Greba Feministaren urteurrenaren bezperan: «Pilota zuen teilatuan dago»
Greba Feminista Orokorraren urteurrenaren bezperan, erakunde publikoei dagokien ardura har dezatela exijitu die Denon Bizitzak Erdigunean plataformak Iruñean eta Gasteizen egindako ekimenen bitartez: «Pilota zuen teilatuan dago, hartu ardura!»
‘Denon bizitzak erdigunera’ lelopean, 2023ko azaroaren 30an milaka herritar kalera atera ziren Greba Feminista Orokorrera batuz. Mugimendu feminista euskal gobernuei mahai interinstituzionala eskatu zien, baina, urtebete geroago, ernatzunik gabe jarraitzen dutela salatu dute ostiral honetan.
Urte gehiago daramatza, ordea, Mugimendu Feministak zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatzen eta zaintzarekin negozio egiten dutenak zuzenean interpelatzen.
Nafarroako Foru Jauregian eta EAEko Lehendakaritza eraikinean egindako ekimenen bitartez, «pilota gobernuen teilatuan dagoela» azpimarratu dute eta egungo Euskal Herriko zaintza erregimena baliagarria ez dela salatu dute berriro ere.
«Euskal Gobernuetan dauden alderdi neoliberal ultrakontserbadoreek, zaintza lanekin negozioa egin dute eta negozioa egiten jarraitzen dute langileen zein erabiltzaileen bizkarrera. Azken hogei urteetan, sistematikoki pribatizatu dituzte ahal izan dituzten zaintza-zerbitzu publiko guztiak, enpresa lagunen eskuetan jartzeko eta horietatik milioi askoko etekinak ateratzeko, zaintzaren kalitate eza eta langileen lan-baldintzen kontura. Izan ere, pribilegio posizioetatik, botere ekonomikotik, erakunde publikoetatik, enpresa pribatuetatik, gizontasunetik, zuritasunetik… zaintzaren erantzukizunari uko egiten zaio sistematikoki», adierazi dute.
Horregatik, «zaintza eskubide kolektibo bilakatuko duten neurri eraginkorrak» behar direla aldarrikatu eta erakunde publikoei dagokien ardura har dezatela exijitzen jarraituko dutela nabarmendu dute: «Utzi iezaiozue zaintzarekin negozioa egiteari! Bizitza erdigunean jarriko duten politika publikoak eta urgentziazko egoerei berehalako erantzunak ematea behar dugu».
«Bizitza erdigunean jarri nahi dugula diogunean, guztion bizitzak sostengatzen dituzten jardueren kontrolaz eta demokratizazioaz ari gara. Zaintza erantzukizun kolektiboa izan behar da, eta zaintza-sistema berriak bizitza sortzen den eremu guztiak egituratzeko gai izan behar du. Gizonek, ardura berezia daukate, ez zaintzeko pribilegiotik mugitu eta ardura kolektiboen alde posizionatuz. Pasibotasunak ez digu balio, eraldaketa emateko bidea orain eta hemen behar dugu», gehitu dute.
Larunbat honetan, azaroaren 30ean, Euskal Herriko hiriburu, eskualde eta herri ezberdinetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute: Bilboko ‘Zaintzen Herria’ mobilizazioetan, Gasteizko kalejiran, Iruñeko topaketetan, Donostiako elkarretaratzean zein Arabako eta Gipuzkoako gainontzeko eskualdeetan egingo diren mobilizazioetan.