea ederra da, antzerki asko ikus dezakezu egun horietan, baina gainontzeko hilabeetan ez dago ezer. Zubeltzu, frontoia –ez du akustika onik– eta udan karpa –ez da egokia, errepideko trafikoaren zaratagatik– erabili ditugu baina ez dira egokiak. Azken urteotan Musika Eskolako aretoan ari gara. 70 pertsona sartzen dira bertan», argitu dute.
Azpiegitura txukuna izatea da Udalari luzatzen dioten eskaera nagusia. «Areto falta da egunerokoan gehien eragiten diguna. Dirua baino azpietura, horiei lotuta daude lan baldintzak, eta balorazioa eskatzen ditugu. Oraintxe bertan guztiz abandonatuta gaude», dio Arotzenak.
«Aste Astea antolatzearen gastuak kubritzeko dirulaguntza ematen du Udalak. Azken urteotan hitzarmena daukagu, lehen ez geneukana. Talde profesionalak enpresak dira baina gu paper kontuetan gauza askotan galdu egiten gara», zehaztu du Larramendik.
Zirkuituaren gabezia
Zirkuiturik eza da beste eragozpenetako bat. «Daudenak talde profesionalentzat dira. Obra bat prestatu eta Udalek programatzeko harremanetan jartzen garenerako programaziotik kanpo geratzen gara. ‘Urtea beteta daukagu’, da erantzuna», kontatu du Larramendik.
Arotzenaren esanetan «antzerki amateurrarekiko badago aurrejuzkua. Batetik, gure gauzetan gabiltzan heldu talde bat garela uste dute. Eta horri lotuta udal askotan badago talde amateurrak kontratzeko beldurra edo gaitzespena».
Duela astebete Lezon Antzerki Amateur Topaketak egin dira eta lehen pausuak emateko borondatea agertu dute bertan bildutakoek. «Ea elkarrekin saretuta zerbait lortzen dugun», diote.
Dokumentala
Bost hamarkadako ibilbidea jasoz dokumentala ondu dute. Jon Amutxastegi arduratu da ‘50 urte eta bagoaz’ filma zuzentzeaz. Aroa Fernandez izan du laguntzaile.
«Ardatza bost elkarrizketa dira, taldeka, aro desberdinetako partaideekin eginak. Artxiboa nahiko potoloa daukagu eta irudi zahar ugari ere sartuko ditugu. Gazteok ez dakigu ia ezer taldearen historiaz eta kristoren pena da galtzea. Gertatu dena berreskuratu eta gordeta gera dadin erraminta polita iruditu zaigu dokumentala», dio Arotzenak.
Azken obrarekin biran dabiltzanez Lezora joan ginen egunean grabaketa egin zuten dokumentalerako. «Furgoneta nola kargatzen dugun, emanaldi batek suposatzen duen guztia, hori ere erakutsi egin behar da», azpimarratu du Larramendik.
«Kide burugogorrak»
Gogoa eta borondatea, jakina. Beste zer behar da 50 urtez aritzeko? «Pertsona burugogorrak behar dira taldean. Heldu eta askatuko ez dutenak. Pertsona horiek dira estandarteak. 50 urte irauteko arrazoia, une honetan, 47 eta 46 urte daramatzaten Josu eta Karlos dira. Eta erreleboa, noski. Goaz erreferentea da herrian. Mugituak diren herritarrak noizean behin gertaturatzen dira ikastaro bat daukagula... gerturaten dira eta nahi dute parte hartu gure saltsan», esan du Arotzenak. «Beti esan izan dugu pertsona burugogorrak behar direla taldean», berretsi du Larramendik.
Pertsonalki Goaz eurentzat zer den galdetu diegu. «Familia eta bizitza. Soldadutzatik etorri nintzenetik Goazenen nago, beraz bizitza osoa. Gaur egun taldea gabe ez nuke jakingo bizitzen. Aldaketa kristorena izango litzateke niretzako. Ni baserritarra izanda euskara galduta neukan eta hizkuntza indartu eta berreskuratzen ere lagundu dit taldeak. Soldaduzkan euskaraz egiteagatik kalabozoan egondakoak gara...», adierazi du Larramendik.
«Debarekin lotzen nau Goazek. Herri mugimendura lotuta banago Goazegatik da. Jende pila bat ezagutu dut, eta Deba ulertzeko modu hori edukiko dut bizitza osorako». Antzerkiak berak ere eman dit kulturalki Euskal Herrira lotzeko beste modu bat. Sortzen diren proiektuak ezagutzera goaz. Noski, taldekideak ezagutu ere bai», azaldu du Arotzenak.
Herritarrengandik babesa sentitzen dute. «Gure obren estreinuetan beti dago aretoa beteta. Zertan ari garen ikusteko gogoa dago herrian. Oso baloratuak sentitzen gara. Zeozer egiten dugun bakoitzean jasotzen dugun feed-backa beti izaten da oso positiboa», Arotzenaren esanetan.
Eman, asko. Kendu? «Oso lotua da, nahiz entseguak eta gutxiago egiten ditugun orain. Ordu asko kentzen dizkizu baina gogoa daukagu eta... Gaur egun argiak, soinua, eszenarioa.. dena munttuta dago baina hasi ginenean gure emanaldien %90a frontoietan zen. Beharrezko gauza guztiak geuk muntatu behar genituen. Hala ere, gustura bueltatzen ginen herrira. Euskal Herria ezagutu dugu. Existitzen zirenik ez genekien leku askotara joan gara, ez dugu kontatu zenbat herrietan izan garen... Iparraldean ere 10-15 emanaldi egin ditugu. Gaur egun igual lotura txikiagoa da. Amaiak eta ez dute askorik ezagutu, baina guretzat garrantzitsua izan da emanaldiaren ondoren afaritxoa egitea. Muntaketan eta emanaldian egoten ziren tentsio asko moldatzen genituen; beharrezkoa zela ikusten genuen», aitortu du Karlos Larramendik.