INFO

Kilian Bronek mendiko bizikleta muturrera eraman du Dolomitetara

Rider frantziarrak 52 minutuko ‘Dolomitas’ dokumentala aurkeztu berri du. Bron akatsik onartzen ez duen erronka teknikoan eta mentalean buru belarri aritu da. Praktika horri «librean eginiko bakarkako jarduera» deitu dio.


‘Dolomitas’ pelikulak ertz oso interesgarriak zein anitzak ukitzen ditu. Muturreko mendiko bizikletaren irudiek indar handia hartzen dute, baina protagonista, Kilian Bron, ez da gai horretan soilik mugatzen. Ez, introspekzioari ere ateak zabaltzen dizkio. Horren isla da hamaikagarren minutuan egiten duen hausnarketa: «Nire beldur nagusia da publikoak ez ote nauen ikusiko zakur amorratu bat bezala. Hortaz gain, pentsa dezake arriskuak hartzen ditudala ondorioak kontuan hartu gabe. Irudiak bost segundotan epai ditzakete, baina jendeak ez daki hau guztia hamabost urtean eraiki dudala».

Bronek eskarmentu luzea du kirol disziplina horretan. Muturreko zailtasunak dituzten bidexka ederrak zein paregabeak bizikletarekin jaitsi ditu. Kasu askotan, Dolomitek dituzten «kale» estuak bezalakoak; akatsik onartzen ez dutenak. Eta hori guztia honako hitzekin definitu du: «librean eginiko mendiko bizikleta».

‘Dolomitak’ biribildu ahal izateko, rider frantziarrak entrenamendu fisiko eta mental gogorrak aurrera eraman ditu. Eta jasotako eskarmentu horrek jaitsiera arriskutsuak eta zailak egiteko parada eman dizkio. Dolomitak oso aproposak dira mendizaleentzat eta eskalatzaileentzat; ez, ordea, mendiko bizikletan ibiltzen direnentzat. Kontuan hartu behar dugu mendi horiek oso harritsuak direla.

Baina Bronek berak dioen bezala, hamabost urte behar izan ditu oinarri oso finkoak dituen bidaia berezi hori egiteko. Dokumentalak dituen 52 minutu horietan, irudi harrigarriak ikusteaz gain, protagonistak beste arlo batzuk jorratzen ditu: bere taldearen aurkezpena, mendilerroaren historia eta geografia… Era perfektu bat da izaera horretako pelikula batek duen energiaz eta zehaztasunaz jabetzeko.

Abentura humanoa

Protagonistak argi utzi nahi izan du pelikularekin mendiko bizikleta barrutik azaltzeko lan handia egin duela: «Hori da publikoari erakutsi nahi diodana, eta horregatik atal berri bat zabaltzen dut. Barne bidaia horretan hausnarketari tartea egiten diot; baita historiari eta naturari ere. Hitz gutxitan esanda, dokumentala irudi ikusgarriak baino askoz gehiago da; izan ere, kirolean oinarritutako abentura humano bat da. Erabateko konpromisoa eskatzen duena».

Bronen taldeak lan eskerga egin behar izan du Dolomitetan leku ikaragarriak aurkitzeko. Besteak beste, Bivacco de La Pace aurkezten digu, ertzen artean isolatuta dagoen harkaitz dotorea. Ondoren, Broni berari egokitu zitzaion xenda ikusgarrietan eta arriskutsuetan filmatzea. Horietako bat da XXL neurriko harlauza tentea.

Frantziarrak onartu du filmaketaren zatirik zailena izan dela. Eta horrekin batera, ertz zorabiagarri bat; non amildegiak ia erantsi egiten duen: «Amildegi horretatik oso-oso gertu jaitsi nintzen; bi orduko lana izan zen. Batzuetan, Dolomitetako urrutiko leku batera heltzeko bost ordu behar dituzu, eta, ondoren, pentsatu behar da lehenbiziko irudia zein izango den. Asko eskatzen duen prozesu luzea da, eta horrek dokumentalari nortasun sendoa ematen dio».

Horrekin batera, Bronek azaldu du lehen urratsa egin baino lehen, hamabost urte eman zituela gai asko mamitzen eta finkatzen. Horrekin esan nahi du Dolomitak «otzandu» aurretik denbora asko egin zuela jardun behar zuen «jokalekua» behatzen eta aztertzen: «Jaitsiera guztiak muturreko xehetasunarekin prestatu nituen. Nik oso argi dut: segurtasunak lehentasuna du. Horregatik, abentura honetan nire taldeak berebiziko lana egin du. Irudi onenak hartzeaz gain, nire segurtasuna bermatzen saiatu da».

Azkenik, Bronek beste arlo bat jorratu nahi izan du ‘Dolomitas’ dokumentalean: turismo arduratsua. Gai hori aztertzeko, Tre Cimen dagoen Carducci izeneko aterpearen zaintzailearekin, Bepirekin, hitz egiten du. Bepik ingurumenarekin arduratsua den turismoa bultzatzen du, eta irteera gidatuak eskaintzen ditu bertako flora eta fauna ezagutzeko helburuarekin; betiere, masa turismotik aldenduta. Hain zuzen ere, ikuspuntu horrek bat egiten du rider-ak duen iritziarekin: «Kirol jarduera bat egiten dut, baina nire helburua mezu sakonak helaraztea da. Horregatik, hitzaldi baten ostean ikusleari tartea eskaintzen diot galderak egin ditzan. Komunitate horrekin lotura erreal bat lortu nahi dut».